Xabier Zaldua. Pentatloiko irabazlea

«Laugarren txapela lortzen saiatuko naiz»

Hirugarren aldiz irabazi du Xabier Zalduak pentatloia. Hiru ekitaldi jarraian irabazi dituen lehen kirolaria da. Aizkolaria izan arren, pentatloian topatu du bere lekua.

GORKA RUBIO / FOKU.
inigo lasa fresneda
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Baldintza txarrenetan ere irabazle atera zen pentatloiko finalean Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977). Euria izan zuten bidelagun pentatloiko finalistek Azpeitiko zezen plazan, baina hori ez zen oztopo izan Zalduak bere ametsa lortzeko: hiru txapel irabaztea. Laster 43 urte beteko dituen arren, plazetan beste zortzi urte egiteko moduan ikusten du bere burua.

Egun batzuk pasatu dira pentatloiko finalean lehiatu eta irabazi zenuenetik. Gorputzari buelta eman al diozu?

Bai. Asko busti ginen, eta katarroa harrapatu nuen. Bularra hartuta eduki nuen, baina giharretatik oso ondo nago.

Txapela irabazita, gorputza errazago etortzen al da bere onera?

Bai, hor arrazoi duzu. Alde ederra dago irabaztearen eta bigarren geratzearen artean. Bigarren geratu banintz, berdin-berdin bustiko nintzatekeen. Txapelarekin errazagoa da.

Aro berrian jokatu diren hiru pentatloiak irabazi dituzu. Dagoeneko Joxe Mari Olasagastiren marka berdindu duzu. Zer da hori zuretzat?

Poz handia da niretzat hori. Hiru txapel irabaztea ametsa zen niretzat. Nire lehen ametsa txapel bat irabaztea zen, baina aspaldi beste helburu bat finkatu genuen: hirugarrena irabaztea. Lortu dugu, eta balentria ona dela uste dut.

Hiru aldiz jarraian irabazi duen bakarra zara. Lehiakideen zerrenda ikusita, handia da egin duzuna.

Bai, nik ere hala uste dut. Orain dela hiru urte, bost aurkeztu ginen; aurreko urtean, hamabi; aurten, hamabost. Horrek meritu handiagoa ematen dio txapelari. Aurkari oso gogorrak izan dira. Zezen plazan asko sufritu arren, partaideen sasoiak merezimendu handiagoa ematen dio txapelari.

Nola prestatzen duzu horrelako proba bat?

Trantsizioak dira gehien landu beharreko alderdia. Harria jasotzen edo beste proba batean bakarrik entrenatuz gero, proba horretan ondo ibiliko zara. Baina harria jaso eta gero giza probara zoaz, eta handik aizkorara... Azkenean ez dituzu probak berdin osatzen, eta nik trantsizioei ematen diet garrantzia. Gutxi egin arren, entrenamendu bakoitzean bost probak lantzen ditut.

Pentatloiko proba guztiak gustatzen zaizkizu, ala bada baten bat gorroto duzuna?

Ez. Proba guztiekin eroso sentitzen naiz orain. Gehien nire proban sufritzen dut: aizkoran. Bi harriekin zigortuta natorrelako.

Pentatloiko entrenamenduak osatzeko, materiala erosi behar izaten duzue. Garestia alda pentatloia prestatzea?

Aizkora hutseko txapelketa bat prestatzea bainomerkeagoa dela esango nuke. Azkenean, zuk harriak, txingak eta bestelakoak erosten dituzu, eta betiko dituzu hor. Egur gutxi dira pentatloian, eta bi-hiru entrenamendu egitearekin nahikoa da. Ez da beste probak baino garestiagoa.

Aurtengo ekitaldia berezia izan duzue. Euria eta haizea izan zen egun guztian. Proba bertan behera uztea pentsatu al zenuten?

Ez, guk behintzat inongo momentuan ez genuen hori pentsatu. Kirolari moduan, bagenekien zer kostatu zen hori guztia antolatzea, eta proba bertan behera uzteak zer ekarriko lukeen buruan genuen. Telebista aldetik-eta zalantza batzuk izan ziren, bai, baina gure aldetik ez.

Baldintzak ikusita, buruhauste dezente izango zenituen, ezta?

Buruhausterik handiena harriarekin izan genuen. Bola bustitzen baldin bazen, jasotzea ezinezkoa izango zen. Hura nola tapatu eta ez bustitzea izan zen arazo handiena. Lehen txandakoak kexatu ez zirela ikusi nuenean, pixka bat lasaitu nintzen. Azkenean, ez genuen inolako arazorik izan, eta hor proba egin egingo zela ziurtatu genuen.

Lehen bi probak, harria jasotzea eta giza proba, Kepa Peñagarikanok baino minutu eta erdi beranduago amaitu zenituen. Aizkoratik aurrera, probaren bigarren zatian, aurrea hartu zenuen. Atzetik aurrera joateko estrategia pentsatua al zenuen?

Ez. Nik banekien Peñak nik baino lehenago amaituko zituela lehenengo probak. Gainera, harriak azkarrago jasoko zituela uste nuen. Peñak 100 kilo dauzkala ikusita, eta nik 20 kilo gutxiago, normalena zen harria berak lehenago jasotzea. Giza proba azkarrago egitea ere logikoa da, gorputza atzera botatzearekin bakarrik nahikoa izango zuela harria mugitzeko. Aurretik irtengo zela buruan neukan, eta denbora guztian burua hotz izan nuen. Aizkoran, logikoena zen nik tartea jatea, eta hala gertatu zen. Burua hotz mantentzea izan zen niretzat gakoa.

Eguraldia eguraldi, bi minutu eta erdi hobetu zenuen aurreko urteko denbora (38.30): 36.06. Egurrak samurrak izateak lagundu al dizu marka hori hausten?

Bai, egurrak asko baldintzatzen du denbora. Aurreko urtekoa baino egur hobea zen aurtengoa. Ez nuke esango orain dela bi urtekoa baino hobea zenik, baina nahiko ona zen. Nik uste nuen, etxeko lanak ikusita, aurrekoan denok hobetuko genuela bai minutu bat edo gehiago eguraldi ona izan balitz. Baina tira, zegoena zegoen, eta lan ona egin genuen denok.

Pentatloia aizkolarientzat egina zegoela esaten zen, eta lehen bi finaletan aizkolariak izan zineten gehientsuenak. Oraingoan, berriz, hiru aizkolari, segalari bat, pilotari ohi bat eta arraunlari ohi bat izan zineten. Zergatik uste duzu gertatu dela aldaketa hori?

Pentatloia hasi zenetik gauza bera esaten nabil, eta esaten jarraituko dut. Jendeari entzuten nion proba hau aldatu egin behar zela, aizkolarientzako zegoela prestatuta, harri gehiago jarri behar zela... Ni, hori dena entzunda, haserretu egiten nintzen. Nik urte guztia pasatzen dut harria jasotzen, eta, harri jasotzaile bat edo beste kirolari bat urte guztian enborrak mozten ibiltzen bada, gure denboretan ibiliko da. Hori argi geratu da aurten. Pilotaria, arraunlaria, segalaria... aizkoran ia gure parean ibili dira. Egin behar dena da saiatu; ezin dena egin da hilabete falta dela hasi aizkoran, harria jasotzen edo korrika. Urte guztian entrenatu beharra dago.

Urtetik urtera, geroz eta parte hartzaile gehiago ditu pentatloiak. Irabaztea ere zailagoa izango da, ezta?

Horixe dela zailagoa. Aurten zail jarri dizkidate gauzak, eta txapelak meritu handiagoa dauka. Baina nik ikusten dut geroz eta zailagoa dela, eta hori normala da; jende gaztea dator, eta nik 43 urte dauzkat. Jende gazte horrek maila handia du, eta normala da. Pozgarria ere bada. Ea horrela segitzen duen. Laugarren txapela lortzen saiatuko naiz, eta orduan hasiko naiz erabakitzen zer egin.

Ikuskizun modura berragertu da pentatloia, eta ondo funtzionatu duela ikusi da. Beste modalitateek ere horrelakorik egin beharko luketela uste duzu?

Pentatloiarekin berriro hasi ginen urtean [2018], pentatloia izan eta gutxira harri handietako txapelketa egin zen. Bertan ere antzeko zerbait egin zen, eta, nire iritziz, oso polita izan zen han egin zutena. Beste batzuek ezetz esaten zuten. Baina, halere, ez zuen pentatloiak izan zuen arrakasta hori. Hain zaila da jendea erakartzea gaur egun... Lehengoan ikusi genuenak jendea gehiago erakartzen du. Sufrimendua, eguraldi txarra, lokatza... Gauza asko behar dira jendea erakartzeko.

Zu aizkolaria zara. Nola ikusten duzu aizkoraren egoera?

Ondo ikusten dut. Hor, urte batzuetan, beti Nazabalek irabazten zuen, eta inork ezin zion aurre egin. Gero, Atutxa iritsi zen, etaematen zuen berak bakarrik geratu behar zuela. Vicente ere agertu zen, Larrañaga, Txikia, Otaño… Elkarren inguruan dauden aizkolari batzuk daude orain. Horrek politagoa egiten du lehiaketa. Bigarren mailan ere beste dozena erdi aizkolari daude antzeko maila dutenak eta lehen mailara igotzeko gertu daudenak.

Zer behar du oraintxe modalitateak?

Ukitu berriak eman behar zaizkiola uste dut, txapelketetatik kanpo. Ez dakit nola egin beharko litzakeen, baina lan ezberdin batzuk egitea ez litzateke gaizki egongo. Egursport-ek egiten duena asko gustatzen zait, modalitate ezberdinak dituelako. Lan laburrek jende gehiago erakartzen dutela uste dut. Mundu guztian jokatzen dira Stihl Timbersports-ak, eta lan motzak egiten dituzte halakoetan, 20 segundotik minutu baterainokoak. Sekulako jende pila joaten da ikustera: oso ikusgarria da. Halere, nik lehengo esentzia ere mantenduko nuke. Euskal Herriko esentzia lan luzeak dira, eta horiek mantentzearen alde nago. Baina gauza berriak probatu beharra dago jendea erakartzeko.

Aizkoran, bigarren mailan lehiatzen zara. Lehen mailan ere ibilitakoa zara. Maila gorenera bueltatzea pentsatu al duzu?

2017an lehenengo mailan nengoen. Gero, pentatloia iritsi zen, eta ilusio handiz hartu nuen hura. Pentatloia prestatzeak aizkora hutsa pixka bat uztea egin zidan, eta urte horretan automatikoki bigarren mailara jaitsi nintzen. Berriz igotzeko ilusioa badaukat, baina lehen mailako aizkolaria izateak ez ninduen guztiz bete bere garaian. Bigarren mailan egon eta pentatloia irabazteak gehiago erakartzen nau, lehenengo mailan egon eta bertan hamar urte irauteak baino.

Zuk urte luzez jarraitzeko asmoa al duzu?

Nik beti esaten dut plazatik arrastaka ez naizela irtengo; ondo alde egin nahi dut. Pentatloiarekin ikusten ari naiz nire gorputza jipoi handiak hartzen ari dela, eta hori laster edo epe motz batean uzteko asmoa dut. Aizkoran, beste zortzi bat urte jarraitzeko moduan nagoela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.