Cesar Krutxaga. Osasunako jokalari ohia

«Lehen Mailan edonola jarraitzea garesti ordaintzen ari da Osasuna»

Osasunako kapitain izandakoak beti hitz egin izan du ahobizarrik gabe, eta orain ere garbi eta ozen bota ditu bota beharrekoak egoera instituzionalaz eta taldearen ibilbideaz.

Aitor Manterola Garate.
Iruñea
2014ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Osasuna zer den ondo baino hobeto daki Cesar Krutxagak (Ezkarotze, Nafarroa, 1974). Lehen taldeko kapitain izana urteetan, ezagutza horren talaiatik aztertu du klubaren egoera.

Zein itxura hartzen diozu zuzendaritza eta presidente berriari?

Ez dut ezagutzen presidentea, eta ezin dut iritzirik eman.

Berari buruzko zer iritzi eman dizute?

Elkarrizketa batean entzun nion harrobiaz hizketan, bere filosofia azalduz, eta entzun dudan apurragatik gustatu zait. Osasuna benetan sentitzen dute berak eta zuzendaritzakoek, eta gauzak aldatzeko gogoa sumatzen diet.

Bazen garaia presidentea aukeratzeko?

Beharrezkoa zen agintean baten bat jartzea erabakiak hartzeko. Behin-behinean egon den kudeaketa batzordearentzat lan txarrak izan dira, klubak nola funtzionatzen duen ez zekitelako. Ahal izan dutena egin dute, eta meritu handia daukate. Erabakiak hartu behar izan dituzte hilabete hauetan, eta dakienak hanka sartzeko arriskua baldin badu, gutxiago dakitenek... Esperientziarik gabe aritu dira, eta ahalik eta ondoen egin dute.

Ogasunarekin kitatu beharreko zorrarena izan da gai korapilatsuena, eta hori behintzat bideratu da.

Kluba desagertzeko arriskuan egon da horregatik, eta ez dakit gauzak beste era batera egin zitezkeen edo ez, baina garbi dago Nafarroako Gobernuak zuela 31 eskutik gai honetan.

Krisi garai hauetan jende asko ari da gaizki pasatzen, eta ez al da kritikagarria futboleko klub bati halako mesedea egitea Nafarroako Gobernuak?

Ulertzen dut jendea haserre egotea. Normala da Osasuna eta futbola axola ez zaienak minduta egotea. Osasunaren aldetik, taldea Lehen Mailan edukitzearen onurak ez dakit nola azal daitezkeen, baina onurak dituela ez dut batere dudarik. Mapan jartzen zaitu horrek. Gu ohartu ez arren, Europako hiri asko ezagunak zaizkigu futbolagatik bakarrik, hiri horietako taldeak Europan ibili direlako. Hori nola neurtzen den ez dakit, baina gizarteko esparru askotan eragin nabarmena dauka Osasuna Lehen Mailan egoteak.

Galdera bera beste aldetik egiten bada, berriz, nola azaldu Osasuna maite duen bati taldea desagertzen uztea?

Osasuna da nafar guztiak batzen gaituen gauza apurretako bat, eta orokorrean, sentimenduekin lotuta egoten da hori. Horregatik merezi du Osasunari laguntzea.

Zer dela eta heldu da Osasuna halako egoera ekonomiko petrala izatera?

Kirol arloan, oso zaila da baliabide hauekin hainbeste urtean Lehen Mailan izatea, eta emaitza onak ere lortu izan ditu. Baina normala da urteren batean maila galtzea ere. Tokatuko da berriz igotzeko urtea. Diru aldetik daukan zuloa gizartearen eta futbolaren egoeraren isla da, azkenean. Finantzen burbuilan bezala bizi izan da futbola, eta talde asko baliabide ekonomikoen gainetik irauten saiatu izan dira. Osasunak dirua ondo kudeatzeko fama izan arren, azkenean eskuetatik joan zaigu alor hori ere. Dutena baino gehiago gastatu dute klubek, eta pott egin dute. Telebistaren dirua ia jaso baino lehen gastatzeko joera izan da askotan. Lehen Mailan kosta ahala kosta jarraitzea garesti ordaindu du Osasunak.

Bitartean, legearen mugan dabiltza lehiakide diren batzuk.

Hala da. Hor dago tranpa futbolean. Ez dira ari lehiatzen baldintza berdinetan. Denok baliabide eta baldintza berdinetan ariko bagina, talde polita egin ahalko luke Osasunak, eta aurreneko hamarretan ibiliko litzateke askotan. Harrobia ondo lantzen dugu, eta hori izango zen gure indarra. Baina beste zerbait egin beharra zegoen Lehen Mailan sartzeko, eta hor galdu da kluba.

Zorpetzea onartu duten agintariena bakarrik da Osasunaren egungo egoeraren ardura eta erantzukizuna?

