Lehen aldiz, liga bakarra osatuko dute Iparraldeko eta Hegoaldeko txapelketa nagusiek. Jai Alai Liga izena izango du, eta lau txapelketek osatuko dute: Gernikako (Bizkaia) Winter Seriesek, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Nazioarteko Torneoak, Miarritzeko (Lapurdi) Urrezko Xisterak eta Paueko Kopak (Okzitania).
Gaur aurkeztu dute, Gernika-Lumon. Antolatzaileen arabera, zesta-puntak «pauso historikoa» eman du, eta «mugarri» izango da aro berri honetan. «Orain arte, kirola zatituta egon da. Batetik, Iparraldeko frontoi eta txapelketa prestigiotsuak jokatu dira, eta, bestetik, Hegoaldekoak. Mugaren alde batean eta bestean jokatzen duten pilotariak, ordea, berak izan dira, baina bi kirol sistematan lehiatzen aritu dira. Zesta-puntaren hazkundearentzat horixe izan da oztoporik handiena, eta orain, akordio historiko horrekin, liga bateratu bat sortu dute».
Urte guztiko egutegia izango du, eta puntuazio eta sailkapen bateratua. Gainera, pilotari onenak fase amaierarako txapelketarako sailkatuko dira.
Antolatzaileak ziur daude Iparraldearen eta Hegoaldearen batuketak zesta-puntaren indarra «biderkatuko» duela. «Oiartzun mediatikoa are gehiago zabalduko da. Hegoaldeko zesta -puntari Iparraldeko atea irekitzen dio, baita Frantziakoa ere, Paue tartean izanik. Summer Leagueko (Udako Ligako) txapelketek, berriz, berebiziko garrantzia izango dute Hegoaldeko agendan. Etorkizunera begira, kirola sendotzeko eta hazteko aukerak zabalduko ditu».
Jai Alai Liga sortzeaz aparte, bigarren mailako Pro Am txapelketak ere sustatuko dituzte. Eraman Jai Alai enpresak, aurten lehenbizikoz, Winter Pro Am txapelketa antolatu du.