Saskibaloia. ACB Liga: Laboral Kutxa. Fernando San Emeterio. Laboral Kutxako kapitaina

«Lehen, xedea tituluak zirela genioen; orain, gure mugak aurkitzea dela»

«Talde bat izan behar dugu, hizki larriz idatzia». Mezu zehatza zabaldu du, agian iraganera begira. Taldekide gazteez inguratuta egotea ez du uste txarra denik, anbizioa eta gosea sumatu dielako.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Gasteiz
2013ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bi aste daramatza taldean, baina dagoeneko hasia da kapitain lanetan Fernando San Emeterio (Santander, Espainia, 1984). Taldearen mezua ondo barneratuta du, eta Buesa Arenara zaleak borrokarako gogoa ikusiko dutela aurreratu du, baina tituluen promesik egin gabe. Arlo pertsonalean denboraldi-aurre motza egin du, baina Espainiako selekzioarekin asko gozatu du Eurobasketean. «Egia esan, ez dut nekerik sumatzen, aurretik bi hilabeteko oporrak izan nituen. Orain, hemen ere gozatu nahi dut».

Berriz ere lanean; urteak bete ahala, liga hasierako irrika aldatzen al da?

Ilusioa beti da berdina. Urte ona egitearen ilusioa, taldeak goraka egin dezala... Alde horretatik, adinak ez du ezer aldatzen.

Denbora gutxi daramazu taldekide berriekin, baina zein traza hartzen diozu taldeari?

Ona, itxura ona du. Lan egiteko gogoa ikusten dut: gazteak, gosea, anbizioa... Nik uste dut defentsa oso gogorra egingo dugula, eta talde bat izaten saiatu, erasoan zein zaintza lanean.

Zer moduz ugazaba berriarekin? Ezagutzen duzu, Espainiako selekzioan aritu izan zara Scariolorekin.

Ondo, beti bezala, eta orain denboraz pixka bat larri ideia berriak asimilatuz joateko. Udan zehar, askotan hitz egin dugu, eta biok antzeko ikuskera dugu. Sergio urte on bat egiteko gogoz itzuli da Gasteizera. Maite ditu hiria eta taldea.

Eta Josean Kerejetarekin, hitz egiteko aukera izan al duzu?

Bada ez, oraindik ez dut izan harekin hitz egiteko aukerarik.

Ahal fisiko handiko taldea egin du Laboral Kutxak; barrutik ere nabaritu al duzu?

Bai, bai... Korrika asko egiten dute. Taldea gazteagoa da, bizkorragoa... eta, aldi berean, esperientzia gutxiago du Euroligaren moduko txapelketetan. Baina, tira, anbizioa eta gogoekin gabezia horiek ordezka daitezke. Hutsak egingo ditugu, baina lehentasuna talde bat osatzea da; taldea, hizki larriz, bere onena ematen duen jokalari multzo bat.

Horrelako multzo batean, beteranoen eginkizuna aldatu egiten al da?

Ez pentsa, asko ere ez da aldatzen. Egia da une jakin batzuetan esperientzia hori erabili beharko dugula, baina, oro har, ez. Garrantzitsuena eredua ematea da, eta gazteenak beteranoak baloi guztiengatik borrokan ikusten baditu, gora eta behera korrika, eta entrenamendu bakoitzean euren onena ematen, azkenean jarraitu egingo dituzte. Baina, tira, gazteek ere alaitasuna ekartzen dute aldagelara, eta hori ere eskertzekoa da.

Kerejetak «gosea» eskatu zuen; jokalari berriek ba al dute?

Bai, nik uste dut baietz. Bi lagunarteko partida jokatu ditut, eta bietan defentsa lan zorrotza egin dugu. Azkenekoan aurkaria —Villeurbane— 70 puntutik behera utzi genuen. Arlo batzuetan pixka bat berde gaude oraindik, baina urte polita egin dezakegu.

Liga hasi aurretik taldeak izan dezakeen lehiakortasuna auzian jarri da, hein handi batean iritsi berriak oso ezagunak ez direlako. Zalantza bidegabea al da?

Tira, jendeak nahi duena esan dezake. Gure misioa gure onena ematea da, baloi bakoitzagatik borrokatzea, eta hori egiten badugu, Gasteizen jendeak berehala babestuko gaitu.

Baina badakizue jendeak ilusio bultzada behar duela. Iragan sasoi bukaera iluna izan zen.

Bukaera guztiontzat izan zen tristea, Kanaria Handiaren aurkako final-laurdenetako haiek galduta... Aurretik Euroligan lan ona egin genuen, Top 8an sartuta, baina bukaera horrekin jendeak ilusio pixka bat galdu zuen. Baina, tira, gure eskuetan dago berpiztea; ezin dugu ziurtatu final-laurdenak pasako ditugunik, baina bai lan egingo dugula, eta hori transmititu behar diegu harmailena biltzen direnei.

Bi lesio izan dituzue denboraldi-aurrean, eta larriak dira, lehen bi hilabetetan Euroligako etorkizunaren zati bat jokoan duzuelako.

Hala da, baina zer egingo diogu? Beste urte batzuetan ere bizi izan ditugu halako egoerak, eta kosta izan zaigu Top 16ra pasatzea. Beraz, Euroligako lehen fasean partida guztietan borrokatu behar dugu, gero, bukaeran, galduriko partida haien hutsunea nabaritzen delako. Dena den, uste dut min harturiko jokalariak ordezkatzeko etorri diren kideak oso onak direla, eta eskarmentu handikoak.

Sasoi hasiera helburuei buruz galdetzeko garaia da. Zer eska dakioke Laboral Kutxari?

Helburuak, ez dakit. Eska dakigukeena zera da, jendeak partidako minutu oro ikus dezala gure onena ematen dugula eta taldea bere muga non dagoen bila ari dela.

Kanpotik ikusita, ACB ligan nola Euroligan talde handi eta klase ertain altuaren arteko tartea ireki dela dirudi. Iritzi berekoa zara?

Izan daiteke, talde, aurrekontu eta izenei begiratzen bazaie. Baina, tira, hau kirola da, ez matematika. Kirolean bi gehi bi beti ez da lau, eta ustekabekoak gerta daitezke. Guk talde kimika hori lortzen badugu, non denok norabide berean egingo dugun arraun, eta jokalari guztiak beren helburu pertsonalak sakrifikatzeko prest dauden, bada gu izan gaitezke ezusteko hori ematen duena. Gero ere nabarmendu nahiko nuke koska bat beherago dauden taldeek oso ondo fitxatu dutela, ur nahasietan arrantza eginez.

Tituluak irabazteko moduan al da oraindik Laboral Kutxa?

Normala da zalantza hori izatea. Beste urte batzuetan urri hasierako elkarrizketetan helburuak tituluak zirela esaten genuen, orain, aldiz, gure mugak aurkitzea. Lehen esan dizudan kimika hori lortzen badugu, helburua, agian, titulu bat izan daiteke.

Scariolok lor al dezake hori.

Bai, hura ere gose handiarekin etorri da; azken finean, hori behar dugu, eta nik uste dut bide onetik goazela. Eta gauzak okertzen direnean, lehenago edo geroago okertuko direlako, bada norabideari eusten jakin behar dugu, eta ez gehiegi urduritu.

Superkopa lehen torneoa... Zalea pizteko lehen aukera da.

Bai, eta berde gauden arren eta Bartzelonaren maila zein den jakin arren, guk gure egin behar dugu, eta aurkaria hobea delako irabazten badigu, jendeak berdin-berdin egingo digu txalo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.