Euskal Pentatloia

Beroaldiaren osteko harrotasuna

'Izeta VI.ak' Euskal Pentatloiko koroa kendu die Olasagastiri eta Zalduari, laugarren txapela irabazita. Haren ustez, tamalgarria da datorren urtean pentatloirik ez egitea.

'Izeta VI.a' kana erdiko bat mozten, joan den larunbatean, Azpeitiko zezen plazan. GORKA RUBIO / FOKU.
'Izeta VI.a' kana erdiko bat mozten, joan den larunbatean, Azpeitiko zezen plazan. GORKA RUBIO / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko irailaren 26a
05:00
Entzun

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a Euskal Pentatloiko txapel gehien irabazi duen kirolaria bihurtu zen larunbatean, bost probak 31 minututik behera amaitu ostean. Laugarren txapela du, eta atzean utzi ditu Joxe Mari Olasagasti eta Xabier Zaldua, hiru txapelekin. Iruretagoienak azaldu du «ikaragarria» dela laugarren txapela irabaztea eta bi kirolari horiek gainditzea, eta bere buruarekin «harro egoteko modukoa» dela.

Baina azken garaipen hori gazi-gozoa izan da Iruretagoienarentzat, amaitu eta segidan batez ere. ETB1eko kameren aurrean «pozik baina triste» zegoela azaldu zuen amaitu osteko beroaldiarekin, txapela irabazi arren 30 minutuko langa bota ez zuelako; are gehiago, jakinda entrenamenduetan kapaz izan dela 30 minutuetatik jaisteko. Larunbatean Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan helburu hori betetzerik lortu ez bazuen ere, ofizialki bere denborarik onena egin zuen, baita pentatloiaren aro modernoko denborarik onena ere: 30 minutu eta 53 segundo.

Hala ere, momentuko berotasuna atzean utzita, hobeto baloratzen du orain aiarrak larunbatean egindakoa. Azaldu du bere buruari asko eskatzen diola, «gehiegi» askotan, baina ingurukoek eta batez ere bere neska lagunak lagundu diotela egindakoari duen balioa ematen: «Harro egoteko denbora da; uste dut neure burua gutxiago estutu behar dudala. Neska lagunak eta familiak errieta egin zidaten hori pentsatzeagatik, baina ni horrelakoa naiz, lehiakorra. Nire helburuak jartzen dizkiot neure buruari, eta gogor egiten diot. Ikasi egin behar dut».

Olaizola, aurkari gogorra

Azken urteetan izan duen aurkari gogorrenari buruz galdetuta, azkar eta segurtasun handiz esan ditu haren izen-abizenak: Xabat Olaizola. Azken bi aldietan bigarren geratu da, Iruretagoienaren atzetik, eta joan den larunbatean 55 segundo geroago pasatu zuen zarauztarrak helmugako lerroa.

Lehen bi probetan, 100 kiloko bolan eta giza proban, Olaizola aurretik izan zuen Iruretagoienak, baina aizkora iritsi zen orduan, Aiakoari hoberen doakion proba, haren hitzetan. Kana erdiko hiru enborrak mozten hasi aurretik 33 segundo atzetik zen Iruretagoiena, eta aizkorari ekin ostean 1:14ko tartea ateratzen zion aiarrak zarauztarrari; aise berreskuratu zuen galdutakoa, beraz.

«Lehiakorra naiz, eta neure buruari helburuak jartzen dizkiot, eta gogor egiten diot. Ikasi egin behar dut»

ANDONI IRURETAGOIENA 'IZETA VI.A'Euskal Pentatloiko txapelduna

Haren esanetan, azken proban, hiru kilometroko korrikaldian, egin zuen huts. Etxeko entrenamenduetan gustura ibili da korrika, eta kilometroa 4:20 minutuko erritmoan egiteko asmoa zuen, baina denbora «joan» egin zitzaion. Egun hauetan pentsatzen ibili da, eta uste du aizkorako proba amaitzean txapeldun ikusten zuela jada bere burua, eta, aurreko egunetako tentsioa eta presioa horri batuta, «ondoez moduko bat» sentitu zuela.

Hala ere, bere burua gai ikusten du datozen urteetan 30 minutuko langa hori botatzeko: «Batzuetan pentsatzen dut aurten zela horretarako urtea, oso sasoi onean iritsi nintzelako, baina korrika egiten ez nuen asmatu. Hala ere, uste dut baietz, lortuko dudala 30eko muga hori jaistea. Ez naiz errendituko hori lortu arte».

Haren ustez, datozen urteetan aurkari zaila izango du: Olaizola. Hura ere 2026an 30 minututik behera egiteko prest egongo dela onartu baitu aiarrak: «Igoal jantzi beharreko txapelak jada jantzita edukiko ditut 2026an». Iruretagoienak adierazi du zarauztarrak gorantz «kristoren koska» egin duela, eta onartu du hemendik aurrera biek hobetzeko tarte gutxi dutela.

2026ra arte zain

Lau txapel jarraian bildu ostean, Iruretagoiena ezingo da datorren urtean bosgarrena lortzeko borrokatu, 2025ean ez baita Euskal Pentatloia jokatuko. Azaldu duenez, etenaldi hori baliatuko du proba horretatik atseden hartzeko eta aizkoran zentratzeko. Orain, aprobetxatuko du «aizkolari onenen artean» ibiltzen saiatzeko, eta 2026ko urtarrilera arte ez da hasiko pentatloirako entrenatzen. Izan ere, haren hitzetan, aizkora da haren diziplinarik onena, eta horretan ibiliko da buru-belarri.

Urriaren 5ean du lehen saioa, Donezteben (Nafarroa), Euskal Herriko lehen mailako aizkolari txapelketako kanporaketa. Onartu du pentatloian erabat jarduteak gorputza «txikitu» diola, eta adierazi atseden hartu eta aizkoran zentratu nahi duela, nahiz eta harri-jasotze txapelketaren batean parte hartzea helburu ere baduen.

Penatuta hartu zuen 2025ean Euskal Pentatloirik egingo ez den notizia. Antolakuntzak azaldu duenez, «indar handiagoz itzultzeko» hartuko dute atseden datorren urtean, baina Iruretagoienak uste du azken urteetan formatua «erre» egin dela, batez ere txapelketa «asko» jarrita. Serio hartu beharreko zerbait dela azaldu du, eta kirolari errespetua zor zaiola; horregatik, uste du Euskal Pentatloia «itzali» egin dela. Gaineratu du 2025eko etenaldiak berari egiten diola kalterik handiena, bera baita urte osoa horretara dedikatzen den kirolari bakarra. Barrutik bota du: «Pertsonalki, min handia egiten dit».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.