Andoni Iraola. Athleticeko jokalaria

«Lehen Mailara ekarri ninduten dohain eta gabezia berak ditut»

Sasoiaren amaieran bukatuko da Athleticen eta Andoni Iraolaren arteko kontratua, eta oraindik ez dago akordiorik. Iraola «oso gustura» dago, baina jarraitzeko «indartsu» ikusi gura du bere burua. «Ilusioa» egiten dio jada zuri-gorriz 450 partida jokatu izanak.

haritz gallastegi
Bilbo
2013ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Lezamako gazteentzat eredu da Andoni Iraola (Usurbil, Gipuzkoa, 1982). Zarata handia atera gabe Athleticen historian sartu da. Seigarrena da elastiko zuri-gorriarekin partida gehien jokatu duten sailkapenean: 450 partida jokatu ditu. Eta oraindik erregaia dauka markak hobetzeko. Aurten, esaterako, orain arteko norgehiagoka guztiak jokatu dituen futbolari bakarra da taldean.

Rosaledan 450. partida jokatu zenuen Athleticekin. Irabazi egin zenuten, gainera. Ezin gehiago eskatu.

Ez zen izan jokatu dudan partidarik onena, baina irabazita, ezinnaiz kexatu.

Athleticen 115 urteko historian bost jokalarik baino ez dute elastiko zuri-gorria zuk baino gehiagotan jantzi. Egiten ari zarenaz konturatzen ari zara?

Ilusioa egiten du norberaren izena Athleticen alde horrenbeste egin duten jokalariekin lotzea. Baina futbolean orainak baino ez du balioa. Erretiroa hartzen dudanean kasu gehiago egingo diet estatistikei.

Duela 11 urte egin zenuen Athleticekin debuta igandean San Mames bisitatuko duen Bartzelonaren aurka. Zertan aldatu da zara ordutik hona?

Esperientzia hartu dut. Lasaitasun apur bat ere bai, baina ez gehiegi. Hala ere, orduko jokalariaren antzekoa naiz. Orain 11 urte Lehen Mailara ekarri ninduten dohain eta gabezia berak ditut.

Eta duela 11 urte egiten zen jokoa eta oraingoa ere antzekoak dira?

Egunerokotasunean murgilduta gaudenok ez gara konturatzen, baina esango dizut duela gutxi ikusi dudala nire debuteko partida, eta erritmoan aldea nabaritu dut. Futbola azkarragoa da egunetik egunera. Uste dut futbolaren garapenak bide hori hartu duela: gero eta denbora gutxiago izaten dugu pentsatzeko eta erabakiak hartzeko. Ukitu baten edo gehienez bitan jokatzera derrigortuta gaude. Duela urte batzuk mantsoago jokatzen genuen.

Eta futbolaren ingurua ezberdina da? Jarraitzaileak, hedabideak…

Ez da asko aldatu. Gizartea aldatu egin da, eta horrek eragina izan du. Hau da, Facebook, Twitter eta antzeko kontuek indar handia hartu dute, baina ni ez nago kontu horietan oso sartuta.

Arriskutsuak dira sare sozialak?

Ni ez nago sarera konektatuta. Gauza onak izango ditu, baina, nire ustez, gauza gehiago ditugu galtzeko irabazteko baino.

31 urte dituzu. Arlo fisikoan zein ilusio eta gogo aldetik nola zaude?

Sasoiz nahiko ondo nago. Aspaldian ez dut inolako minik izan. Taldearen egoera ona ere mesedegarria da.

Zenbat erregai geratzen zaizu?

Ez dakit. Maila partidaz partida dago erakutsi beharra. Inork ez daki noiz ailegatuko zaion txakalaldia. Hala ere, nik ez ditut luzerako planak egiten.

Zer falta zaizu bizitzeko futbolean?

Final batzuk jokatzeko aukera izan dut, baina ezin izan dut ezer irabazi. Ez zait asko gelditzen, eta ez dakit beste aukeraren bat izango dudan.

Eta beste futbol bat ezagutzeko tentaziorik izan duzu?

Nik beti izan dut buruan aukera hori. Nik Athleticen jokatzea gura dut, eta talde zuri-gorrian oso gustura nago, baina argi daukat elastiko zuri-gorria janzteko sasoi onean egon behar dudala. Ez dakit noiz arte egongo den gustura kluba nire jokoarekin eta, era berean, ni neu ere noiz arte egongo naizen pozik.

Athleticek interesa dauka zuk jarraitzeko. Eta zuk Bilbon segitzeko?

[Barrez hasi da]. Klubaren eta nire artean adostu beharreko kontua da. Gure artean konfiantza handia dago. Oraingoz esan dezakedan gauza bakarra da Athleticen oso gustura nagoela.

Athleticeko jarraitzailea lasai gera daiteke hortaz. Athleticen ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Gauzak adostu arte ezin da ezer esan.

Athleticek Cesar Azpilikueta fitxatzeko duen interesa bolo-bolo dabil. Nola hartzen dituzu horrelako notiziak?

Normala da. Klub guztietan gertatzen da hori. Athleticek beti egon behar du adi-adi ahalik eta talde lehiakorrena osatzeko. Taldearen barruan gaudenontzat laguntza handia da futbolari onak fitxatzea. Klubak lan egin behar du taldea indartzeko.

Hamalau jardunalditan 26 puntu pilatu dituzue. Puntu asko eta joko gutxi titulu egokia da?

Puntu asko ditugula begi bistakoa da, eta argi dago zer hobetu ere badaukagula. Baina gauza onak ere baditugu. Hala izango ez balitz, ez genuke horrenbeste puntu izango.

Lehen hiru sailkatuen eta gainerako taldeen artean alde handiegia dago. Horrek interesa kentzen dio Ligari. Eta zalea aspertzeko arriskua dago.

Partida bakar baten edota kanporaketa bidezko lehiaketetan aukera dago talde onenak mendean hartzeko, baina jardunaldi askoko txapelketa baten ez dago zereginik.

Igandean Bartzelona dator. Sekula baino alde txikiagoa al dago bi taldeen artean?

Bartzelonak asteon galdu du sasoiko lehen partida. Estatistika esanguratsua da. Gainera, ez zeukan asko jokoan. Eta, horretaz gain, ez dut uste gure interesentzat albiste ona izan denik euren lehen porrota. Orain bete-betean etorriko dira. Gure helburua zaildu egingo du, baina argi daukat guk gure lana ondo eginez gero aukerak izango ditugula.

Ez Messi, ez Valdes ez dira ariko San Mamesen.

Messi oso garrantzitsua da, baina orain Neymar dute. Oraindik ez dauka Messiren maila, baina denborarekin gertura daiteke. Eta Pintoren inguruan esango dizut lehenik eta behin aurkariaren areara ailegatu egin behar dela.

Bukatzeko, zer emango lioke Athletici punta-puntako talde bat mendean hartzeak?

Lehenik eta behin, hiru puntu. Puntuek berdin balio dute onenaren edo txarrenaren kontra eskuratuta. Puntuak lortzea da helburu nagusia. Hala ere, konfiantza indartzeko oso garrantzitsua izango litzateke Bartzelonaren gisako talde bati irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.