Bera Bera 25-28 Blomberg-Lippe

Lauko finalerako bidea zaildu egin zaio Bera Berari

Donostiako taldeak 25-28 galdu du Europako Ligako final-laurdenetako joaneko partida, Gaskan, Alemaniako Blomberg-Lipperen aurka.

Elba Alvarez jaurtiketa bat egiten, gaur, Gaskan. GORKA RUBIO / FOKU
Elba Alvarez jaurtiketa bat egiten, gaur, Gaskan. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko martxoaren 23a
20:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Balentria handia lortzea gertu du Bera Berak, baina erronka zaildu egin zaio gaur. Imanol Alvarezen taldeak Blomberg-Lippe hartu du goraino bete den Gaska kiroldegian, eta markagailuan aurretik ere izan den arren, hiru golen aldeagatik galdu du (25-28). Zaila izango da Alemanian kanporaketa iraultzea, baina, gaurko lehia ikusita, ez da ezinezkoa.

Alba Menendez kapitainak asteon BERRIAri esan zion moduan, Europako Ligako Lauko Finalean sartzea «klubarekin historia egitea» izango litzateke, eta gaur nabaritu da hori. Egun handietakoa izan da giroa: ia 2.000 zale elkartu dira Bera Bera animatzeko. 

Eta jokalariek erantzun dute. Bera Berak aurpegia eman du talde gogor baten aurka, oso fisikoa, eta ia partida osoan atzetik ibili arren, ez diote markagailuan ihes egiten utzi. Berdinduta hasi da norgehiagoka; Karsten fin ibili da erasoan, eta atzealdean geldiketa onak egin ditu Lucia Pradesek (6-6). Alemaniarrek, ordea, 0-6ko partziala egin dute orduan, baina 4-0eko batekin erantzun du Bera Berak, Ogonovszkiren hiru goli esker. Atsedenaldira 12-14 heldu dira.

102121
Bera Berako jokalariak defentsa lanetan, gaur, Gaskan. GORKA RUBIO / FOKU

Bigarren zatian indartsu atera da kantxara etxeko taldea, eta partida berdintzea lortu du (17-17). Zaleen bultzadarekin, 19-18 aurretik ere jarri da, baina ezin izan dute errenta handitu, eta Blombergek ez du barkatu abagunea izan duenean (23-27). Azken minutuetan, erasoan, zazpi jokalari jarri ditu Alvarezek tartea murrizten saiatzeko, eta Erauskinek hegaletik egin ditu azken hiru golak.

Datorren igandean jokatuko dute itzulerako partida Alemanian. Kanporaketa gainditzeko hiru gol baino gehiagogatik irabazi beharko du Bera Berak. Erronka handia da, baina gaur agerian geratu da gaitasuna baduela taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.