Aizkora

Lehendabizi, aizkorak gora

Euskal Herriko Aizkora Txapelketa Nagusiko finala jokatuko dute bihar, Gasteizen. Iker Vicente da irabazteko hautagai nagusia; hirugarren garaipena nahi du nafarrak.

Euskal Herriko Aizkora Txapelketa Nagusiko finala. RAUL BOGAJO / FOKU
Aizkolariak, antolatzaileak eta ordezkariak, herenegun, finalaren aurkezpenean, Iradier Arenan. Joxean Etxeberria falta da. RAUL BOGAJO / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko urriaren 26a
05:00
Entzun

Iker Vicenteren izenak itzala egin du atarian. Bihar jokatuko dute Euskal Herriko Aizkora Txapelketa Nagusiko finala, Gasteizko Iradier Arenan (12:00), eta, Otsagabiko (Nafarroa) kirolariaren ibilbidea ikusita, hura da gailentzeko hautagai nagusia. 

Hain justu ere, Vicentek irabazi zuen 2019an Iradier Arenan bertan jokatutako finala, eta xede berarekin ekingo dio biharko lehiari ere. Euskadiko Herri Kirol Federazioaren lehiako hirugarren txapela nahi du —iaz jantzi zuen bigarrena—, eta, lortuz gero, Donato Larretxearekin berdinduta legoke garaileen zerrendan. 

Nolanahi ere, irabazteko jokatu egin behar da lehendabizi, eta gainontzeko bost aizkolariak gainditu. Aizkorak gora lehendabizi, eta gero gerokoak: «Gustatuko litzaidake irabaztea, eta irabazi behar hori jartzen du jendeak. Ordea, lehen egindakoak ez du balio, eta igandeko ordu horretan egin behar da», esan du Vicentek.

«Gustatuko litzaidake irabaztea. Lehen egindakoak ez du balio, eta igandeko ordu horretan egin behar da»

IKER VICENTE Aizkolaria

Izan ere, ondo zaildutako aizkolari batzuk izango ditu aurkari: Hodei Ezpeleta Bihurri (2021eko eta 2022ko txapelduna), Julen Gabirondo, Jokin Urretabizkaia Basozabal, Joxean Etxeberria eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. 

Azken horrek, Izeta VI.ak, estreinako aldiz jokatuko du maila nagusiko txapelketa. «Ezin dugu irabazi, eta podiuma ere apur bat urruti izango dugu. Joxeani, Jokini eta Juleni gaizki pasarazi nahi diet». 

Lau aizkolari horiek hamabost segundoren tartean sailkatu ziren hilaren 5ean Donezteben (Nafarroa) jokatutako kanporaketan. Vicente gailendu zen orduan (18.11), eta minutu bat baino gutxiagokoa izan zen Ezpeleta bigarrenaren eta Iruretagoiena seigarrenaren arteko aldea: «Kanporaketan ikusi zen Iker kenduta besteok minutu baten barruan sartu ginela, eta lehia estua izango da», aurreikusi du Bihurrik.

«Ezin dugu irabazi, eta podiuma ere apur bat urruti izango dugu. Joxeani, Jokini eta Juleni gaizki pasarazi nahi diet»

ANDONI IRURETAGOIENA, 'IZETA VI.A'Aizkolaria

Kontuan hartu behar da guztien ahala ere. Izeta IV.asalbu, gainontzeko guztiak aritu dira noizbait final nagusian. Iaz ere egin zuten urratsa, baina Basozabal lehiatu ezinda geratu zen, gerriko minez. Aurten bai, «sasoi oneko» agertuko da plazara, probaren atarian azaldu duenez. «Ondo prestatuta etorri naiz ustez, etxean lanak eginda». 

Gabirondoren esanetan, «edonork» izan dezake egun txarra, eta gainontzekoen hutsak baliatzeko funtsezkoa izango da norberak asmatzea.

Txapelketako ohiko lanak

Ohi legez, aizkolariek Euskal Herriko Txapelketan osatuko dituzte urteko lanik mardulenak, federazioaren lehiari dagokionez bederen: launa kana erdiko (54 ontzako enborrak dira), 60 ontzako eta oinbiko (72 ontzakoak) moztuko dituzte. Bihar lehiatuko diren aizkolarien artean Vicentek berak du lan horietako denborarik onena, lehendabiziko txapela jantzi zuenean egindakoa: 37.36. 

«Kanporaketan ikusi zen Iker kenduta besteok minutu baten barruan sartu ginela. Lehia estua izango da»

HODEI EZPELETA, 'BIHURRI'Aizkolaria

Haatik, badirudi zaila izango dela txapelketako marka gainditzea. Anjel Arrospide sei bider txapeldun izandakoak ezarri zuen 1993ko finalean: 29.57. Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a gerturatu da gehien; errezildarrak bost segundo gehiago behar izan zituen 1979an. Hirugarren marka, berriz, 32 minututik gorakoa da.

Finalaren atariko gisa, Bigarren Mailako bigarren kanporaketa jokatuko dute gaur Balmasedan (Bizkaia), 13:00etan. Han lehiatuko dira Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Federazioaren lehiara itzuli ondotik, Lehen Mailarako bidean dira biak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.