«Lehengo ilusio bera dugu»

Jokin Aperribaik azpimarratu du Asier Illarramendik taldea utzi izanak ez duela ilusioa apaldu

Jokin Aperribai eta Haris Seferovic, atzo, aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2013ko uztailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Realak atzo aurkeztu zuen Haris Seferovic. Aurrelari suitzarra, ordea, oharkabean pasatu zen ia. Jokin Aperribai presidenteak bereganatu zuen arreta osoa, kazetariek haren presentzia aprobetxatu baitzuten taldearen inguruko hainbat gaiaz galdetzeko.

Jonathan Dos Santos Bartzelonako erdilari mexikarraz galdetuta, presidenteak onartu zuen interesa dutela, eta Bartzelonarekin eta Dos Santosen ordezkariarekin hitz egin dutela, jokalaria Donostiara utzita irits dadin. Hala ere, zehaztu zuen Asier Illarramendik utzitako hutsunea betetzeko «beste aukera» bat dela eta ez dagoela ez itxita ez esaten den bezain gertu.

Illarramendi hizpide izan zen berriz ere. Kazetariek Aperribairiri galdetu zioten ea gertatutakoak ez ote duen taldearen inguruko ilusioa apaldu. Ezezkoan dago presidentea. «Lehengo ilusio bera dugu. Ilusio handia dugu Txapeldunen Ligako atarikoari begira. Edonorekin lehia gaitezke». Mutrikukoarekin gertatutakoa berriz gerta daitekeen beldur ote den itaunduta, argi utzi zuen ez dutela inolako asmorik jokalariren bat saltzeko, «lehiaketa guztiei aurre egiteko ahalmena duen talde» bat izan nahi dutelako. Baikor da. «Indar eta gogo handiarekin ikusten dugu Jagoba, eta bikain diseinatu du orain artekoa».

Seferovic: «Argi izan nuen»

Seferovicek, berriz, esan zuen Realak izan zuela hasieratik hura fitxatzeko interesik handiena, eta hasieratik izan zuela argi. Lehen egunek, gainera, erabaki ona hartu zuela berresteko balio izan diote, «oso gustura» baitago. Bere dohainez galdetuta, aurrelari suitzarrak azaldu zuen «azkarra eta indartsua» dela, «erraz» jokatzen duela, «aurrean edo atzerago», taldeari «laguntzeko». Ez dio bere buruari gol kopururik jarri. Taldearen jokora «egokitu» nahi du lehenbizi. Ez zen urduri jarri Imanol Agirretxek aurreko sasoian sartutako gol kopuruari gogorazi ziotenean. «Pozten naiz, horrenbeste gol sartu zituelako. Horri esker jokatuko dugu Txapeldunen Ligako atarikoa».

Realak bi milioi euro inguru ordainduko ditu, eta zenbait aldagairekin beste milioi erdi ordain dezake. «Lehiakortasuna handituko du erasoan, eta bere balioa handitu», esan zuen Lorenzo Juarros Loren Realeko kirol zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.