Pilota

Lehen aldia ezin hobea izan da

Ados klubak antolatutako binakakoaren finalerdiak jokatuko dituzte gaur Donostian, eta bihar Miarritzen. Gaur, Amaia Arrastia eta Leire Oskoz ariko dira elkarren aurka. Biak lehen aldiz ari dira maila nagusian. «Oso gustura» dabiltza.

Amaia Arrastia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Amaia Arrastia, pilota jotzear, Adosen binakako txapelketako partida batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko martxoaren 22a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

«Berezia eta oso polita». Horrela definitu dute Amaia Arrastiak (Arellano, Nafarroa, 2007) eta Leire Oskozek (Lantz, Nafarroa, 2007) Ados Pilota klubak laugarren aldiz antolatutako Binakako Txapelketa. «Berezia», lehen aldiz jokatu dutelako biek maila nagusian, eta «oso polita», «gozatzen» ari direlako biak.

Oso ondo ari dira, eta, gaur, finalerdia jokatuko dute elkarren aurka, Donostian, Atano III.ean, 17:30ean. Arrastia Maddi Barrokalekin ariko da; Oskoz, berriz, Naroa Agirrerekin. 

Bihar, bigarren finalerdia jokatuko dute Miarritzen (Lapurdi), Plaza Berrin, 11:30ean. Ainhoa Ruiz de Infante eta Oihana Orbegozo Iera Iturriagaren eta Ane Mendibururen aurka ariko dira. Bi finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute hilaren 29an, Iruñean, Labriten.

«Pilotari ororen ametsa da lehen mailan eta halako pilotari onekin aritzea. Asko eskertzen diot Adosi»

AMAIA ARRASTIASan Miguel klubeko pilotaria

Biek asko eskertzen diote Adosi aurreneko aldiz maila nagusian aritzeko aukera ematea. «Pilotari ororen ametsa da lehen mailan eta halako pilotari onekin aritzea. Asko eskertzen diot Adosi», esan du Arrastiak. «Ikaragarria da halako txapelketa bat jokatzea. Gogorra da, baina anitz eskertzen dugu asteburuero jokatzea. Asteburuan partida izatea pizgarri ederra da aste barruan gogor entrenatzeko. Gainera, pilotari denak oso atseginak dira. Plazera da haiekin jokatzea», gehitu du Oskozek.

(ID_14707400) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-02-22, Mallabia. Pilota
Leire Oskoz, Adosen binakako txapelketako partida bat hasi aurretik. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Asko» ari dira ikasten

Biek nabarmendu dute «asko» ari direla ikasten onenekin arituta. «Partidak nola jokatu ikasten ari naiz. Hasieran, oso urduri nengoen, gozatu ezinik. Zalantza nuen ea maila honetan ondo aritu nintekeen. Baina, partidak jokatzen eta irabazten joan ahala, ikusi dut ondo aritu naitekeela, eta, horrek konfiantza eman dit. Konturatu naiz gozatzen saiatzea dela garrantzitsuena», azaldu du Arrastiak. Oskozek, berriz, «gogortasuna» azpimarratu du. «Tantoa egiteko pilotakada anitz jo behar direla ikasi dut; hau da, anitz borrokatu behar dela. Partida guztiak arras gogorrak eta parekatuak izan dira».

Barrokal eta Arrastia lehenak izan dira ligaxkan: zortzi partida irabazi dituzte, eta bi galdu. Okerrago aritu dira Oskoz eta Agirre: lau neurketa irabazi dituzte, eta sei galdu. Haien artekoetan, ordea, berdinduta daude: lehen itzulian, Oskozek eta Agirrek 22-17 irabazi zuten Lizarran (Nafarroa); aurreko igandean, berriz, Barrokal eta Arrastia 22-12 nagusitu ziren Beasainen (Gipuzkoa).

Bat datoz: «gogorra» izango da gaurko finalerdia. «Berdin du aurretik egindakoak. Leire oso ondo ari da, eta trebea da tantoa bukatzen. Naroa ere oso ondo ari da, oso seguru bi eskuekin», adierazi du Arrastiak. Oskozek ere aurkariak goraipatu ditu. «Maddi eta Amaia ikaragarri ari dira jokatzen. Lan handia egin beharko dugu irabazi nahi badiegu. Anitz borrokatu beharko dugu, eta, haiek anitz mugiarazi».

«Itxaropentsu» daude biak, «konfiantza handia» baitute bikotekideengan. Biek nabarmendu dute Barrokal eta Agirre «oso pilotari zailduak» direla, eta horrek «lasaitasuna» ematen diela.

«Anitz eskertzen dugu asteburuero jokatzea. Asteburuan partida izatea pizgarri ederra da gogor entrenatzeko»

LEIRE OSKOZAdos klubeko pilotaria

Arrastiak aitortu duenez, «hasieratik oso ondo» moldatu da bikotekidearekin. «Elkarren osagarri gara: ni oso segurua naiz atzean, eta, bera, berriz, oso ona da aurrean hutsuneak bilatzen eta pilota mugitzen. Oso ondo aritu gara orain arte, eta ea finalerdian ere horrela aritu gaitezkeen». 

Oskozek eta Agirrek, ordea, behetik gora egin dute. «Ez ginen hasi arras ongi, baina, pixkanaka, gero eta hobeto aritu gara. Joera horri eutsi nahi diogu».

Etxekolonea gogoan

Baina dena ez da polita izan. Txapelketa jokatzen ari zirela hil egin zen Naroa Elizalde Etxekolonea Adoseko pilotari eta sortzaileetako bat. Biek aitortu dute «oso kolpe gogorra» izan zela haren heriotza. «Ados klub bat baino gehiago da; familia bat gara. Oso gaizki pasatu dugu», esan du Arrastiak. «Arras tristea izan da. Izugarri maite genuen Naroa», gaineratu du Oskozek.

Adosek finalean egingo dio omenaldia Etxekoloneari. Txapeldunek txapela jantziko dute, baina Arrastiak eta Oskozek argi dute norentzat izango den txapela. «Partida guztiak Naroarengatik eta Naroarentzat dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.