«Lehen pilotari soldata gorde egin nuen, badaezpada ere»

Imanol Magro Eizmendi.
Arama
2016ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ordu erdi egin du BERRIArekin solasean, eta umorea erakutsi du. Tarte horretan, lau herritarrek oihu egin diote, eta auto pare bateko gidariek klaxona jo diote.

Pilotaz gain, zer?

Saskibaloia edo mendia.

Zer nahiago duzu ikusteko: saskibaloia edo pilota?

Hor harrapatu nauzu! Partidaren arabera, pilota, baina, Baskoniak jokatzen badu, zapping. Bata eta bestea.

Zergatik utzi zenuen saskibaloia?

Pilotan aukera hobeak ikusten nituelako, eta nik uste dut aukeraketa ona egin nuela.

Idolorik?

Pilotan, Titin eta Irujo, eta, saskibaloian, Pablo Prigioni. Poz handia emango lidake hura berriz ere Baskonian ikusteak.

Argazkirik-edo eskatu al diezu?

Argazkia, autografoa eta elastikoa. Titin eta Irujorekin ere bai.

19 urterekin gazteak parrandarako ibiltzen dira.

Atera behar denean iruditzen zait atera egin behar dela, baina bai 19rekin eta bai 25ekin. Txapelketan zaudenean, zaindu eta kontuz ibili behar duzu. Baina, asteburu batean ez baduzu jokatzen, nahiko asti badago lagunekin afaldu eta lasai ibiltzeko.

260 sarrera eskatu dituzu. Arama osoa (219 biztanle) al doa finalera?

Esaten dutena: egun polita Araman lapurreta egiteko.

Nola dago Arama?

Denok ezagutzen dugu elkar, eta giro polita sortu da. Hemen, pilotariez gain, kirolari asko daude, eta giro polita dago.

Zer du Aramak hainbeste kirolari on emateko?

Ez dakit zer den, eta, jakingo banu, ez nizuke esango, badaezpada ere. Txikitatik denak izan gara langile, beti umore onean, eta uste dut hori dela sekretua.

Kuadrillakoek nola ordaindu dituzte sarrerak? Baten batek gurasoei eskatu beharko die...

Hamabost bat gara, eta denak doaz. Batzuk lanean ari dira; besteak, ikasten... Bakoitzak bere dirua aterako du, ez dakit nondik, baina badakit badatozela.

Ez al dira garestiak gazteentzat?

Ez da nire gaia; ez nizuke ez ezetzik ez baietzik esango. Enpresak erabaki du prezioa.

Ezagunagoa al zara orain?

Jendeak pixka bat ezagutzen nau, eta gero eta gehiago gelditzen naute Ordizian. Baina ni izaten jarraitu behar dut, eta berdin ibili. Lagunekin irtetean, irten, eta etxean gelditzean, etxean.

Zertan gastatu zenuen lehen pilotari soldata?

Gorde egin nuen, badaezpada ere.

Ez zenuen etxean eman? Orain duzu aukera ona gurasoak bazkaltzera gonbidatzeko.

Ospatzeko polita litzateke sagardotegi batera joatea familiarekin. Bost gara familian, eta aitona eta amona. Polita litzateke, eta txapelarekin, are politago.

Zuk ordainduta, noski.

Bai, bai, ordaintzea tokatzen denean, ordaindu egin behar da.

Zer musika daramazu sakelakoan?

Bob Marley oso gustuko dut, asko erlaxatzen nau. Euskal musika ere bai, trikitia eta euskal rocka. Egungo musika eta reggaeton musika ez zaizkit gustatzen. Niri musika zaharra gustatzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.