Futbola

Eibar hirugarren ahaleginean saiatuko da mailaz igotzen

Eibarrek larunbatean jokatuko du joaneko partida, Oviedon (18:30 LaLiga TV). Kanporaketa gainditzen badu, Sporting eta Espanyolen arteko neurketa irabazten duenaren aurka jokatuko du igotzeko aukera.

Jose Corpas Eibarreko jokalaria berak sartutako gola ospatzen. JON URBE / FOKU
Jose Corpas Eibarreko jokalaria berak sartutako gola ospatzen. JON URBE / FOKU
pettan uralde
2024ko ekainaren 3a
15:45
Entzun

Bigarren mailako zulotik ateratzen saiatuko da Eibar, hirugarren urtez jarraian. Azken bi denboraldietan ez du lortu igoera zuzeneko postuetan sailkatzea, eta kanporaketetan ez da finalera iritsi, Alavesen eta Gironaren aurka galdu ostean. Ankerra da Espainiako Bigarren Maila, eta beste urte batez igoerako kanporaketen erronka gogorrari aurre egitea tokatuko zaio talde armaginari.

2020-2021eko denboraldian jaitsi zen Eibar Espainiako Lehen Mailatik, eta geroztik debaldetan ahalegindu da berriro goi mailara heltzen. Gaizka Garitanok hartu zuen armaginen gidaritza jaitsieraren urtean: denboraldi bikaina egin, eta, hala, igoerako postuetan amaitu zuten. Dena alde izanda ere, ordea, hanka sartze ikaragarria egin zuen Eibarrek txapelketako azken jardunaldian. Partida bat falta zela, lehen postuan zegoen, 80 punturekin, eta azken sailkatuaren aurka jokatzekoa zen. Alcorconen etxean puntu bat ateratzea nahikoa zuen igotzeko, baina azken minutuan gol bat sartu zieten eibartarrei, eta kanporaketa postuetan amaitu zuten. Lehen kanporaketa hartan, Eibarrek irabazi egin zuen Gironaren etxean, 0-1, eta Ipuruan berdinduta nahikoa zuen. Baina denboraldia era traumatikoan amaitu zuen, luzapenean gola sartu baitzieten, eta lehiatik kanporatu.

Gaizka Garitanok ez zuen amore eman, eta asmo berberarekin ekin zion hurrengo denboraldiari. Baina oso estua izan zen txapelketa osoa, eta talde armaginak igoerako kanporaketen postuan amaitu zuen berriro. Kanporaketetan Alaves izan zuten aurkari, eta berriro kanporatu zituzten finalaurrekoan.

Igandean jokatutako partida aurtengo denboraldiaren isla izan zen. Golak sartu eta sartu dabil Eibar, baina, aldi berean, errazegi sartzen dizkiote aurkariek. Oviedoren aurka lau gol eginda, aurtengoa bilakatu da taldearen historian gol gehien sartutako denboraldia: 72 sartu dituzte guztira, aurreko markarik onena baino 11 gehiago. Hala ere, eta bigarren sailkatuarengandik puntu bakarrera geratu bada ere, ez da nahikoa izan zuzenean igotzeko.

Oraingoan asmatu behar

Larunbatean hasiko dute armaginek igoerako kanporaketen bide luzea. Ligan bezala, Oviedo izango dute aurkari, seigarren sailkatua. Joseba Etxeberria entrenatzaileak «sari nagusia» nahi du orain, eta nabarmendu zuen promozio kanporaketara «ondo eta oso seguru» helduko direla. Alde horretatik, uste du itzulerako partida Ipuruan jokatzeak mesede egingo diela, sei partida jarraian irabazi baitituzte euren zelaian. Etxeberriak aitortu zuen nahiago zukeela igoera joan den igandean ziurtatu, baina ez zegoela haien esku bakarrik. Azken jardunaldian ikusi zen bezala, Oviedo mendean hartzeko «exijentzia handia» behar da, adierazi zuenez.

Eibarrek golak sartzeko duen gaitasuna da kanporaketa hauetan igoerarekin amets egiteko arrazoi nagusia. Hirugarren urtez jokatuko du igoerako kanporaketa, eta irudipena da aurreko bi saiakeretan baino hobeto dagoela taldea. Baina argi dago huts gutxiago egin beharko dituztela, halako kanporaketak xehetasun txikien arabera ebazten baitira.

Urte osoko lana batzuetan ez da nahikoa izaten Lehen Mailara igotzeko, eta halaxe ikusi izan da igoerako kanporaketetan. Bigarren Mailako igoerako kanporaketak jokatzen direnetik, seigarren sailkatua izan da igoera aldi gehienetan lortu duena: sei aldiz. Hirugarren sailkatua, berriz, hirutan baino ez da igo. Mamu horri ere aurre egin beharko dio Eibarrek aurtengo kanporaketan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.