Igandean abiatuko da traineruen denboraldi ofiziala. Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak jokatuko dira Zarautzen eta Lekeition, hurrenez hurren. Negua gogorra izan ohi da arraunlarientzat: lan saio amaigabeak, lehiaketarik gabeko prestakuntza... zaila izaten da motibazioa bilatzea. Gogotik egiten dute lan liga hasierara bete-betean heltzeko. Baina negua aspaldi joan zen, eta itzalean egindako lana erakusteko garaia heldu zaie. Hala ere, oraindik hilabete falta da epaileak Eusko Label eta Euskotren ligetan banderatxoa astintzeko. Uztailaren 1ean Galizian jokatuko den lehen estropadara modu egokienean iristea izaten dute helburu, eta, hilabete gelditzen dela kontuan hartuta, berotu ederra hartu beharko dute asteburu honetan.
Azken hilabeteetan jaitsieretan murgildu dira taldeak. Arraunlariek traineruari hautsa kentzeko aukera izan dute estropada horietan, baina, batez ere, arraun egitera ohitzekoa. Orain, berriz, lehen txapelketa ofiziala jokatuko dute. Denboraldiko lehen helburuak betetzeko garaia da, eta sasoi egokienean ez iristeak hautagai bat baino gehiago izatea eragin dezake. Gipuzkoako Txapelketan parekotasuna espero da, baina iazko garaileak lorpena errepikatzen ahaleginduko dira. Oriok irabazi zuen emakumezkoetan, eta Hondarribiak gizonezkoetan. Zailtasunaz jakitun diren arren, Nadeth Agirrek (Orio, Gipuzkoa, 1993) eta Ioseba Amunarrizek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1978) berriro gailendu nahi dute.
Bi urte dira Gipuzkoako Txapelketa garai honetan egiten hasi zirela. Bizkaikoak, berriz, iaz izan zuen estreinaldia. Hortaz, esperientzia dute jada garai honetan lehiatzen. Agirrek nabarmendu du «luzea» egiten zela jaitsieretatik txapelketa ofiziala hasi bitarteko bidea: «Orain jarraian dauzkagu Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak, eta gogotsu gaude martxa hartzeko eta estropaden dinamikan sartzeko. Nola gauden ikusteko eta besteekin alderatzeko aukera izango dugu». Amunarrizek ere bide beretik jo du: «Egia da goiz samar dela, baina Gipuzkoako Txapelketa da, eta gogotsu gaude txapelketa ofizialei ekiteko».
Biek ala biek dute garaipena helburu. Ez dira ezkutatzen. Agirreren iritziz, irabaztea «beti» izan behar da helburua. «Hala ere, oraindik hasiera da, eta, gorputza egin gabe daukagunez, gorabeherak izatea normala da. Ahalik eta lan txukunena egin behar dugu». Hondarribiarren patroiak irabazi egin nahi du, baina «lan ona» egin nahi du horretarako. «Helburua irabaztea da, baina beste askok ere helburu bera dute. Ahal bezain azkarren aritu nahi dugu; daukagun guztia emanez gero, oso aurkari gogorra izango gara».
Emaitzaz harago
Txapelketa ofiziala izanik, emaitzak garrantzia izango du. Hala ere, beste hainbat gauzatarako ere balioko die igandeko estropadak arraunlariei zein prestatzaileei; besteak beste, gainerako taldeen erreferentziak hartzeko, eta bakoitzaren lanarekin alderatzeko. Agirrek azpimarratu du horrelako txapelketak «talde askoren helburu» diren arren, ligak jartzen duela bakoitza bere tokian. Orain arteko lana ikusteko ere baliatu nahi dute estropada oriotarrek: «Liga hasi aurretik horrelako estropadak egitea ona da; batez ere, aukera ematen du ikusteko espero bezala gauden, edo aldaketarik egin beharko genukeen». Hori dela eta, Agirrek nahiago du bere ontziari begiratu aurkarienari baino gehiago. Baina kontuan hartu beharreko aurkariei buruz galdetuta, «jaitsieretako erreferentziak hartuta», argi dauka Arraun Lagunak eta Donostiarra kate motzean lotu beharko dituztela. «Uste dut aurreko urtekoarekin alderatuta, jauzia egin dutela; sailkapenaren goi partean ibiliko gara hirurak».
Agirrek bezala, Amunarrizek ere uste du igandekoak «taldeak alderatzeko» balio dezakeela, baina jakitun da txapelketa ofiziala «beste zerbait» dela: «Talde bakoitza udan non egon daitekeen ikusteko balioko digu, baina txapelketa ofiziala da. Estropadak hasten direnean lehia bizian sartzen zara. Orain artekoa ondo dago, baina hemendik aurrerakoa da benetako lehia».
Igandeko jardunari begira, hainbat talderen arteko «lehia estua» espero du. «Jaitsieretan Bermeo soilik egon da zertxobait aurretik, baina beste asko oso berdinduta gaude». Horien artean hiru aipatu ditu bereziki kontuan hartzeko: Orio, Donostiarra eta Getaria.
Txapelketa goizean goiz hasiko da. Beteranoak arituko dira lehenbizi, 10:30ean hasita. Haiek amaitu bezain laster hasiko da gizonezkoen estropada, eta, azkenik, emakumezkoena. Gipuzkoako Arraun Federazioaren Youtubeko kanalean ikusteko aukera izango da.
Lehen helburuak jokoan
Neguko sufrimenduak ahaztu, eta igandean hasiko dituzte arraunlariek traineruen urteko lehen txapelketa ofizialak. Zarautzen jokatuko da Gipuzkoako Txapelketa. Iazko garaipenak errepikatzen saiatuko dira Orio eta Hondarribia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu