Arrauna

Lehenak bigarren koskan

Sailkapeneko bigarren postuari heltzeko helburuarekin ekingo dio Tolosaldeak asteburuari, gaur, Hondarribian. Ane Zelaia arraunlaria «baikor» dago.

Tolosaldea taldeko eskifaia ahalegin betean, Boiroko estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / TKAE
Tolosaldea taldeko eskifaia ahalegin betean, Boiroko estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / TKAE
pettan uralde
2024ko abuztuaren 10a
05:00
Entzun

Euskotren ligako lehen postua ia ziurra du Arraun Lagunak-ek. Baina bigarrena nork lortuko duen, lehia bizia dago. Oraingoz, Tolosaldea kokatu da bigarren tokian, aurreko asteburuan errenta handituta. Ramon Erostarbek entrenatutako taldeak 73 puntu ditu lehia amaitzeko lau jardunaldi falta direla, baina gertu ditu Orio eta Donostiarra: hiru eta bost puntura, hurrenez hurren. Arraun Lagunak makina perfektuaren atzean, Tolosaldea da oraingoz ontzirik azkarrena. 

Castro Urdialesen (Espainia), eta Orion (Gipuzkoa) bigarren izan zen Tolosaldea joan den asteburuan. Bi estropadetan gertu izan zuen ligako liderra, eta Ane Zelaia arraunlaria (Alkiza, Gipuzkoa, 2003) pozik dago bere taldeak erakutsi zuen mailarekin. «Aurreko asteburuan emaitza onak bildu genituen. Poparean gehiago ari gara asmatzen lehen luzean baino, baina azken asteburuan lehen luzetik aritu ginen bizkor. Ikusita bi estropadetan bigarren postua eskuratu genuela, oso gustura gaude. Lehen postua lortzea oso zaila dago, baita bigarrena ere; beraz, pozik egon behar dugu».

Liga amaierara indarrekin iritsi da Tolosaldea, eta oraindik gehiago emateko gai direla berretsi du Zelaiak. «Hain talde gaztea izanik, uste dut beti dugula zer hobetu: bai arraunlariok, baita patroiek ere. Hori ere uste dut alde ontzat hartu behar dugula, beti baitugu hobetzeko tartea. Baina, guk bezala, beste taldeek ere badute hobetzeko grina, eta kontziente gara bigarren posturako lehian edozein hutsegite ordaindu egiten dela».

«Nik bandera bat irabazi nahi dut, noski. Baina, nire ustez, gehiago balio du bigarren postu horrek bandera batek baino»

ANE ZELAIATolosaldea taldeko arraunlaria

Euskotren ligara igotzea lortu zuenetik, Tolosaldea beti izan da sailkapeneko laugarren ontzia. Aurten, ordea, jauzi nabarmena egin dute. Zelaiak ez zuen espero halakorik. «Egia esan, ez nuen espero hasieratik hain goian aritzea. Talde gaztea gara, eta azken urteetan arraunlari asko joan zaizkigu. Aurten, gutxienez, aurreko urteko oinarriari eutsi diogu, eta horri esker hobetu dugu gehien. Hala ere, bigarren postuan egotea ez genuen inola ere espero. Adina eta eskarmentua oso garrantzitsua da liga honetan, eta talde handien aurka lehiatzeak esan nahi du guk ere badugula zerbait».

Bigarren postuko lehian murgilduta, Tolosaldea ez da konformatzen orain arte egindako lanarekin, eta gehiago nahi dutela adierazi du Zelaiak. «Aurreko urteetan beti izan da helburua ohorezko txandan sartzea, eta hirugarren egiten bagenuen sekulako estropada egiteagatik zen. Aurten, ordea, ez gara konformatzen laugarren postua egitearekin; gehiago nahi dugu. Bigarren postua lortzeko oso estropada ona egin behar da, baina beste taldeek ere oso estropada onak egiten dituzte, eta horregatik ez dugu lortzen sailkapenean aldentzea».

Postua eskuratu ez ezik, arraunlari orok nahi du bandera bat altxatu ere. Tolosaldeak gertu izan ditu garaipenak, baina Arraun Lagunak-ek aukera gutxi utzi die lehiakideei. Zelaiak dio esperantza ez dela inoiz galdu behar, eta beti ateratzen direla irabaztera. «Arraun Lagunak-ekin parean jartzea lortu dugu behin baino gehiagotan, baina, bukaeran, alde egiten dute. Beraiek ohituta daude atzetik aurrera egiten, eta guri kostatu egiten zaigu estropada buruan mantentzea. Hor ere ikusten da haiek eta guk daukagun esperientzia, baina beti saiatuko gara garaipenaren bila joaten».

Bigarren postua eta garaipen bat. Asko eskatzea litzateke hain estua dagoen liga honetan, baina Zelaiak argi dauka zer nahi duen. «Nik bandera bat irabazi nahi dut, noski. Baina, nire ustez, gehiago balio du bigarren postu horrek bandera batek baino. Liga osoan hor gora aritu zarela erakusten du, eta maila onean, gainera. Ahal baldin bada biak nahi ditut, baina sari polita da bigarren postua».

Azken txanpan

Lau jardunaldi besterik ez zaizkie geratzen, eta saihetsezina da arraunlarientzat Kontxako Banderan ez pentsatzea. Zelaiaren burua ligan dago momentu honetan, baina uste du biak lotu daitezkeela mailarik onena emateko. «Oraindik ligan gaude, eta geure burua asteburuko estropadan dago. Hala ere, onartzen dut Kontxako Banderaren inguruan hitz egiten dugula noizbait. Azkenean, liga ere prestaketa bat balitz bezala hartu daiteke Kontxarako, eta xehetasun guztiak hobetzen saiatzen ari gara liga ondo amaitu eta ahalik eta hobekien egoteko Kontxan».

Gaurko lehiarako prest daudela azpimarratu du, eta zehaztu du gaurko eremua gustatzen zaiola. Zalantza gehiago ditu biharko estropadaren inguruan, baina ez dio beldurrik. «Hondarribikoa estropada polita da, eta, normalean, gustura aritzen gara estropada eremu horretan. Gipuzkoako Txapelketan ere han aritu ginen, eta ilusioa egiten digun estropada bat da. Igandean Pasaian arituko gara, ETE ligan aritu ginen bertan. Barruko eremua da, eta hiru luze dira, eta bi ziaboga. Uste dut hor gehiago sufrituko dugula, baina gogotsu gaude estropada desberdin batean gure maila nolakoa den ikusteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.