Borja Viguera (Logroño, Espainia, 1987) izan da Athleticek denboraldi honetarako egin duen fitxaketa nagusia. Erasoko jokalarien artean lehiakortasuna sustatzeko egin du haren alde apustu Ernesto Valverdek. Aurrelariak aukera aprobetxatu nahi du.
Taldera egokituta zaude jada?
Bai. Ez dut arazorik izan. Lehen egunetik hartu naute oso ondo. Batzuk ezagutzen nituen, eta horrek erraztu egin dizkit gauzak. Oso gustura nago, eta, epe laburrerako genuen helburu nagusia lortu dugunez, dena da positiboa.
Sasoi hasiera indartsua izan da.
Niretzat gauza handia da Athletic bezain talde handi batean jokatzea. Gainera, Txapeldunen Ligako kanporaketa gainditu dugu, harmailak amaitu berri dituen futbol zelai bikain batean. Gauza asko gertatu dira, bai. Ea berdin jarraitzen dugun.
Napoliren aurkako neurketan izandako giroaren parekorik ezagutu al duzu inoiz?
Sekula ere ez. Ni harmailetan egon nintzen, eta benetan aparta izan zen giroa. Hala ere, giroa askoz gehiago bizitzen da zelaitik edo aulkitik.
Lehen partidetan deialditik at geratu zinen. Zer pentsatu eman zizun horrek?
Tira, nik banekien nora nentorren. Athletic laugarren sailkatu zen aurreko sasoian, eta erasoan aritzeko futbolari on asko ditu. Beraz, deialdietatik kanpo geratzeko arriskua hor dago. Zerrendatik kanpo geratzea lasai hartu dut. Ez naiz asko estutu.
Zein alde dago Realarekin maila nagusian debuta egin zuen jokalariaren eta elastiko zuri-gorriarekin Levanteren aurka minutu batzuk jokatu zituenaren artean?
Alde handia dago. Egun, askoz futbolari helduagoa naiz; futbola askoz hobeto ezagutzen dut. Realarekin debuta egin nuenean Donostiatik sekula irten barik nengoen. Utzita aritu nintzen taldeetan asko ikasi nuen, eta Alavesen egin nituen azken bi sasoietan zer egiteko gai naizen erakutsi dut. Askoz futbolari hobea naiz.
«Borja Viguerak talentu handia dauka, baina...». Zer da «baina» hori?
Ez dakit zer esan gurako duten. Gasteizen jarraitutasuna izan dut, golak sartu ditut, taldeari lagundu diot, defentsan ere hobetu dut... Nik ez daukat zalantzarik. Erasoan oldarkorra izaten ere ikasi dut. Lehen, gehiago gozatzen nuen pase bat emanez edo aurkariari baloia hanka tartetik pasatzen golak sartzen baino. Arlo horretan asko hobetu dut.
Jokalari berekoiagoa zara orain.
Bai. Ez dakit berekoia den hitz aproposa, baina lehen baino gehiago begiratzen dut atera. Hau da nire jokoak izan duen aldaketa nagusia.
Alavesen eginiko bi urteek balio izan zizuten gorengo mailan aritu zintezkeela sinesteko?
Bai. Aukera asko eta konfiantza eman zidaten. Athleticen ere horretarako ari naiz lanean.
Alavesen izarra zinen: taldeak zuretzat jokatzen zuen. Athleticen beste egiteko bat izango duzu.
Argi dago. Dagoenera egokitu behar dut. Hala ere, denboraldia luzea da, eta denok izango gara beharrezkoak.
Zer eman diezaiokezu Athletici?
Lan saioetan daukadan guztia ematen ari naiz. Eguneroko beharrean hobetzen da. Bada, lan saioetan egiten dudana partida ofizialetan erakusten ahaleginduko naiz.
27 urterekin, ezin zenuen aukera hau pasatzen laga.
Nire kirol ibilbidean hartu ditudan erabaki guztiak hausnarketa sakon baten ondorioa izan dira. Ez dut sekula zalantza egin. Athleticek eskaini didan aukera paregabea da.
Badirudi Ernesto Valverdek ezker hegalean aritzeko gura zaituela. Zuk non ematen duzu daukazun onena?
Erasoko postu guztietan jokatu dut. Alavesen izan naiz eraginkorrena, eta han erdiko aurrelari edo aurrelati petoaren atzetik aritzen nintzen. Hala ere, Athletic baloia izatea gustuko duen talde bat da, eta ni ere baloia dudanean sentitzen naiz eroso.
Geldialdiaren ostean, Bartzelonaren kontra jokatuko duzue Camp Noun, eta, gero, Xakhtarren kontra etxean, Txapeldunen Ligan. A ze partida bi.
Oso partida gaitzak dira biak ala biak. Hala ere, futbolari guztiok gura dugu gisa horretako neurketak jokatzea. Beraz, ezin gara kexatu. Bi lehiak dira garrantzitsuak, bereziak. Ilusio handia daukagu, baina Txapeldunen Ligakoa etxean jokatzea handia izango da.
Badago aukerarik ilusioa berreskuratu duen Luis Enriqueren Bartzelona ezustean hartzeko?
Gu edozein zelaitan irabazteko gai garela iritzi diot. Gure maila emanez gero, oso aurkari ezerosoa gara. Hala ere, Bartzelona, Bartzelona da, eta Messik maila onena berreskuratu duela dirudi.
Borja Viguera. Athleticeko jokalaria
«Lehen, gurago nuen paseak eman, golak sartu baino»
Bigarren Mailan nabarmendu ostean, onenen artean lekua duela erakutsi gura du Viguera aurrelari errioxarrak Athleticen. Realarekin Lehen Mailan debuta egin zuenetik «arlo guztietan» hobetu duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu