Beheko postuekin duten tartea zabaldu dute Erik Jakak eta Ander Imazek. Gaur, aurkari zuzenak zituzten parean, Peña II.a eta Albisu, eta, partida maldan gora jarri zaien arren, azken bost tantoak jarraian egin eta laugarren garaipena lortu dute. Peñak eta Albisuk partida bakarra irabazia dute, azken-bigarren dira, eta aurki irabazten hasteko beharra dute. Zortziehun ikusle baino gehiago elkartu dira Tolosako Beotibar pilotalekuan (Gipuzkoa).
Jaka eta Imaz 6-1 irabazten hasi dira, eta Jaka bete-betean aritu da tarte horretan. Urdinek, ordea, markagailua irauli dute, 0-6ko partzial bati esker. Hortik aurrera, berdindu egin da lehia, eta borroka bizia izan da tanto askotan.
Bi bikoteek egin dituzte tanto ikusgarriak, baina huts mordoxka bat ere bai. Norgehiagoka hausteko aukerarik onenak Peñak eta Albisuk izan dituzte, hein handi batean aurkarien hutsak zirela medio: 11-15 eta 17-19 izan dira aurretik. Baina gorriek ez dute amore eman, eta saria izan dute azkenean.
Lehen itzulian ere, Jakak eta Imazek osatutako bikotea izan zen garaile, eta, beraz, baliteke gaurko puntuak berebiziko garrantzia izatea amaierako sailkapenean.