Aurten ere, txirrindulariek bizikleta adardunaren gainean hasiko dute Euskal Herriko Itzulia. 2019az geroztik, ia arau bihurtu da lehen egunean erlojuaren aurka lehiatzea. Etziko saioak, ordea, berezitasun nabarmen bat izango du: laua izango da ia erabat. Itzuliko bakarkako saioak malkartsuak izan ohi dira, baina oraingoan, txirrindulariek ordekan jardungo dute ia une oro. Gasteizen hasi eta bukatuko da —Buesa Arena barrutik irtengo dira ziklistak, eta pabiloiaren kanpoaldean izango dute helmuga—, eta horrek guztiz baldintzatzen du probaren ibilbidea. Hala azaldu du Igor Gonzalez de Galdeano txirrindulari eta zuzendari ohiak (Gasteiz, 1973). «Arabako Lautada den bezalakoa da; hemen nekez egin daiteke erlojupeko menditsurik. Bere berezitasunean ederra izango da aurtengo saioa».
Ikusi gehiago
Lautzat jo daitezkeen hiru erlojupeko egin dira, orain arte, Itzuliaren historia luzean. Lehena Tolosa eta Donostia (Gipuzkoa) artean jokatu zen, 1971n; Luis Ocaña gailendu zen 30 kilometroko ibilbidean. Bost urte geroago, Javier Elgorriagak irabazi zuen Iratxen hasi eta amaitu zen hamasei kilometroko erlojupekoan. Eten luzea etorri zen gero. Lau hamarkada igaro ziren hurrengo erlojupeko etzana jokatu zen arte: 2018an izan zen, Lodosan (Nafarroa). Primoz Roglic izan zen azkarrena. Mendaterik gabeko beste saio batzuk egin izan dira, baina ibilbide gorabeheratsua izan dute halere. Azken urteotan, berriz, txirrindulariak sigi-saga ibili dira herri barruko zirkuituetan. Bestela izango da aldi honetan: pedalei indarrez eragin beharko diete, garapen handiak mugituz.
«Arabako Lautada den bezalakoa da. Bere berezitasunean ederra izango da aurtengo erlojupekoa»
IGOR GONZALEZ DE GALDEANOTxirrindulari ohia
Hasieran malda labur batzuk izango dituzte, tartean Arzubiagako igoera puntuagarria, baina ez dute alderik sortuko. «Arzubiagako malda koska txiki bat besterik ez da. Txirrindulari astunek ez lukete arazorik izan beharko hura azkar gainditzeko. Oro har, indarra erakusteko saioa izango da», azaldu du Gonzalez de Galdeanok. Aldapek baino eragin handiagoa izan dezake haizeak. «Nahiko saio gogorra izango da haizeak jotzen badu, eta hori gertatzen bada, aldeak espero baino handiagoak izan litezke». Gainontzean, «zailtasun gutxi» izango da. «Faboritoen artean ez dut uste desoreka handirik izango denik. Oso saio azkarra izango da, eta txirrindulariek ziztu-bizian osatuko dute».
Gizonen Itzuliko 34 etapa amaitu dira orain arte Gasteizko barrutian, baina erlojupeko bakar bat ere ez. Espainiako Vueltan izan dira etapa batzuk: 1959an Eibar (Gipuzkoa) eta Gasteiz artean lehiatu ziren ziklistak, eta 1967an Guardiatik Arabako hiribururantz jo zuten. Oraingoan, baina, Gasteizen egongo dira bai irteera eta bai helmuga. «Normalean esprintak ikusi izan ditugu hemen, baina aukeran, nik nahiago dut erlojupeko bat. Astelehenekoaren antzeko saioetan, espezialistek aukera dute beren ahalmena erakusteko, eta ikusgarria da hori», esan du Euskaltelen zuzendari izandakoak.
Almeida faborito
Manager izan aurretik, goi mailako txirrindularia izan zen Gonzalez de Galdeano, eta oso emaitza onak lortu zituen erlojuaren aurka. Bere garaian, gustura hartuko zukeen saio lau bat Itzulian. «Halako erlojupekorik ez genuen sekula izan lasterketa honetan, eta gustura hartuko nukeen. Ziur ondo moldatuko nintzela. Ordea, gu beti Tolosa aldean edo Bizkaian aritzen ginen, eta aldapak nonahi izaten ziren». Baikortzat jo du Itzuliak aurten egingo duen «esperimentua», eta mesede nori egin diezaiokeen galdetuta, txirrindulari bat aipatu du: Joao Almeida (UAE). «Niretzat hura da hautagai nagusia nola erlojupekoa hala Itzulia irabazteko. Hala ere, ez dago erraz nagusitu daitekeen faboritorik, eta horrek on egingo dio ikuskizunari».
«Gasteizen esprintak ikusi izan ditugu, baina nahiago dut erlojupeko bat. Laua izanik, espezialistek aukera dute beren ahalmena erakusteko»
IGOR GONZALEZ DE GALDEANOTxirrindulari ohia
Lasterketak gidoi «ireki eta bizia» izango duelakoan dago Galdeano. «Etaparik ez da bukatuko mendate batean; hortaz, jendea lehenago mugitu beharko da, eta zaila izango da egoera kontrolatzea». Hankaz ez ezik, buruz ere azkarra izan beharko du Eibarko podiumera igo nahi duenak. Hori horrela izanik, euskal ziklistek «aukera gehiago» izango dute. «Hautagaien zakuan sartuko nituzke Pello Bilbao eta Ion Izagirre. Haientzat mesedegarria izango da irabazteko hautagai garbirik ez egotea eta lasterketak kutsu taktikoa hartzea. Era berean, gogoz nago Igor Arrieta zertarako gai den ikusteko».