Artola-Mariezkurrena II.a 22-10-Peña II.a-Albisu

Lehen finala jokatuko dute Artolak eta Mariezkurrenak

Bikain jokatu dute Labriten, Peña II.aren eta Albisuren aurka. Bihar jakingo da zein izango den beste bikote finalista: Ezkurdiak eta Rezustak aski dute hamasei tanto egitea Lasoren eta Iztuetaren aurka.

Artola eta Mariezkurrena elkar besarkatzen finalerako sailkatu eta gero. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Artola eta Mariezkurrena elkar besarkatzen, finalerako sailkatu eta gero. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon eskudero
2025eko martxoaren 15a
20:48
Entzun 00:00:0000:00:00

Laineza hartuta iritsiko dira Binakako Txapelketako finalera Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena. Gaur aski zuten Iruñeko Labriten irabaztea bi aste barru jokatuko den finalean egoteko, eta ezin hobeto jokatuta menderatu dituzte Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu. Irabazi ez ezik, erakustaldi galanta eman dute biek, nagusi izan baitira nola aurrean hala atzeko koadroetan. Jakina zen ahal handiko bikotea osatzen zutela, eta orain arteko unerik garrantzitsuenean, txapelketako partidarik onena jokatu dute. Bihar erabakiko da nor izango den bikote aurkaria, Donostiako Atano III.ean. Kontuak argi daude: Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak aski dute hamasei tanto egitea; aitzitik, Unai Lasok eta Martxel Iztuetak gutxienez zazpi tantoko aldearekin irabazi beharra dute.

Goi mailan jokatzen urte dezente daramaten arren, lehenengo mailan estreinako finala izango dute nola Artolak hala Mariezkurrenak. Azken horrek aldea atera du aspaldian atzeko koadroetan, baina binakako txapelketetan bere maila eman ezinda ibili da. Aurten lehiaketa biribila osatu du hasi eta buka, eta lehen aldiz txapeldun izateko aukera izango du. Artola, berriz, 2021ean buruz buruko finalerako sailkatu zen, baina ezin izan zuen jokatu azken orduko lesio baten erruz, Jokin Altunaren aurka. Hortaz, arantza hura kentzeko aukera aparta izango du hemendik bi astera, Nafarroa Arenan.

Ezbairik gabe, zorte txarra bidelagun izan du Artolak profesional ibilbidean. Lesioak etsai izan ditu. Urrutira joan gabe, iazko urtean ekainetik abendurako tartean bost geldialdi egin behar izan zituen, zenbait zuntz hausturaren ondorioz. Binakako txapelketa honetan ere, bost partida ezin izan ditu jokatu. Dena den, urte honetan jarraitutasuna lortu du, horrekin batera konfiantza ere bai, eta argi du koska bat gora egin duela.«Pauso bat aurrera eman dut nire jokoan, eta emaitzak etorri dira. Urte hauetan lesio ugari izan ditut, baina pazientziaz jardun dut beti lanean, eta oso pozik nago binakako finala jokatuko dugulako».

Kontentu egoteko motiboak baditu Baikoko bikoteak, nagusitasun osoz egin baitu finalerako urratsa. Jokoan asko zutela jakinagatik, lasai eta burutsu kantxaratu dira bi pilotariak, eta lehen tantotik agindu dute. Mariezkurrenak nabarmen erakutsi dio bizkarra Albisuri, eta Artolak ere burutsu jardun du. Pilota txarretan asko lagundu dio atzelariari, eta aukera onak baliatu egin ditu. Hasieratik lortu dute aldea gorriek: 4-0, 6-1 eta 12-1. Lehen atsedenaldi luzerako bidea oso azkar egin dute gorriek, hogei minutu eskasean. Beste erritmo batean jokatu dute, askoz ere abiadura biziagoan ibili dute pilota, eta Peña II.ak eta Albisuk ez dute gaitasunik erakutsi aurka egiteko ere. Ahalegindu dira jokoa nahasten, baina irabazleen ahala izugarria izan da.

Susperraldi oso txikia

Lehen atsedenaldiaren ondoren erronka polita izan dute gorriek: ordura arteko kontzentrazio eta intentsitateari eustea. Halakoetan ohikoa izaten da gorputza erlaxatzea, baina ez zaie halakorik gertatu. Artolak eta Mariezkurrenak asko jokatu dute handik aurrera ere, baina gutxienez tanto batzuk jarraian egin dituzte Peña II.ak eta Albisuk, kastaren eraginez. Hortzak estutu dituzte: Albisuk lan handia egin du defentsan, eta Peña II.ak ere erremate politak egin ditu aurrean. Aldea pixka bat murriztea lortu dute (13-7), gutxienez partidan apur bat sartu dira, baina ez luzerako. Berriro ere martxa hartu eta euren onena atera dute finalistek.

Distiratsu aritu da Artola. Pilotak gastatuz joan dira pixkanaka, eta Mariezkurrenak ez du aurrez bezala agindu atzean, baina alegiarrak erakustaldia eman du errematean. Bikote horren joari eta gaiari errematerako gaitasuna gehituz gero, ia menderaezinak bilakatzen dira Artola eta Mariezkurrena. Finalean aurkari edozein dutela ere, haiek izango dira faborito.

Labriten ez ezik, Lekeition (Bizkaia) ere izan da jaialdia gaur. Ados Pilotaren Binakako Txapelketan izan da, eta bi partida jokatu dituzte. Lehenengoan Ruiz de Infantek eta Orbegozok 22-17 irabazi diete Barrokal eta Arrastiari. Bigarrenean, berriz, Oskoz eta Agirrek 22-13 menderatu dituzte Arrieta eta Galeano.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.