Enrique Martin Monreal. Osasunako entrenatzailea

«Lehen Mailari edozein preziotan eustea baztertu behar dugu»

Ligako azken partidan etxean Realaren aurka galdu arren jokalariak «aldarte onez» daudela dio, eta larunbat honetan Santiago Bernabeura «puntuen bila» joango direla azpimarratu. Taldea osatua duela, pozik dago klubak fitxatutako jokalariekin: «Ezaugarri oso interesgarriak dituzte».

enaut agirrebengoa
Iruñea
2016ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Mirarietan aditua da Enrique Martin Monreal. 1996-1997ko sasoian egin bezala, duela bi denboraldi hondamenditik libratu zuen Osasuna, Espainiako Bigarren Maila amaitzear zela iritsi eta gorritxoak Bigarren B Mailara jaistea eragotzita. Hori gutxi ez, eta iragan sasoian Lehen Mailarantz gidatu zuen Nafarroako taldea, haztegia ardatz hartuta. Hasi berri den sasoian ere balentria bat du jomugan: Osasunak maila gorenean irautea. Ez da erronka makala, baina konfiantzarik ez zaio falta. «Konbentzituta nago gauzak aurrera aterako ditugula».

Zer ondorio ateratzen dituzu ligako lehen bi jardunaldietatik?

Alde batetik, taldea gogo handiz lehiatu dela ikusi dut. Maila oneko taldeen aurka lehiatzeko gai izan gara. Beste alde batetik, uste dut oraindik Lehen Mailara guztiz egokitzea falta zaigula. Lehen bi partidetan pixka bat uzkurtuta egon gara. Behin maila berrira egokituta, uste dut Osasuna talde oso interesgarria izango dela. Izan ere, bizitasuna, indarra, lehiakortasuna eta kalitatea dauzka.

Denboraldi-aurrean taldearen mailak sortutako zalantzen ostean, liga hasieran lehiarako gaitasuna erakustea ez da gutxi.

Bai, horrekin pozik nago. Gainera, kontuan izan behar da jokalari berriak etorri direla azken asteetan. Horiek lan eginda etorri dira, baina ez guk darabilgun indarrarekin. Etenaldia oso ongi etorri zaigu taldea trinkotzeko, eta, horri begira, datozen bi asteak ere oso garrantzitsuak izango dira. Celtaren aurkako partidarako, etorri diren jokalariek maila askoz hobea izango dute. Egoera ilusio handiz dakusat.

Hortaz, Celtaren aurkako partidan jartzen duzu taldearen egokitzapen prozesuaren muga?

Bai eta ez. Ez dut uste helmuga bat denik. Prestakuntza prozesu batean gaude murgilduta, eta apurka-apurka joan behar dugu, muga zehatzik jarri gabe. Garbi dago Celtaren kontrako partidan taldeak itxura zeharo ezberdina izango duela, askoz ere trinkotuago egonen delako. Baina garapenak jarraitua behar du izan denboraldi osoan. Helburua geroz eta hobe egotea da, eta sasoiak amaiera ona edukitzea.

Larunbat honetan, Real Madril ahaltsua izanen duzue aurkari, Santiago Bernabeun. Realaren aurka galdu ostean, zer-nolako aldartearekin iritsiko zarete partida honetara?

Gure aldartea ona da. Madrilera lehiatzeko asmoz joango gara. Taldearen lehiakortasuna hobetuz joan nahi dut. Partida hau ahal den indar handienarekin jokatuko dugu, nahiz eta badakigun lehia oso zaila izanen dela, Real Madrilek talde izugarri ona baitauka. Dena den, futbolean noizbehinka ezustekoak gertatzen dira; ea asteburu honetan balentria lortzerik dugun.

Bernabeutik emaitza on bat ateratzen saiatzeko, zer estrategia erabiliko duzue?

90 minutuetan besoak ez jaisteaeta kontzentrazioa une oro mantentzea. Hori da oinarria. Alta, zortea ere beharko dugu, Real Madril inspiraturik egonez gero, oso zaila izango baita emaitza on bat lortzea. Eurek barkatzea, eta guk asmatzea da gakoa. Hori bezain erreza, eta hori bezain zaila.

Madrilera taldea osatua duzuela joanen zarete, aurreko partidetan gertatu ez bezala. Izango zenuen gogoa fitxaketen merkatua behingoz ixteko.

Bai, batez ere buruari ematen dizkiozun bueltengatik. Jokalari bat datorrela, beste bat badoala... Ziurgabetasun handia izaten da. Merkatua abuztu amaieraraino irekita edukitzearen kontrakoa naiz ni. Ligako lehen partidarako itxita egon beharko luke. Eta udan gauzak behar bezala egin ez dituenak hor dauka neguko merkatua. Ez da posible txapelketa hasi eta oraindik fitxaketekin bueltaka aritu behar izatea.

Paradoxikoki, jokalari asko merkatuko azken egunetan ekarri ditu Osasunak.

Bai, hala da. Eta, niretzat, entrenatzaile gisa, egoera ez da batere samurra, taldearen prestakuntza asko zailtzen baita. Nolanahi, jakitun naiz gure ahalmen ekonomikoak asko baldintzatzen gaituela: interesatzen zaizkigun hainbat jokalari ezin ditugu ekarri, ez dugulako haiek erosteko ahalmen nahikorik, eta gauzak azkenean luzatu egiten dira.

Pozik zaude ekarri dituzuen jokalariekin?

Maila tekniko oneko jokalariak dira. Fisikoki nik nahi dudan mailara iritsiz gero, asko lagunduko digutelakoan nago. Kalitateaz gain, taldeari primeran etorri ahal zaizkion ezaugarriak dituzte.

Berrien artean, ba al da bereziki harritu zaituenik?

Ez, lehendik ezagutzen bainituen guztiak. Harritu ez, baina asko pozten nau haiei buruz nuen iritzia entrenamendu oro berresten dela ikusteak.

Maila oneko lau aurrelari dituzu eskuragarri: Oriol Riera, Kenan Kodro, Sergio Leon eta Emmanuel Riviere. Gola ez litzaizueke falta beharko.

Batek daki... Goiz jaikia, ez da egunsentia. Agerikoa da iragan sasoiarekiko jauzi kualitatibo esanguratsua eman dugula aurreko lerroan. Gehienak 26 urteren bueltan dabiltza, alegia, euren kirol ibilbideko unerik onenean daude. Alabaina, gauzak batzuetan ez dira espero bezala irteten. Ustez, ate aurrean ez genuke arazorik izan beharko, baina hobe ezer ziurtzat ez ematea.

Zelai erdirako lau jokalari fitxatu dituzue. Mikel Merino ahantzarazteko gai ikusten dituzu?

Guk ez dugu inor ordezkatzeko lan egin; jokalari multzo berri bat sortzeko egin dugu lan. Denboraldi honetan hutsetik hasi gara, ezaugarri ezberdinak dituzten jokalariekin. Ez dagoena ez dago, eta ez zaio buelta gehiago eman behar. Nahiago dugu konparazioantzurik ez egin. Taldea erronka berriei begira osatu dugu, eta ez Mikelek —Mikel Merino— utzitako zuloari begira.

Denera 11 jokalri fitxatu dituzue. 1996tik ez zenituzten hainbeste jokalari ekartzen. Egoera horretan, harrobiko jokalariek jokatzeko aukera izango dute aurrerantzean ere?

Harrobiak berebiziko garrantzia izango du oraindik ere. Aurreko sasoian etxeko jokalariz osaturiko multzo garrantzitsu bat izan zen taldean, eta protagonismo handia izan zuen. Denboraldi honetan ere uste dut beste horrenbeste gertatuko dela.

Haatik, hainbat sektorek taldearen fitxaketa politika deitoratu dute, eta esan harrobia bazter utzi dela.

Kanpotik, agian, hori eman dezake, baina ezagutzen nauenak badaki harrobikoei beti eskaintzen diedala aukera. Gainera, fitxatu ditugun jokalariei esker, gazteak azkarrago helduko dira, eta hori oso ona da. Nik ez dut inor alde batera utziko. Hori bai, harrobikoek ez dute kanpotik etorritakoek baino eskubide gehiago. Maila duten harrobiko jokalariak nire planetan sartuko dira, eta ez dutenak, ez. Harrobikoa izate soila ez da talde honetan jokatzeko nahikoa arrazoi. Hori esanik, uste dut sasoi honetan etxeko jokalari kopurua iragan denboraldikoaren oso berdintsua izango dela. Etorri direnek ez diote inori bidea itxiko.

Esku artean duzun taldeari zer helburu jartzen dizkiozu?

Helburua ahal den posturik onena lortzea da. Hamabi bat taldeko liga batean lehiatu behar dugu, eta gure helburua da liga horretan onenen artean egotea. Sailkapenaren erdialdetik gertu izatea espero dugu.

Lehen gauza, dena den, 42 puntuak lortzea izango da.

Egia esan, ez nago puntuei begira. Unean unekoa bizi duen pertsona bat naiz, eta ez zait gustatzen halako kalkuluak egitea. Gainera, azken denboraldietan puntu gutxiago behar izan dira mailari eusteko.

Behin baino gehiagotan adierazi duzu Bigarren Mailara itzultzea ez litzatekeela hondamendia izango. Zergatik?

Jendeak gauza bat barneratu beharra dauka: guk ditugun aukerak ditugu, eta ez dugu burua galdu behar. Iraganeko okerretatik ikasi, eta mailari edozein preziotan eustea baztertu behar dugu. Osasunak Lehen Mailako azken hamar taldeen eta Bigarren Mailako lehen zazpien artean egon beharra dauka. Denboraldi batean jaitsiz gero, hurrengoan igo daiteke. Dena normal antzean, fitxaketekin-eta erotu gabe.

Zure agindupean, Osasuna infernutik zerura igaro da. Zein izan da arrakastaren gakoa?

Hainbat giltzarri egon dira: jokalariak, zaleak... Jokalariei dagokienez, buruko arloak sekulako garrantzia izan du. Niretzat, kirolarien arrakastaren %70 horren baitan dago. Gakoa buruan dago, baina buruaren gakoa zein den aurkitu behar da. Hortik abiatuta, gorantz joan gara etengabe, Lehen Mailara iritsi arte.

Sasoi honetan ere buruz oso indartsuak izan beharko zarete, momentu askotan ziur aski sufritzea egokituko baitzaizue.

Nire kirol bizitza ia osoan lokatzetan aritu naiz. Jokalaria nintzela mailari doi-doi eutsi genion hainbatetan; azken jardunaldian Bartzelonari irabazita... Egoera horietan oso eroso sentitu izan naiz. Denboraldi honetan ikusi beharko da zer ibilbide egiten dugun. Nik uste dut bizitasun handiko sasoia izango dela, zailtasun maila handikoa, baina konbentzituta nago gauzak aurrera aterako ditugula.

Arlo pertsonalean, nola dakusazu hasi berri den denboraldia?

Ilusioz beterik. Pribilegiatu sentitzen naiz nagoen lekuan egoteagatik. Eta horrek ez nau estutzen; kontrara, gozarazi egiten dit. Oso gustura nago.

Lehen Mailan entrenatzeko aukera Osasunaren alde egin duzun lanaren aitortza dela uste al duzu?

Ez, ez dut horrela ikusten. Nolanahi, atzera begiratuta, konturatzen naiz nire kirol ibilbidea sekulakoa izaten ari dela. Hogei urtetatik ez naiz gelditu ere egin, urtez urte lanean aritu bainaiz. Bizitza osoa futbolean eman dut, bai jokalari gisa, bai Taxoareko zuzendari gisa, bai entrenatzaile bezala... Orain arte ez naiz gelditu, eta etorkizunerako dudan helburua berdin jarraitzea da.

Zeure burua urte askoz Osasunaren aulkian ikusten duzu?

Bazkal dezagun, eta ikusiko dugu zer afaltzen dugun gero. Ez du merezi etorkizunaz iragarpenak egitea. Bideaz gozatzen saiatzen naiz, hori da nire bizitzaren filosofia. Jendartea azkarregi doa, eta, askotan, ez gara ohartzen inguruan ditugun gauza ederrez, helburu jakin bat lortzeko obsesioak itsututa. Helburuak bideaz gozatuta lor daitezke, guk iragan denboraldian egin genuen bezala. Ea sasoi honetan gauza bera egiterik dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.