Lehena, ederki kostata

Andy Murrayk lehen aldiz Grand Slam bat irabazi du, AEBetako Irekia, finalean Novak Djokovic menderatuta

2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Kostata, baina lortu du lehena. Andy Murrayk Grand Slam txapelketa bat irabazi du estreinakoz. Lau final jokatu behar izan ditu, eta aurreneko laurak galdu, teniseko txapelketa handi bateko garaipena ospatzeko. Eskoziarrak Novak Djokovic menderatu zuen atzo goizaldean (7-6, 7-5, 2-6, 3-6 eta 6-2), eta AEBetako Irekia irabazi zuen. Finala ere ez zen samurra izan. Ia bost orduko partida jokatu zuten, eta bosgarren setean erabaki zen lehia. Azkenean, onenen multzoan sartu da Murray.

Urteak zeramatzan lehen Grand Slama irabazi ez irabazi. ATP zerrendako lehen postuetan dago aspaldidanik, eta oso itxura ona eman du txapelketa garrantzitsuenetan. Hain ona, ezen lau final jokatuta baitzen: 2008koAEBetako Irekian, 2010eko eta 2011ko Australiako irekietan eta aurtengo Wimbledonen. Ezin irabazi, ordea. Roger Federerrek, hirutan, eta Djokovicek, behin, saririk gabe utzi zuten.

Presioa eramateko gai ez izatea egotzi izan diote askok. Baina haren ibilbideak beste norabide bat hartu du azken hilabeteotan. Wimbledongo finala galdu ondoren, urteko txapelketa nagusia iritsi zitzaien tenislariei, eta Murrayri, bereziki: Londresko Olinpiar Jokoetan, zaleak alde zituela, ez zen inor izan eskoziarra gelditzeko gai. Djokovic eta Federer ere zapalduta, urrea kolkoratu zuen. Horrek aldatu zuen guztia. Eta aurten berresteko moduan zen oraindik, urteko azken Grand Slamean.

Bada, Olinpiar Jokoen bidetik jarraitu du Murrayk AEBetako Irekian. Finalerdietan Tomas Berdych —Federer kanporatu berri zuena— gaindituta, bigarrenez jokatuko zuen txapelketako finala. Aukera ezin hobea zuen txapeldun izateko. Aurkaria, ordea, gogorrenetan gogorrena: Djokovic. Denboraldi bikaina egin du Djokovicek, eta irabazi nahi bazuen, gogotik borrokatu beharko zuen Murrayk. Eta hala egin zuen. Ederki kostata menderatu zuen serbiarra.

«Oso harro» lortutakoarekin

Hasieratik, erabat alde jarri zitzaion partida. Lehen bi setak irabazi zituen, eta errematea baino ez zuen falta. Djokovicekin ez dago fidatzerik, ordea. Amore eman beharrean, gogo handiagoz jokatu zuen, eta irabazi egin zituen hurrengo bi setak eta partida berdindu. Konfiantzaz gainezka hasi zuen Djokovicek azkena, baina eusteko gai izan zen Murray. Bere unerik txarrenak atzean utzita, sari handia lortu zuen.

Hain ondo bideratuta zeukan partida asko zaildu zitzaion, baina horretarako prest zegoen eskoziarra: «Djokovic beti borrokatzen da amaitu arte». Buelta eman zion serbiarrak, baina Murrayk ez zuen galdu itxaropena. Beti izan zuen «konfiantza» beregan, eta bazekien irabaz zezakeela. Hala ere, aurkaria «oso gogorra» zela onartu zuen: «Ez dakit nola izan naizen irabazteko gai». Lehen Grand Slama irabaztea «zoragarria» izan da Murrayrentzat, eta «oso harro» dago lortutakoarekin.

Djokovic bera ere «pozik» agertu da Murrayren garaipenarekin: «Inork baino gehiago merezi zuen irabaztea». Berak ezin izan zuen seigarrenez Grand Slam bat irabazi, baina dena eman zuen tanto bakoitzean: «Espero dut zaleak gogotik gozatuko zirela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.