Estreinatu dira. Lasok eta Arangurenek lehen puntua lortu dute Binakako Txapelketan. 22-16 hartu dituzte mendean Peña eta Albisu, Labriten. Garaipena garrantzitsua izan da sailkapenari begira, baina batez ere bikotearen konfiantzarako. Lasok, tantaka, bere ohiko distira erakutsi du, eta hainbat tanto ikusgarri egin ditu. Lesioa ahaztu eta pixkanaka joko erritmoa hartzen ari dela ikusi da. Horretarako, besteak beste, garrantzitsua izan da Arangurenek erakutsitako patxada. Albisu bezalako jotzaile baten aurrean, ondo erantzun du. Hura baino hobea izan da. Peña II.ari eta Albisuri dagokienez, hasieratik kontrakarrean aritu dira, eta ohiko baino oker gehiago egin dituzte.
Peña eta Albisu 2-0 jarri dira aurretik hasi bezain laster. Lasok argi zuen aurrean nahastu behar zuela jokoa, erritmoa aldatuz. Izan ere, atzean, joari erreparatuta, Albisu Aranguren baino gehiago zen. Baina ondo eutsi, eta hurrengo bost tantoak Laso-Arangurenak izan dira. Batez ere Peña II.a bilatu dute aurrean, eta hura nahastu egin da pare bat tantotan, behartu gabeko akatsak eginez. Pilotarekin deseroso zebilen, zakar samarra baitzen. Baina bolada hor eten zaie Lasori eta Arangureni, atzelariak kanpora bidali baitu pilota oso argi bat.
Parekatu eta gogortu egin da hortik aurrera neurketa. Baina deserosoago ibili dira Peña eta Albisu. Kontrara, Laso eta Aranguren ondo aritu dira. Batez ere Arangurenek orain arteko partidarik txukunena jokatu du, pilota ondo luzatuz. Laso, berriz, pixkanaka joko erritmoa hartzen ari dela ikusi da, eta gauza gehiago egin ditu. Etenaldi luzera lau tantoren errentarekin ailegatu dira: 12-8. Nahi zuten lekuan zuten partida, bai joko eta bai sentipenen aldetik.
Itzuli eta berehala beste hiru egin dituzte, gainera. 14-8. Partidaren norabidea erakusten zuen datu bat zegoen: ordurako bederatzi tanto zituzten galduak. 11 izan dira azkenean. Partida haustear zegoen. Hurrengo tantoa ia derrigor egin behar zuten Peñak eta Albisuk. Baina Lasok egin du. Partidako ikusgarrienetakoa izan da, zabalera egindako erremate batekin. Baina hurrengo hirurak galtzaileek egin dituzte: 15-11. Bazirudien partida ireki egingo zela, eta aurreko jardunaldian bezala Lasori eta Arangureni luze egingo zitzaiela neurketaren bigarren zatia. Ez da horrela izan, ordea. Sendo eutsi diote. 19-11ra areagotu dute aldea, eta nahiz eta Peña II.a eta Albisu bost tantora gerturatu, 20-15, merezitako garaipena lortu dute gorriz jantzitakoek. Ederki ospatu dute: «Behar genuen; sendo aritu gara. Aitorrek sekulako partida egin du, eta ni pixkanaka hobeto nago. Hemendik aurrera gora egiten jarraitzea espero dut», esan du lasok.
Eibarko Astelena frontoian jokatuko da bihar laugarren jardunaldiko azken partida. Bertan, Elordik eta Rezustak Peio Etxeberriaren eta Zabaletaren kontra neurtuko dituzte indarrak (18:00, ETB1). Lehengoek jokatutako hiru partida irabazi dituzte, eta Jaka-Mariezkurrena II.aren pare jarri nahi dute sailkapenaren gorenean. Peio Etxeberria-Zabaletak, berriz, bi partida irabazi eta bat galdu dute, eta irabaziz gero gaurko aurkarien pare jarriko dira.