Lehen txapelaren bila

Athletic eta Alaves arituko dira gaur Euskal Herriko Txapelketako lehen finalean. Barakaldon jokatuko dute partida, eta giro polita espero da harmailetan

Manu Garcia Alaveseko jokalaria eta Iker Muniain Athleticekoa baloiarengatik lehian, elkarren kontra jokatutako azken derbian. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Kerman Garralda
2017ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Joan den denboraldia historikoa izan zen euskal futbolarentzat, Lehen Mailan bost talde izan baitziren. Hogei derbi, hortaz. Aukera ezin pasatzen utzi, eta Euskal Herria Kirola elkarteak urte hasieran iragarri zuen gizonezkoen Euskal Herriko Txapelketa antolatuko zuela. Ligako elkarren kontrako partidak kontuan izanik, sailkapen bat egin zuten antolatzaileek, eta erabaki lehen bi sailkatuak txapelagatik lehiatuko zirela abuztuan. Gaur jokatuko da finala, Barakaldon (Bizkaia, 19:30 ETB1), Lasesarren, eta Athletic eta Alaves izango dira aurrez aurre.

Athleticek irabazi zituen derbi gehien joan den denboraldian: bost denera. Bakarra galdu zuen, denboraldiko azkena hain zuzen, Mendizorrotzan. Hiru puntu horiei esker, Alavesek aurrea hartu zion Realari. Bitxikeria bat: hastear dagoen denboraldiko lehen derbia joan den denboraldiko azkena izango da.

Azterketa serioa izango da bi taldeentzat, hurrengo astean hasiko baita Liga. Athletic, dena den, dagoeneko txapelketa ofizialean murgilduta dago. Ostegunean, zain dauka Panathinaikosen aurkako Europa ligako atariko kanporaketako joaneko partida. Hortaz, ikusteko dago Zigandak zer hamaikako zelairatuko duen.

Iragan denboraldiko taldearen aldean, aulkian du Athleticek aldaketa handiena. Ernesto Valverderen tokia Jose Angel Zigandak hartu du, baina jokalariak eta jokamoldea mantendu egin dira. Egun, Yeray osatu bitartean, 26 jokalari ditu eskura entrenatzaile nafarrak. Denek ez dute tokirik, eta gaurko partida argigarria izan daiteke taldean zer jokalarik jarraitzen duten ikusteko.

Alavesek, berriz, goitik behera berritu du taldea. Entrenatzaile berriaz gain, bederatzi jokalari iritsi dira Gasteizera, eta litekeena da oraindik bizpahiru etortzea. Luis Zubeldia taldea ezagutzen eta esperimentuak egiten dabil oraindik, denboraldi-aurreko minutuak jokalari askoren artean banatuz. Liga hasi aurreko azken partida izanda, litekeena da talde indartsua zelairatzea: Pacheco, Alexis, Manu, Ibai eta Sobrino hasieratik aritzea espero da, orain arte ikusitakoaren arabera haiek izango baitira taldearen bizkarrezurra.

Ez da lagunartekoa

Athleticek orain arte bederatzi partida jokatu ditu, lagunartekoak eta Europa ligako lehen atarikoko biak kontuan hartuta. Horietatik bost irabazi ditu, lau galdu, eta bi berdindu. Denera, hamabost gol sartu ditu, eta bederatzi jaso. Alavesek, berriz, sei jokatu partida ditu: lau berdindu ditu, bat galdu eta bat irabazi. Lau gol sartu ditu eta bost jaso.

Liga hasi aurretik jokatuko den arren, ez da lagunartekoa, eta bi taldeek euren onena emango dute txapela lortzeko. «Athletic eta Alavesen partida bat, nahiz eta lagunarteko partida bat izan, beti izango da derbia. Gainera, liga hasiera horren gertu egonda eta txapela jokoan egonda, gogotsu irtengo gara», aurreratu du Hector Hernandez Alaveseko jokalariak. Beñat Etxeberriak Ahtleticeko erdilariak ere partidaren garrantzia nabarmendu du: «Partida berezia izango da, derbi bat da-eta, beste lagunarteko batzuk baino serioagoa».

Antolatzaileek partidaren lehia kutsua nabarmendu nahi izan dute. Horregatik, arautegi propioa du. Athleticek eta Alavesek une oro lehen taldeko zazpi jokalari izan beharko dituzte gutxienez zelai gainean, eta entrenatzaileek hiru aldaketa egin ahal izango dituzte bakarrik.

Euskal Herria Kirolaren asmoa, besteak beste, Euskal Herriaren barnean kirol guztietako ligak, kopak eta txapelketak antolatzea da. Bide horretan, emakumezkoen kopa antolatzen hasi zen duela zazpi urte. Asmoa, gizonezkoen txapelketak bide bera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.