Maite Maiora. Mendi korrikalaria

«Lehen aldiz ariko naiz halako distantzian, eta beldurra ematen dit»

Unai Ugartemendia.
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Inoiz baino lasterketa gutxiago eginda ariko da Maite Maiora (Mendaro, Gipuzkoa, 1980). Urte hasieran, UTMBra bideratu zuen denboraldia, eta, orain aste gutxi, mendiko triatloi batean ere parte hartu du.

Nolako gorputzaldiarekin iritsiko zara lasterketara?

Hasiera batean, ez dut arazo fisikorik, eta oso gogotsu eta motibatuta nago. Pena eta dena ematen dit prestakuntza amaitzeak, oso bide polita izaten ari baita. Inoiz egin ez nituen ibilbideak egiten ari naiz, lehen ezinezkoak zirenak, eta, alde horretatik, oso uda berezia izaten ari da aurtengoa. Ilusioz beteta nago.

Aurreneko aldiz lehiatuko zara ehun miliako lasterketa batean. Prestaketa berezirik egin al duzu?

Bai, sekula ez bainuen horrelako lasterketa bat prestatu behar izan. Azken hilabeteak lasterketa honi begira entrenatzen aritu naiz bereziki, eta, horregatik, ia ez dut lasterketarik egin. UTMBra begira egindako egutegia izan da aurtengoa.

Zerbaiti ba al diozu beldur berezirik?

Gehienbat, distantziari, kontuan hartzeko zenbakiak baititu. Gero, urdailak ere nola erantzungo didan ikusi behar dut. Jana eta edana ondo barneratzeak ere berezko ardura sortzen dit.

Estreinakoa izan arren, jada faboritoen artean zaude. Zer diote ingurukoek?

Zerrenda ere ez dut ikusi! Erabakia hartu nuenean, banekien gerta zitekeen zerbait zela, baina ez diot horri inolako garrantzirik ematen. Ingurukoek ni neu izateko esaten didate.

Helburu berezirik ba al duzu lasterketarako?

Ahalik eta azkarrena iristea helmugara, kar-kar.

Zer emaitza lortuta itzuliko zinateke pozik etxera?

Dena eman dudala ikusita, pozik izango naiz. Noski, ahal bada, lehen postuetan ibili nahiko nuke. Halere, ezin dut aurretik ezer pentsatu, nire tokia non dagoen ez baitakit oraindik.

Podiumarekin amestu al duzu?

Amets egitea libre izaten da, eta uste dut denok amets egiten dugula. UTMBko podiuma, Zegama-Aizkorriko podiumaren antzeko lorpena izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.