Arraunean badira gozagarriak bezain bihurriak diren estropada eremuak. Horietako bat da Lekeitiokoa (Bizkaia). Itsas zabalean izanik, haize apur bat eta itsasoa mugitu samarra egotearekin bakarrik, arraunlariek zein lemazainek galtzak bete lan izan ohi dute ontzia ongi gogortuta eta orekatuta eramateko. Hain zuzen, eremu horretan jokatu zen atzo Bizkaiko Txapelketa, eta baldintza zail horietara ongien moldatu ziren bi taldeak Deustu eta Santurtzi izan ziren; biak laugarren kaletik aritu ziren.
Deustuko Arraun Elkarteak txapelketetan bere izena urrez idazten jarraitzen du. Apirilean,Josu Ortubek prestatutako taldea Bizkaiko eta Euskadiko bateletako txapelketetan nagusitu zen. Bada, atzo, hirugarren garaipena batu zuen garaipen zerrenda horretara; Bizkaiko traineruen txapelketakoa. Tomatera ontzia zen bandera irabazteko faborito, baina hitzekin soilik ez da nahikoa bandera astintzeko. Uretan irabazi behar da estropada, eta helburu horrekin atera ziren deustuarrak, baita Ondarroa, Isuntza eta Lutxana ere.
Deustuk hartu zuen estropada burua, baina ez ziren urrun Ondarroa eta Isuntza. Lutxana, berriz, nahi baino azkarrago geratu zen atzean. Deustu heldu zen aurrena lehen ziabogara, eta sei segundo geroago Ondarroa. Hamaika segundo atera zizkion Isuntzari. Lehendabiziko kaletik ari zen Antiguako Ama, eta laugarrenetik Tomatera. Itzulerako luzean, bi talde horiek egin zuten aurrera. Olatuek barruko kaleetan gehiago jotzen zutenez, Ondarroak aukera hori baliatu nahi zuen, iaz eginiko balentria berresteko. Baina Deustukoek euren legea ezarri zuten. Amaieran, lau segundoren aldea izan zuten bien artean, Tomatera ontziaren alderako. Isuntza helmugaratu zen hirugarren, eta Lutxana laugarren.
Azken luzean, hegan
Gizonetan, are estuagoa izan zen lehia. Hirugarren txandan aritu ziren lurraldeko lau oilar handienak. Zierbena aritu zen lehendabiziko kaletik; Urdaibai bigarrenetik; Ondarroa hirugarrenetik; eta Santurtzi laugarrenetik. Lehen palada bizitik arraunketa luzatu arteko asti horretan, Santurtzik eta Zierbenak egin zuten aurrera, eta lehen ziabogan ere denbora bera egin zuten. Zazpi segundo geroago heldu ziren Urdaibai eta Ondarroa.
Bigarren luzerako estropada bitan hautsita zegoen; Sotera eta Zierbena zeuden banderarako lehian, eta hirugarren postua lortzeko borrokan, berriz, Bou Bizkaia eta Antiguako Ama ontziak. Lan erditan, Santurtzik bi segundo eskaseko aldea zuen Juan Zunzunegiren taldearekiko.
Haizea iparrekoa zenez, lau ontziei istriborretik jotzen zien, eta alde horretako arraunlariei gehiago kostatzen zitzaien arrauna uretan ongi pasatzea. Brankaz, Santurtziko eskifaia izan zen indartsuena, baina Zierbenak ez zuen etsitzen. Azken ziabogara hiru segundoren aldearekin bakarrik heldu ziren moreak. Baina barruranzko luzean, Gorka Aranberri patroiaren gidaritzapean, Sotera ontziak hegan egin zuen. Amaieran, Santurtzi garaile, eta Zierbena bigarren, hamabost segundora. Ondarroa sailkatu zen hirugarren, eta hamaika segundo geroago Urdaibai. Hurrengo asteazkenean, Euskadiko Txapelketa jokatuko dute, Lekeition.
Laugarren kaletik, aise
Deustuk eta Santurtzik kale beretik irabazi dute Bizkaiko Txapelketa, Lekeition. 'Tomatera'-ren lehendabizikoa da; 'Sotera'-rena, berriz, 11.a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu