GOG Gudme 33-31 Bidasoa Irun

Lehen zatian joan zaio

Bidasoak galdu egin du Gudmeren aurka, eta Europako Ligatik kanpo geratu da. Atsedenaldian erabakita zegoen partida: 20-12

Kauldi Odriozola Bidasoako eskuin hegaleko zumaiarra, jaurtitzen, atzo, Gudmen. Hark sartu zituen gol gehien: hamar. EHF.
Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Atsedenaldian. 20-12. Golegile nagusiak. Bidasoan, Kauldi Odriozola (hamar gol), eta GOG Gudmen, Jerry Tollbring (bederatzi gol).

Hari mehe batean zintzilik zegoen Bidasoa Irun, Artalekun Europako Ligako final-zortzirenetako joanekoa galdu ostean. Eta hari mehe hori hautsi egin zen atzo Danimarkan. Irungo (Gipuzkoa) taldeak itzulikoa ere galdu zuen. GOG Gudmek 33-31 irabazi zion, eta lehiaketatik kanporatu zuen.

Bidasoak, beraz, egin ditu egin beharrekoak Europako lehiaketan. Ondo egin ditu, bete egin baitu bere buruari jarritako helburu nagusia: partida guztietan lehiakor aritzea. Ez zen erronka samurra, alde handia baitago Asobal ligaren eta Europakoaren artean: hura baino koska batzuk gorago dauden makina bat talde dago. Baina aurrean izan dituen guztiekin nor baino nor gehiago aritu dira irundarrak. Inoiz ez dira nabarmen geratu. Ahaltsuekin lehiakor aritu dira: Orlen Wisla Plockekin, Fuechse Berlinekin, Fenix Tolosarekin eta Gudmerekin. Parekoekin, berriz, nagusi izan da: Tatran Presovekin eta Pfadi Winterthurrekin. Horri esker gainditu zuen ligaxka, eta final-zortzirenetarako sailkatu. Baina oztopo handiegia izan da Gudme.

Danimarkako taldeak Artalekun eman zuen haren ahalmenaren berri. Ez zen Bidasoa baino askoz gehiago izan, baina jokoaren alor erabakigarrietan gailendu zen: atean, sormenean eta erasoan; azken finean, eraginkorrago aritu zen. Horri esker lortu zuen ikusgarri jokatu gabe irabaztea. Halere, bi golengatik baino ez zen nagusitu (28-30), eta horrek itxaropena eman zion Bidasoa taldeari. Hobetuz gero, ez zuen horren urrun izango Gudme estu hartzea. Aurkaria ere ohi baino pattalago aritzea behar zuen ere bai, bi taldeak bete-betean arituz gero, gehiago baita Danimarkakoa.

Bigarren zatian suspertu da

Ez zen gertatu halakorik atzo: Bidasoa joanekoan baino okerrago aritu zen; batez ere, lehen zatian. Gudme, berriz, Irunen baino hobeto jardun zen. Sumatu zen, joanekoan ez bezala, danimarkarrek indarrak neurtzen aritu zirela, partidara sasoi betean iristeko. Ondorioak ezin zuen izan bestelakorik: etxeko taldea nagusi izan zen, eta bisitariek ez zuten kanporaketari buelta emateko aukerarik izan.

Ondo hasi zen Bidasoa, baina berehala okertu zitzaion partida. Epaileek ia segidan kanporatu zituzten bi minutuz Tesoriere eta Adrian Fernandez, eta Gudmek bikain aprobetxatu zuen bi gehiagorekin aritzea: hiru gol sartu zituen jarraian (5-2); Tollbringek sartu zituen hirurak —bederatzi sartu zituen; Irunen, 11 sartu zituen—. Partida hasi besterik ez zen egin, baina joera etxekoen aldekoa zen. Segituan egin zuten ihes: 14-8. Aise topatzen zituzten zuloak Bidasoaren defentsan. Bisitariek, ordea, nekez asmatzen zuten erasoan. Hallgrimssonek horma eraikia zuen berriro atean. Cuetara ahalegindu zen susper zitezen. Baina alferrik. Atsedenaldian zortzi golen aldea zuen Gudmek: 20-12. Dena erabakita zegoen.

Egoera ikusita, Bidasoak itxura hobetzea eta lehiakor aritzea izan zuen helburu bigarren zatian. Lortu zuen, batez ere kanporaketa bideratuta izanda, Gudme lasaitu egin zelako. Irundarrek hori aprobetxatu zuten aldea nabarmen murrizteko: bi golera jarri zen lau minuturen faltan (30-28). Ledo eta Kauldi nabarmendu ziren. Azkenean, bete-betean aritzera behartu zituzten etxekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.