Lehengo lepotik dominak

Euskal Herriko ordezkaritzak 22 domina eskuratu ditu munduko goma gaineko sokatira txapelketan. Tartean, selekzioen mailako urrea 580 kiloko mistoetan.

Beti Gazteko kideak podiumean. BETI GAZTE
Beti Gazteko kideak podiumean. BETI GAZTE
Jon Ander De la Hoz.
2024ko otsailaren 12a
16:50
Entzun

Euskal sokatiralariak bolada on-onean daude, eta horren adierazle dira Helsingborgen (Suedia) lortutako emaitzak. Han jokatu dituzte Goma Gaineko Munduko Txapelketak, eta guztira, 22 domina lortu dituzte. Haietatik hamazazpi, taldeen arteko lehian, eta gainontzeko bostak, selekzioen arteko txapelketetan. Euskal Herritik zortzi taldek bidaiatu zuten Europa iparraldera, eta haietatik seik zakuratu dute dominaren bat.

Beti Gaztek lortu du uztarik oparoena. Lesakako (Nafarroa) taldeak munduan islatu du Euskal Herrian egindako distira —federazioaren txapelketa guztiak irabazi ditu aurten, estreinakoz—, eta sei domina eskuratu ditu elkarteen arteko tiraldietan. Ez hori bakarrik, ordea; nafarrek osatu dute euskal selekzioaren bizkarrezurra, eta Euskal Herriak bost domina eskuratu ditu nazioarteko lehian. Tartean, 580 kilokoen kategoria mistoko urrea. Hain justu ere, Beti Gaztekoak izan ziren zortzi sokalagunetatik sei: Eneko Saldias, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai, Amaia Leiza, Ainhoa Ubiria eta Julen Palenzuela. Abadiñoko Galder Gobantesek eta Ibarrako Lander Oterminek osatu zuten zortzikotea.

Euskal selekzioak iaz lortu zuen historiako lehen urrea, eta, orduan bezalaxe, lesakarrak gako izan dira aurtengo lorpenean. Nolanahi ere, Karmele Pikabea elkarteko kideak adierazi du beste taldeen laguntza garrantzitsua izan dela bide horretan: «Laugarren egunean izan zen, eta emakumeak 540 kilokoetan aritu ziren goizean. Goizeko txapelketarako, Ibarrakoei eskaini genien taldea gurekin osatzeko, eta horrek modua eman zigun jendea arratsaldean freskoago egoteko. Euskaldunen arteko laguntza izan genuen, eta ondo ulertu genuen elkar».

Oro har, Pikabeak balorazio ona egin du txapelketaren inguruan. Ez alferrik, orain hurrena jokatutako txapelketan lortutako emaitzak hobetu egin baitituzte Beti Gaztekoek: «Amestu ere ez genuen egiten halakorik lortzekoak ginenik. Egun bat joan eta bestea etorri, markak hautsi ditugu, eta horrek erakusten du zer mailatan aritu garen». Beti Gaztekoak ez dira podiumetik jaitsi Helsingborgen; sei kategoriatan lehiatuta, finala jokatu dute seietan: bost urrezko domina eta zilarrezko bat lortu dituzte.

Suediara abiatu aurretik «zaila» iruditzen zitzaien halako lorpenak erdiestea. Aurten talde gehiago lehiatu dira, «indartsuak», baina beren ahala berretsi dute. Hala, Beti Gazteren elastikoa soinean irabazi dute emakumeen 500 kilokoan eta gizonezkoen 640, 600 eta 560 kilokoetan eta tiraldi mistoetan. Halaber, lesakarrek emakumezkoen 540 kilokoan jantzi zuten zilarrezko domina.

Urte historikoaren ginga

Zenbait urte dira Beti Gazte nagusitasunez ari dela goma gainean, eta, sasoiak igaro ahala, garaikurrak pilatzen ari da. Horren erakusgarri, inoiz baino lorpen handiagoak lortu ditu aurten. Inork sekula egin gabea egin du aurten: Euskal Herriko txapelketaren zazpi kategoriak elkarte berberak irabaztea. Horri gehitu behar zaio munduko txapelketan bildutako garaipen kopuru handia: «Sinestezina da. Nik uste beharko ditugula pare bat egun gure onera bueltatzeko, elkartzeko, eta egindakoaz hausnartzeko. Han zaudela, gomaren gainean egoten zara goiza joan eta arratsaldea etorri, eta uste dut denbora beharko dugula oinak lurrean jarri eta kokatzeko eta egindakoaz hausnartzeko».

Izan ere, sokatiralariek goizean egin dute Suediatik herrirako bidaia. Loiuko (Bizkaia) aireportura iritsi ostean, errepidez Lesakara ailegatu orduko jaso dituzte herrikideen lehen eupadak: «Herritarrek sekulako harrera egin digute, eguraldi txarra eduki arren. Inauteriak dira, eta abestu egin digute. Beti Gazte klubak ere harrera egin digu, eta hagitz polita izan da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.