Lehengoan erori gabe

Denboraldia gaur bertan amaitu nahi du Realak, Sevillaren zelaian gutxienez puntu bat lortuta

Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Realak ez ditu huts berberak egin nahi. Bartzelonari irabazteko, barrenak hustu zituzten jokalariek eta zaleek. Garaipenarekin batera, lasaitasuna etorri zen. Gehiegizko lasaitasuna, dena —edo zailena, behintzat— eginda zegoen irudipena zabaldu zelako. Valentziako porrot gogorrak eta aurkari zuzenen emaitza onek ataka estuan jarri zuten beste behin Reala, eta Zaragozaren aurka hiru puntu lasaigarri lortu arren, taldeak ez du lo hartu nahi. Soka lepoan izan ez duenean, kosta egin zaio Realari berea ematea. Aurrerapauso handiak emateko aukera ugari galdu du joera horren erruz, eta ez du gauza bera egin nahi orain.

Badaki taldeak probabilitatea bere alde duela. Badaki hondamendia beharko lukeela jaisteko, eta gerta litekeela galduta ere gaur gauean erabat salbatuta egotea. Baina argudio horiei entzungor egin behar die, badakielako ezohiko denboraldia izaten ari dela eta jaisteko azken postua saihesteko borrokan dabiltzan taldeek puntu kopuru handia bildu dutela. Are gehiago, duela jardunaldi bat edo bi etxeko lanak eginda zeuzkatela ziruditen zenbait talde Realaren azpitik daude orain. Oso ona izango litzateke Getaferen aurkako partida taldean jarraituko ez duten jokalariak agurtzeko eta helburua ospatzeko tramite hutsa izatea.

Horretarako, mailari matematikoki eusteko, Realak aukera seguru bakarra du: Sevillari irabaztea. Ez da erraza izango, Europako Ligarako postuetan dauden arren andaluziarrek ere ez daukatelako ezer ziurtatuta. Gainera, Valentziak bezala, Real Madrilen eta Osasunaren aurka galdu berri dute; jipoia hartu zuten batean, eta eskuan zituzten hiru puntu galdu bestean. Beraz, zaleen aurrean ordaina hartu nahiko dute. Realarentzat ona da berdinketa, baina sekulakoa izango litzateke helburua hiru puntu eskuratuta lortzea, beste emaitzen zain egon gabe.

Etxetik kanpo, oso makal

Txuri-urdinek badituzte bestelako arrazoiak balentria egiteko. Bigarren itzulian ezin okerrago aritu dira etxetik kanpo: zortzi partidatan 22 gol sartu dizkiete, eta sei baino ez dituzte sartu eurek. Puntu bakar bat ere ez dute batu. Talde gehienek dituzte zailtasunak kanpoan, baina Lehen Mailan finkatzeko, ezinbestekoa da alor horretan hobetzea. Jokatzeko moduan dauden jokalari guztiak eraman ditu Martin Lasartek Sevillara: 22 guztira, Llorente, Illarramendi eta Cadamuro barne. Tamudo eta Demidov dira Donostian gelditu diren bakarrak, zigortuta dagoelako kataluniarra eta lesioagatik errusiarra.

Sevillak ez du inolako erraztasunik emango, kalitate handia edukitzeaz gain garrantzi handia eman diolako gaurko norgehiagokari. Denboraldi gorabeheratsua izaten ari da. Taula erditik behera ere ibili zen, Realak baino hiru puntu gutxiago lortu ditu etxean, eta gol gehiegi sartu dizkiote, bere denboraldirik onenetan ez bezala. Baina behar adina kalitate du, egun ona izanez gero, ia edonor hankapean ibiltzeko. Erasoan bere baliabideei etekina ateratzen saiatu beharko dute txuri-urdinek. Erne Negredoren bolada gozoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.