Lehen zalantzak uxatu ditu

Koronabirusaren pandemiak eragindako etenaren ostean, Urrezko Aizkolarien finalerdietarako sailkatuz itzuli da Ugaitz Mugertza. «Gogoz» zegoen bueltatzeko.

Ugaitz Mugertza aizkolaria, entrenatzen, bere baserrian. Urrezko Aizkora txapelketan murgilduta dabil. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Ez da harritzekoa etenaldi luzearen osteko lehen proban kirolariek zalantzak eta beldurra izatea. Halako sentimenduak bizi izan zituen, esaterako, Ugaitz Mugertza aizkolariak (Mutriku, Gipuzkoa, 1987)duela egun batzuk jokatu zuen Banakako Urrezko Aizkolari Txapelketako final-laurdenetan. «Norbera bere etxean gogor entrenatzen aritu den arren, lehenengo plaza horiek izaten dira zailenak». Sailkapen bat jokoan izanda, are gehiago, kale edo balekoak izaten baitira. Galbahe hori, behinik behin, pasatu du Mugertzak. Izan ere, Ruben Saralegiri irabazi, eta Julen Alberdi TxikiaIV.a izango du aurkari finalerdietan. Alde horretatik ezin du gehiago eskatu.

Koronabirusaren pandemiak eragin duen osasun krisia dela eta, martxotik zeuden plazak hutsik. Lehiara itzultzeko «irrikaz» eta «beharraz» ibili da mutrikuarra, eta aurrean kontrario bat izateko gogoz. Izan ere, bakarka arituta, lehiaren motibazio hori ez dago, eta hori antzeman egiten du, nabarmendu duenez. «Norbaiten aurka aritzeak beti laguntzen du emaitzetan». Lehiara «urduri» iritsi zen arren, Mugertzarentzat ez zen oztopoa izan, aise hartu baitzuen mendean Saralegi.«Uste baino errazago», aitortu duenez. «Nahiko ondo sentitu nintzen kanporaketa osoan. Egia da, hala ere, Saralegik ez zuela bere egunik onena eduki, eta aurkaria horrelako egoera batean badago, abantaila zure alde duzula». Baita eduki ere, Mugertza hiru probetan nagusitu baitzen.

«Indartsu» ekin zion lehiari. Lehenengoan zazpi segundoren aldea atera zion Saralegiri; bigarrenean, berriz, ia minutu bat; eta, azkenekoan, sei minutu eta lau segundo. Guztira, 26 minutu eta lau segundoko denbora eginzuen, ohiko zenbakietatik urrun xamar. Nahiago izan zuen zuhurtziaz jokatu. «Garaipenak eskuetatik ez zitzaidala ihes egingo ikusi nuenean, erritmoa moteldu egin nuen». Bestalde, proban izan zituzten enborrak ez ziren bere gustukoak izan. Mugertzaren ustez, enborrak ez ziren punta-puntakoak. Hartara, hartutako erabakiarekin eta enborren kalitatearekin lotu du halako denbora egin izana. Eten luzearen ostean, gainera, erritmoa hartuz joan behar du pixkanaka.

Alabaina,erdietsitako lorpenarekin pozik geratu da «Horrelako garaipena motibaziorako pizgarri nagusia da, eta plazetara errazago egokitzen zara. Beraz, irabaztea beti da lagungarria». Dagoeneko, burua finalerdietan du mutrikuarrak. Lehiari, ordea, «errespetuz» egiten dio so, aizkolariek denbora luzez elkarren artean ez baitituzte indarrak neurtu. Hori gutxi ez, eta aurkaria ez du nolanahikoa izango: Txikia IV.a.

Mugertzaren esanetan, aizkolari «saiatua» eta «indartsua» da azpeitiarra, «gorantz» doana, gainera. «Gaur-gaurkoz, Vicenteren [Iker] eta Atutxaren [Aitzol] pare ikusten dut». Garbi dauka aurkaria menderatzea zaila izango duela. «Nire aldetik, proba ahalik eta ondoena egin beharko dut hura estutzeko. Badakit ni baino puntu bat gorago dagoela, baina lehia galdutzat ez dut ematen». Ezustea emateko prest da.

Txapelketako aizkolari gehienak kalitatez «berdintsu» ikusten ditu, «hiru aizkolari kenduta». Mutrikuarraren ustez, joan den urteko hiru finalistak dira txapela irabazteko faboritoak: Txikia, Vicente eta Mikel Larrañaga. «Ezustekoren bat gerta liteke, baina hiru horiek ikusten ditut indartsuen». Atutxaren izenik ez du aipatu, aurten ere ez baitu txapelketan parte hartu.

Udan erakustaldirik apenas

Txapelketa honek ilusioa zertxobait berpiztu dien arren, osasun krisiak are gehiago zaildu du herri kirolen egoera. Berak Larraulen (Gipuzkoa) jokatu zuen kanporaketa, eta, «giro polita» egon arren, ehun bat lagun baino ez ziren bertaratu «Lehen jende gutxi joaten bazen gure probak ikustera, pentsa orain. Egoera iluna da, eta pertsonalki pena handia ematen dit».

Epe laburrera, behintzat, itxura onik ez dio hartzen.Aspalditik, aizkolariak plazaz plaza ibili ohi dira udan, herriko festen aitzakiaz. Aurten, ordea, erakustaldirik apenas izango dira. Mugertzak, aldaketarik ezean, bi jaialdi besterik ez du lotuta. Lehena, Berriatuan (Bizkaia), hilaren 26an;bigarrena, berriz, Castejonen (Nafarroa), irailaren 6an. «Aizkolariok uda tristea izango dugu», nabarmendu du. Bestalde, aurten ez da Euskal Herriko Txapelketarik jokatuko, «osasun eta ekonomia» arrazoiak direla eta. «Penaz» hartu du berria, eta kolpea dela berretsi du.

Mutrikuarraren ustez, egoera honek aizkoraren etorkizunari mesederik ez dio egiten. «Gauden egoeran egonda, oso zaila da aizkoratik bizitzea». 14 urte zituela hasi zen aizkoran, eta aitortu du ordutik hona egoera asko «belztu» dela, bai sarien eta bai dieten eta erakustaldi kopuruen aldetik. «Irabazten dugun dirua ez da proportzionala, izaten ditugun gastuak kontuan hartuta». Hala, azpimarratu du gazteek maila gorenera iristeko zailtasun handiak dituztela. «Kirol indibiduala izanik, gastu eta sakrifizio handia eskatzen duen egunerokoan. Beraz, zaletasun izugarria izan behar duzu, eta asko maite behar duzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.