«Lehenak izan nahi dugu»

Sei euskal surflari beren kirol ibilbideko erronkarik handienaren aurrean daude: Munduko Txapelketa jokatzeaz gain, aurrenekoz Olinpiar Jokoetan parte hartzea.

Andy Criere, Abanca Pantin Classic txapelketan, Galizian. BAT BASQUE TEAM.
Mikel O. Iribar.
2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Euskal Herriko surflari gazteen belaunaldia ate joka indartsu zetorrela esana zuten batek baino gehiagok, tartean, Ibon Amatriain eta Aritz Aranburu surflariek. Bada, dagoeneko belaunaldi berria fruituak ematen ari da olatu aparretan. Aurtengo Munduko Txapelketan lehiatzeko azken txanpan sartu dira, Aranbururekin batera, beste bost surflari: Leticia Canales, Nadia Erostarbe, Garazi Sanchez, Ariane Otxoa (Bilbo, 1998) eta Andy Criere (Donostia, 1995).

Txapelketa maiatzaren 29tik ekainaren 6ra bitarte jokatuko da, El Sunzal eta La Bocanako hondartzetan, El Salvadorren. Aurtengoak, ordea, balio bikoitza izango du, eta inoiz baino bereziagoa izango da, Otxoa eta Criereren esanetan. Hain zuzen, surfa aurrenekoz Olinpiar Jokoetan sartu dute, eta Tokion egoteko hamabi postu egongo dira jokoan El Salvadorren: bost gizonezkoetan eta zazpi emakumezkoetan. «Olinpiar Jokoetan parte hartzen lehenak izan nahi dugu. Handia izango litzateke Euskal Herriko surflariak Jokoetan aritzea», atera zaie barru-barrutik biei.

Horretarako, lanean serio dihardute denek, Amatriain eta Pablo Solar Espainiako hautatzaileen esanetara. Bost egonaldi egin dituzte; aurrenekoa, Portugalen; hurrengo hirurak, Kanariar Uharteetan; eta, azkena, Marokon. Hautatze proba horietatik zortzi surflarik egin dute aurrera, horietatik sei euskal herritarrek, tartean, Sanchezek eta Crierek. «Eroso» aritu da Criere. «Oso ondo sentitu naiz, eta olatu ezberdinetara ondo egokitu naiz». Otxoari bere izena zortzi onenen artean ikusteak «poza» eman zion. «Baina nire nahia Munduko Txapelketa jokatzeko sailkatzea da». Crierek ere nahi bera du: «Nik nire lekua egin nahi dut, eta nire esku dagoen guztia egiten badut, esku-eskura izango dut balentria bat egitea».

Elkarren artean lehiakideak izan arren, urte asko daramatzate batera bidaiatzen. Sanchezek nabarmendu duenez, euren arteko harremana «oso ona» da. «Edozein lekutara joanda ere, giro aparta sortzen dugu». Alta, behin uretan sartuta, «ez dago lagunik», Criereren arabera. «Guztiok hori argi dugu». Alde ona aurkitu dio horri. «Onuragarria da surferako eta zure izaerarako. Hori bai: uretatik atera eta gero, lehia bukatu egiten da».

Hain justu, azken galbahe erabakigarria gainditu beharko dute hemendik gutxira. Kategoria bakoitzetik hiru hautatuko dituzte, eta bat kanpoan geratuko da. Bi surflariak lanean jarraitzeko «motibazioz» daude, eta azken urrats garrantzitsua egiteko «prest». Azken egonaldia El Salvadorren egingo dute; zehazki, txapelketa egingo den leku berean, eta maiatzaren 1ean abiatuko dira Euskal Herritik.

Criererentzat lehen aldia izango da El Salvadorren lur hartzen duela; Otxoarentzat, berriz, bigarrena. «Orain dela sei urte joan nintzen, eta lekua eta hango olatuak asko gustatu zitzaizkidan». Oraingoan, El Sunzal eta La Bocanako hondartzetan entrenatzeko asmoa dute, oraindik ez baitago erabakita zehazki txapelketa nagusia eta bigarren aukerako proba non jokatuko diren.

El Sunzalen eskuin aldetik datozen olatu luzeak dira, eta indar txikikoak. Eremu horretan, bi surflariak bizkarrez joango dira, eta Criere baikor mintzatu da: «Bizkarrez ere eroso ibiltzen naiz, eta ziur nago puntuazio altuak lortzeko aukerak izango ditudala». Orain, Ericeiran (Portugal) dabil entrenatzen, norabide horretako olatuak baitaude. «Egiten ari naizen prestakuntza egokitzapen horretara bideratuta doa». Otxoari ere ez diote beldurrik ematen, aurkakoa baizik. «Ongi moldatzen naiz. Marokoko olatuetan, esaterako, oso ziur eta ondo aritu nintzen». La Bocanakoa, berriz, ezker-eskuineko olatua da, eta ikusi dituzten irudien arabera, ezkerreko aldean «oso onak» egoten dira. Biak ezker olatuetan «errazago» aritzen dira, eta Otxoak azaldu duenez, olatuak edozein norabidekoak izanda ere, baldintza horietara egokitzeko gaitasuna izatea garrantzitsua izango da: «Horrek markatuko du aldea».

Aukera, une egokian

Biek ez dute zalantzarik surfarentzat Olinpiar Jokoetan egotea erakusleiho handi bat izango dela. Criereren esanetan, surfean egiten ari diren lan handiaren saria izan da. «Surfarekiko interes handia piztu da, eta hori oso ona da, bai kirolarentzat, baita guretzat ere». Otxoaren ustez, Jokoetako surf txapelketak oihartzuna eta etorkizuna izango ditu: «Ikusgarria izango da». Bestalde, gaineratudu kirol moduan«urrats garrantzitsua» egingo duela profesionalizatzerako bidean. Dena dela, Crierek ez du ukatu alde guztietako iritziak ere egon direla: «Surfak duen esentzia desagertzearen beldurragatik izan da. Baina niretzat, surflari gisa, pozgarria da».

Aitortu dutenez, euren kirol ibilbideko erronkarik handieraren aurrean daude. «Eta momentu onenean heldu zaigu». Otxoak iraganean bizitakoarekin egin du alderaketa: «Duela bi urte, Japoniako Munduko Txapelketan, Jokoetarako postuak zeuden jokoan. Neure burua, ordea, ez zegoen prest horrelako erronka handi bati aurre egiteko; orain, neure buruarekiko segurtasun handiagoa daukat, helduagoa naiz».

Surflariek munduan barna olatuen atzetik ibiltzea dute ofizio, hala txapelketetan parte hartuz nola surfaren beste adar bati helduz. Crierek surfa artearekin lotzen du. «Surfa beste aurpegi batekin erakusten saiatzen naiz. Itsasoagatik naiz ni naizen modukoa, eta asko zor diot».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.