Taldeak Lehen Mailan jarraitzeagatik denok begiratu dugu beste alde batera zorraren kontuak aipatu direnean. Errudun denok gara, ez diogulako eskua sartu nahi izan zorraren gaiari, nahiz eta bagenekien bazela. Uste dut Gobernuak urtez urte ordainarazi beharko zigukeela zorra, baina hala izan balitz, ezingo genukeen talde ona eduki. Azkenean, leku askotan izaten dute erakundeen laguntza klubek. Begiratu Athletici, esate baterako.

Zein bide hartu beharko luke Osasunak kudeaketan?

Osasunaren kasuan, garbi dago zein den bidea: daukan diruaren arabera gastatu behar da, eta dagoela taldea dagokion mailan, edozein izanda ere. Horrela lan eginda, emaitza onak lortzeko ezinbestekoa izango da harrobitik jokalari multzo ona batera ateratzea.

Klubak baldintza ezberdinetan ari zaretela aipatzean, telebistaren diruaren banaketaz ari zara?

Zaragoza, esaterako, jokalariak fitxatzen ari da, baina gero ez die ordainduko, ez daukalako dirurik. Zikin jokatzea da hori.

Komeni al zaio futboleko negozioari halako trikimailuak eta ezberdintasunak amaitzea?

Garaia da Espainiako Gobernuak neurriak hartzekoa. Konkurtso Legearen eraginez, zorra kitatu egin dute hainbat klubek, baina langilearen kaltetan, langilea geratzen delako kobratu gabe.

Eredurik baduzu klubak ondo kudeatzeko?

AEBetan egiten dena da ona. Klubek ezin dute gastatu irabazten dutena baino gehiago. Eta denek joka dezatela liga berean, baldintza berdinetan.

Telebista eskubideen aberastasuna berdin banatzea litzateke neurri egokietako bat?

Bai. Ingalaterran hala egiten dute, esate baterako. Baina politikan bezala ari da futbola ere, eta azkenean, Real Madrilek eta Bartzelonak, futbolean agintzen dutenek, ez badute aldatu nahi funtzionamendua, ez da aldatuko telebista eskubideen dirua gaizki banatzearen auzia. Gustatuko litzaidake beste klubek planto egitea bi handienen aurrean, eta joka dezagun denok baldintza berdinetan. Liga politagoa izango litzateke, ez lukete beti berdinek irabaziko, eta harrobiko lanari garrantzi handiagoa emango litzaioke.

Gogorra izango da bada zelaira ateratzerako emaitza ona lortzea ia ezinezkoa dela jakitea.

Lanbidea da, talde batentzat ari zara lanean, eta ahalik eta lanik onena egin behar duzu beti. Bakoitzaren egoerari garrantzia emanez, berriz, ahalik eta ondoen jokatu beharra dago beti, kontratua berritu ahal izateko edo talde hobeetara joateko. Baina sailkapenaren aldetik, badakizu alferrik ari zarela lehian bi handienen aurka. Horien aurka gazte mailakoekin jokatzeko proposamena egin zuen behin entrenatzaile batek, eta ea zenbat ikusle joaten zaizkien talde handi horiei. Ondo legoke konturatzeko beste talde batzuk daudelako bizi direla eurak.

Gero eta jende gutxiago ari da joaten zelaietara partidak ikustera. Nazkatu egin da zalea hainbeste kontu ilunekin?

Gaur egun, ia egunero botatzen dituzte telebistaz partidak, eta azkenean, jendea bete egiten du horrek. Gaur egungo egoera ekonomikoa nolakoa den ikusita ere, bi aldiz pentsatu beharra dago bazkide kuota ordaindu edo ez. Gainera, ordaintzen dutenaren ordaina jasotzeko partida gutxi izaten dituzte ikusgarriak. Oso neurketa gutxi dira ikusteko modukoak, eta azkenean, iruditzen zait, bere taldea ikustera leial doan zalea astea joan eta astea etorri, sentimenduak mugiarazten duela. Hori ezin da hain erraz galdu edota aldatu, eta hor dago indarra.

Osasunak dirua zor dizu?

Orain ez, baina utzi nuenean zorretan geratu zen; gero ordaindu zidaten. Atzerapenekin ere ordaindu izan ziguten, baina kobratzen genuen gero.

Kapitaina zinen aldetik, lan txarra izango zen bada taldekideen eta zuzendaritzaren aurrean aurpegia ematea, ezta?

Bai. Azkenean, taldekideek beren kontuak eginda izaten zituzten, eta dirua garaiz heltzen ez bazen, egoera txarra izaten zen. Aurpegia ematea tokatzen zitzaigun, lasaitasunari eustea, baina kobratu gabe jokatu behar izaten genuenean ez zen erraza izaten.

Eskatu zenioten jokalariren bati klubari salaketa ez jartzeko?

Inoiz ez. Bakoitzaren dirua da, eta bakoitzaren erabakia.

Klub bat ondo kudeatzeko eredua Eibarrena izan daiteke?

Hala izan behar du. Baina zaila da Eibarren ereduarekin Lehen Mailan irautea. Realak ere ondo bideratu zuen zorrarena, eta etxeko jokalariak funtsezkoak izan ziren emaitza onak lortzeko. Hala behar luke izan talde guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.