Realarentzat izan da Anoetan jokatu den derbia. Txuri-urdinek 5. minutuan sartu dute neurketako gol bakarra, eta, Irene Ogizari 29. minutuan txartel gorria atera izanak baldintzatuta, Athleticek ezer gutxi egin ahal izan du. 12.465 ikusle elkartu dira Anoetan igande arratsaldean.
Gol bakarra ikusi dute, baina ikusgarria. Oraindik batzuk esertzen ari zirela, Lavogezek baloia jaso du, kontrolatu, eta bi aldiz pentsatu gabe jo du area kanpotik. Sareetara. Jaurtiketa geldiezina izan da Nanclaresentzat.
😱 Esto no es un gol... ¡esto es un golazo de @ClaireLavogez!
— GOL PLAY (@Gol) November 17, 2024
🔥 Se adelanta la @RealSociedadFEM en el minuto 5 de encuentro
🔵⚪ RSO 1-0 ATH 🔴⚪#LigaFenGolpic.twitter.com/eeh1AVw10z
Athleticek lanean jarraitu du, eta pixkanaka hasi da aukerak izaten. Anoetako zelaia F Ligako gehienak baino handiagoa da, horrek hutsuneak utzi ditu atzelarien bizkarrean, eta bi taldeak saiatu dira hori baliatzen kontraerasoak egiteko. Ondorioz, erritmo zoroa izan da hasieran.
Realeko jokalari onena Andreia Jacinto izan da tarte horretan, eta Ogizak iletik heldu dio jokaldi batean. Epaileak agresio bat izan dela ebatzi du, eta jokalari zuri-gorria aldageletara bidali. Erabakiak protestak eragin ditu.
Bat gehiagorekin, Reala hobea izan da. Bigarren zatian, Elene Letek ez ditu eskularruak zikindu, eta Nanclaresek geldiketa mordoxka egin behar izan du. Azpimarragarrienak, Lavogezi egindako pare bat eta Nerea Eizagirreri egindako bat.
Realak beste hiru puntu bildu ditu, eta laugarren postuan da, 19 puntu lortuta. Athletic zazpigarren da, hamalaurekin.