Artola 22-16 Elordi

Lege zaharrean irabazi du Artolak

Partida gogoangarria jokatu dute Artolak eta Elordik, eta zaleek zutik jarrita agurtu dituzte. Sasoi latza erakutsi du Alegiakoak, eta segidan egin ditu azken sei tantoak.

Iñaki Artola pilota jotzen, atzean Elordi duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iñaki Artola pilota jotzen, atzean Elordi duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon eskudero
2025eko apirilaren 12a
20:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Irudi bakar batek laburbildu du ondoen gaur Iruñeko Labriten jokaturiko partida, zutik jarri eta txalo artean agurtu baitituzte pilotazaleek bi protagonistak: Iñaki Artola eta Aitor Elordi. Partida latza jokatu dute biek ala biek, gogorra eta kalitate handikoa; buruz burukoan gutxitan ikusten diren horietakoa. Bakoitzak bere armak baliatuta, goi mailako jokoa kantxaratu dute, eta faboritoak irabazi du: Artolak. Besteak beste, lege zaharrean jokatuta garaitu du Elordi. Kolpez gehiago zela baliatuta, jo eta jo aritu da alegiarra, eta fisikoki lehertu egin du aurkaria. Elordik ere aspaldiko irudirik onena eman du, baina ez du aski izan irabazteko. Hala, final-laurdenetako lehen puntua poltsikoratu du Baikoko pilotariak, eta aurrerapausoa eman du finalerdietarako bidean.

Partidari hobeki ekin dio Artolak. Buruz buru lehenengo lehia beti izan ohi da arriskutsua, are gehiago aintzat hartuta entrenatzeko ia denborarik ez duela izan alegiarrak. Dena den, konfiantzaz ekin dio lehiari. Sakean asmatu egin du, eta frontisetik oso urrun ibili du pilota. 4-0 aurreratu da. Elordik ez du burua jaitsi, eta sufrimenduaren poderioz partidan sartuz joan da pixkanaka. Hankak bizi izan ditu, jokoan fresko sentitu da, eta batez ere boleari atera dio etekina. Nortasunez jokatu du, eta txapeldun izan zeneko pilotari hartara hurbildu da tanto askotan. Pixkanaka berdinduz joan da neurketa: seina, zortzina eta 11na berdin egon dira.

Gidoia antzekoa izan da tanto gehienetan. Artolak agindu du, baina kosta egin zaio pauso bat aurrera egiteko erabakia hartzea. Dejadaz amaitu ditu pare bat tanto, baina pilotakada askotan uko egin dio airez jotzeari. Lege zaharrean jokatu du. Kontrakoa egin du Elordik: aukera izan duen bakoitzean tantoa amaitzea izan baitu xede. Goi mailako lehen zatia eskaini dute biek, eta lan erdietan ia berrehun pilotakada jo dituzte. Erritmo itogarrian jokatuta, gainera.

Artola, «oso gustura»

Ez da hain distiratsua izan bigarren zatiaren hasiera. Atseden luzetik bueltan, elkarri pare bat opari egin dizkiote; besteak beste, bakoitzak sakez falta bat egin du. Elkar hautsi ezinda ibili dira azken txanpara arte. Hain zuzen, hamaseinakoa izan da azken berdinketa. Hortik aurrera, Artolaren ahalmen fisikoa izan da giltzarri. Bere jokoak ez du behera egin, eta segi eta segi aritu da, burugogor. Errebotean amaitu du tanto bat, eta pozarren agertu da partida amaieran: «Banekien partida zaila nuela, eta oso pozik nago. Ligaxkan irabazten hastea beti da garrantzitsua. Pilota luze jotzen nuenean ez nuen lortzen berari buru gainetik pasatzea, eta motzago jotzen nuenean, berriz, aurrera egiten zidan. Hortik ihes egin ezinda ibili naiz, baina oso kontentu nago egindako jokoarekin. Hurrengo bi partidetarako entrenatzeko denbora izango dut orain, eta hori garrantzitsua da».

Gaurkoa partida handia izan bada, atzo ere neurri bereko ikuskizuna eman zuten Gasteizko Ogetan bi errioxarrek: Dariok eta Javi Zabalak. Azkenera arte borroka latza izan zuten, eta Dariok lortu zuen garaipena (22-20). Bihar, bestalde, egungo txapelduna sartuko da lehian, Eibarko Astelenan: Jokin Altuna. Hura izango da faborito Iker Larrazabalen aurka, nabarmen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.