Eskubaloia

Lehen aldiaren xarma

Sei urtez saiatu eta gero, Bera Berak Europako lehiaketa baten ligaxka jokatuko du. Gaur ekingo dio, etxean, Paris 92ren aurka. Lehen aldia du Anne Erauskinek. «Zirrara handia» eragiten dio.

Anne Erauskin. ANDONI CANELLADA / FOKU
Anne Erauskin Bera Berako jokalaria, herenegun, Bidebietako kiroldegian, entrenamendua hasi aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko urtarrilaren 11
05:05
Entzun

Lehen aldiek irrikaren, emozioaren eta urduritasunaren arteko nahasketa bat eragiten dute. Horrela dago Anne Erauskin Bera Berako jokalaria (Ermua, Bizkaia, 1998): «Irrikaz, oso emozionatuta eta apur bat urduri». Ez da bakarra. «Taldekide asko gaude horrela», aitortu du. Lehen aldiz aritzear daude Europako lehiaketa baten ligaxkan. Donostiako taldeak, berriz, sei urteren ostean jokatuko du berriro ligaxka bat. Bost aldiz jarraian atarian geratu ostean, barruraino sartu da oraingoan. Gaur ekingo dio Europako Ligako ligaxkari, etxean, Gaskan, Paris 92ren aurka (18:00, ETB4).

Benfica eta Lublin kanporatu zituzten sailkatzeko. «Sekulako poza» hartu zuten hori eginda. «‘Azkenean lortu dugu! Bazen garaia’; horixe pentsatu genuen sailkatu ginenean». Poza ez ezik, «arindu handia» hartu zuten. «Imanolek [Alvarezek, taldeko entrenatzaileak] denboraldiaurreko lehen egunean argi utzi zigun helburu nagusia Europako ligaxkarako sailkatzea zela. Aurreko sasoia oso ona izan zen, hiru tituluak irabazi baikenituen [Espainiako liga, kopa eta superkopa], baina Europan ligaxkarako sailkatu ez izanaren arantza geratu zitzaigun. Hori dela eta, denboraldi hasieratik Europako lehiaketan jarri genuen indar guztia».

Horrenbesteko garrantzia eman zion Alvarezek ligaxkarako sailkatzeari, ezen esan baitzuen hark aldatu egingo lukeela liga irabaztea ligaxkarako sailkatzeagatik. Erauskin, ordea, ez da iritzi berekoa. «Imanolek titulu asko irabazi ditu; horregatik dio hori [barrez]. Ilusio handia egiten dit ligaxka jokatzeak, baina ederra da titulu bat irabaztea. Nik oraindik ez ditut asko».

Liga jokatzen ari dira, baina, azaldu duenez, «saihetsezina» da Europako lehiaketan pentsatzea. «Liga garrantzitsua da, baina, gaur-gaurkoz, gure lehentasuna ligaxkan jokatuko ditugun sei partidak dira. Horri begira ari gara, baina horrek ez du esan nahi liga bazter batean utziko dugunik; partida guztiak irabazten saiatu behar dugu».

Paris 92, Alemaniako Bensheim-Auerbach Flames eta Norvegiako Fredrikstad taldeen aurka jokatuko dute ligaxkan, etxean eta kanpoan, eta lehen bi sailkatuak final-laurdenetan ariko dira. «Itxura ona» hartu dio Erauskinek. «Ez da multzorik zailena. Ondo aritzen bagara, eta nerbioei eusten badiegu, uste dut badugula aukera partidaren bat irabazteko, baita sailkatzeko ere».

«Ondo aritzen bagara, eta nerbioei eusten badiegu, uste dut badugula aukera partidaren bat irabazteko, baita sailkatzeko ere»

ANNE ERAUSKINBera Berako jokalaria

Argi utzi du horretarako «ondo» aritu beharko dutela, eta «lehiakorrak» izan. «Helburu nagusia bete dugu jada: ligaxka jokatuko dugu. Baina, behin hori egin eta gero, saiatu behar dugu Europako titulu hau ere irabazten. Partida guztietan lehiakor aritu behar dugu, batez ere etxean, gure zaleek gurekin goza dezaten. Historia egingo genuke sailkatuko bagina, eta polita da horrekin amets egitea».

Oparia zaleei

Etxeko zaleak aipatu ditu; haiek gozarazi nahi dituzte. «Etxekoek, lagunek... denek esan didate ligaxkako partida hauek ikusteko irrikaz daudela, batez ere Gaskan jokatuko ditugunak. Gure zaleak ikusgarri portatzen dira gurekin, eta ligaxka hau jokatzea haiei egiten diegun oparia da, haien babesa eskertzeko. Ederra izango da haiekin etxeko partidak bizitzea». 

Paris da bideko lehen harria. Badute haren berri. «Fisikoki oso talde indartsua da; halakoak dira Frantziako ligako talde guztiak. Gogor defenditzen dute, baina espero dugu guk are eta defentsa gogorragoa egitea». Hain zuzen, hori jo du gakotzat partida irabazteko. «Sendo aritu behar dugu defentsan; hori egiten badugu, konfiantza eta lasaitasun handiagoz ariko gara erasoan. Ezin dugu presaz aritu eta baloiak galdu. Hori eragotzi behar dugu».

«Ondo» arituko direlakoan dago. «Oso ondo ari gara; denboraldiko garairik onenean gaude. Denok oso gogotsu gaude. Zoriontasuna sumatzen dut, baina aldi berean oso kontzentratuta ari gara; badakigu zer dugun zain: bi hilabete gogor, baina oso politak aldi berean». Astean bitan jokatuko dute bi hilabetez, eta entrenatzeko denbora gutxi izango dute. Hori dela eta, azpimarratu du «entrenamenduko minutu bakoitzari ahalik eta zuku gehiena» atera behar diotela, eta aldi berean saiatu behar dutela lanean ari ez direnean «burua lasaitzen eta atseden hartzen». «Fisikoki baino gehiago, buruz izango da gogorra, eta prest egon behar dugu».

Taldearen pare ari da Erauskin: oso ondo. «Lehen aldiz sailkatu gara Europako ligaxkarako, eta ni lehen aldiz aritu naiz Europako Txapelketa batean, Espainiako selekzio nagusiarekin. Hori kontuan hartuta, nire kirol ibilbideko garairik onenean nago. Ondo nago sasoiz eta jokoz, barruan dudan guztia emateko prest».

«Ametsik ederrenean ere ez nuen pentsatuko Bera Berak deituko ninduela», esan zuen klubak aurkeztu zuenean. Bi urte eta erdi pasatxo joan dira, eta, egun, bere burua «taldean sendotuta» ikusten du. «Hasieran zalantza izan nuen: ea nola egokituko nintzen eta gai izango nintzen talde honetan ondo aritzeko. Jada ez dut zalantzarik: oso gustura nago, eta gai naiz ondo aritzeko. Segurtasun handiagoa dut neure buruan. Eskarmentuak eman dit hori, baita psikologoekin egindako lanak ere. Heldu egin naiz». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.