Lehen kolpea ematen duenak...

Urriza-Labakak nagusitasunez irabazi dute binakakoa, finalean Ansa-Aizpururi 40-31 gailenduta

Javier Urriza eta Jagoba Labaka, txapela jantzita, binakakoaren finala irabazi berritan, atzo, Galarretan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Lehen kolpea ematen duenak asko izan ohi du irabazia, are gehiago hori egiten duenak sobera baldin badauka arerioaren erantzunari aurre egiteko eskarmentua eta gaitasuna. Eta horretatik sobera du Javier Urrizak. Ia hamalau urte daramatza erremontearen gailurrean. Atzo, hamaikagarren lezioa eman zuen kantxan. Ikusgarri aritu zen Binakako Txapelketako finalean. Jagoba Labakaren lan ederrak lagunduta, 40-31 irabazi zieten Imanol Ansari eta Joxin Aizpururi, Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa).

Seigarren txapela du Urrizak. 2007tik hona irabazi ditu, sei bikotekiderekin. Patxi Zeberio bakarrik du aurretik, txapela bat gehiagorekin. Sei txapel horiei banaka eskuratutako zazpiak gehitu behar zaizkie. Hamahiru dira guztira. Zenbaki horrek ez du ezer txarrik Urrizarentzat. Zoriontasunetik du dena. «Oso pozik nago. Nire adinarekin [39 urte ditu] erregaia da finalak jokatzen jarraitzea, eta zer esanik ez txapelak irabaztea», esan zuen atzo, irabazi berritan. Binakakoa irabazita, bolada gozoari eutsi dio, jokatu diren azken hiru torneo edo txapelketetan nagusitu baita: lehenbizi, Galarretaren 50. Urteurrenaren Oroimenezkoan, Aritz Zubirirekin, eta, jarraian, banakakoan eta binakakoan.

Pozarren zegoen Urriza, baita Labaka ere, estreinako finalean lehen txapela lortuta. «Ikaragarria da. Ametsetan nago oraindik. Oso ondo hasi gara, sakearekin asmatuz. Haiek, berriz, ez dira ondo hasi, eta, horri esker, aldea egin dugu, eta gero, eusten jakin dugu».

12-4, 20-11, 28-18...

Labakaren esanak ezin hobeto azaltzen du non egon zen finalaren gakoa. Aurreko partidetan ez bezala, indartsu hasi ziren Urriza-Labaka. Aurrelariak esana zuen azkar hartu behar zuela abiada. Esan eta egin. Kantxaren erdialdearen jabe egin zen hasieratik, eta haren ingurutik pasatu zen pilota oro eramaten hasi. Bestela, adi zegoen Labaka. Horri esker, aldea egin zuten berehala (12-4 eta 20-11), eta, gero, eutsi egin zioten.

Hautsi eta eutsi. Hiru hitz besterik ez. Eta sekulako lana, aurrean eta atzean, erasoan eta defentsan.Urrizak hamabost tanto egin zituen, eta lau baino ez galdu; lau, 120 pilotakadatik. Ia dena eraman zuen, eta aurkariak etsiarazi. Saiatu zen Ansa II.a, eta partida polita jokatu zuen. Urrizak baino bi tanto gehiago egin zituen, hamazazpi, baina hamar huts egin zituen, horietatik batzuk azkeneko txanpan, ekinaren ekinaz oso maldan gora zuten partida (28-18) ia orekatzeko gai izan zirenean (34-30). Baina hortxe azaldu zen berriro Urriza, eta Labaka haren laguntzaile fina. Lehen finala izanagatik ere, beteranoen gisan aritu zen azpeitiarra, eta herrikideari gailendu zitzaion, haren aldean gorabeherarik gabe aritu baitzen: Labakak bederatzi tanto egin zituen, eta bi soilik galdu; Aizpuru III.ak, aldiz, zortzi egin zituen, eta sei galdu. Hots, irabazleek sei pilota huts egin zituzten, eta galtzaileek, hamasei. Alde handia da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.