FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. LAU EUSKAL TALDE ESPAINIAKO LIGAN

Lauek ere, burua hotz

DONOSTIA
2005eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun


Udako oporren ostean, jada gainean dugu 2005-2006ko futbol denboraldia eta duela hiru urte bezala, lau euskal talde izango dira onenen artean. Lauen helburu nagusia maila mantentzea izango den arren, oinak beti ere lurrean izanik, Europako postuen borrokan sartzea izango dute amets. Lehen bi jardunaldietan bi derbi jokatuko dira, lehena larunbat honetan San Mamesen Athleticen eta Realaren artean, eta bigarrena, Anoetan Realaren eta Alavesen artean. Garrantzitsua izango da sasoiaren hasiera, etorkizunari talde bakoitzak nola begiratuko dion zehazteko orduan.

 

osasuna



 

Maila mantendu, eta UEFAn paper txukuna egin





Helburua orain arte, Lehen Mailan jokatu duten guztietan behintzat, mailari eustea izan dute gorritxoek. Liga hasiera ona egin izan dute azken urteotan, baina erditik aurrera, gainbeheran joaten dira. Aurten, iaz Kopan egindako lan ederrak fruitua eman die, UEFA txapelketan jokatzeko aukera, bere historian hirugarren aldiz. Hala ere, aste barruan Espainiako Kopan zein UEFA txapelketan egindako ahaleginek, ondorioak izan ditzakete asteburueroko Liga jardunaldietan. Hori guztia dela eta, Javier Aguirre mexikarrak burua beti bezain hotz duela erakutsi du, eta «helburua mailari eustea» dela adierazi du behin eta berriz.

Aurrean, Aloisik eta Moralesek taldea utzi dute bigarren hori iazko taldeko goleatzailerik onena izan zen, bederatzi golekin, eta horien lekuan hutsunerik ez nabaritzeko, Romeo argentinarra eta Brit ekarri dituzte taldera, Milosevic eta Webo alde batera utzi gabe. Serbiarrak aurrelari petoa dela erakutsi zuen lehengo urtean, belaunak uzten dion bitartean. Betetzea zailago izango duten zuloa, Pablo Garciak utzitakoa izango da, taldeko bizkarrezurra zela erakutsi baitzuen lehengo urtean. Liga osoan txartelik gehien jaso zituen jokalaria izan zen uruguaiarra, 16 hori eta gorri bat. Bere lekurako Marcelo Sosa lortu du Atletico Madrilek utzita, dohain berdintsuko jokalaria. Liga aurreko azken aste honetan, futbolarekin zerikusia duten arazoez at, giro nahasia dute Iruñea aldean, zelaiaren izena dela eta ez dela. Badirudi jendea ez dela ados jartzen, Reyno de Navarra izena jarri edo ez. Argi dago gauza horiek taldeari ez diotela ezertan eragin behar eta aurreko urteko Kopako abentura hobetzen saiatu behar dutela.

 

athletic



 

Europara begira eginiko taldea bizkaitarrena





Euskal taldeen artean, bizkaitarrak ibili ziren ongien Ligan iaz (bederatzigarren), amaiera arte Europan sartzeko itxaropenekin. Denboraldi berriari begira, aulkian aldaketa egin dute, Valverderen lekuan Jose Luis Mendilibar, lehengo urtean Eibarrekin gauza handiak egiteko gauza dela erakutsi zuen gizona. Lehen unetik Athleticen aulkian egoteko «prest» zegoela ziurtatu zuen Zaldibarkoak, eta talde horren izaerara moldatzen da, gogorra baita, aulkian isilik egoten ez den horietakoa.

Jokalarien artean, Ezquerro Bartzelonara eta Asier Del Horno Chelseara joan izanaknahiz eta azken hori diru mordo baten truke joan den, herren utzi dute taldea ezker hegaletik. Joseba Etxeberria ezkerrera pasatu da, eta eskuinean taldeko seme kutun bati lekua utzi, Iraolari. Usurbilgo gazteak kalitateaz gain burua ere baduela erakutsi du, eta esperantza asko dago haengan jarrita. Aurrean, Urzaizi laguntzeko, Fernando Llorentek erakutsi du jada lehen taldera egokitu dela eta etorkizun handiko jokalaria dela ezin da dudan jarri. Hala ere, Mendilibarren jokoan erantzukizun handiena Yestek hartuko du. Ezker bikaina duela erakuten daramatza pare bat urte. Atzealdean hobetu behar dutela aipatu zuen Mendilibarrek taldera iritsi bezain laster, eta ikusi egin beharko da udan zein aldaketa prestatu dituen. Helburuen artean, Ligan paper polita jokatu, eta Europan sartzea izango dute, baina Espainiako Kopa alde batera utzi gabe. Ez da ahaztu behar bizkaitarrek 23 aldiz irabazi dutela lehiaketa hori. Bartzelonak bakarrik irabazi ditu haiek baino Kopa gehiago (24).

 

reala



 

Aro berri baten lehen pausoak





Miguel Fuentes presidente berriarekin garai hobeak bilatuko dituzte txuri-urdinek, zaletuei duela hiru urteko ametserako bidea erakutsi nahian. Klubaren historiako bigarren hauteskundeen ostean, jokalari ohiak zuzendaritza berria osatu du Zamora eta Joxe Mari Bakero kirol zuzendari berriarekin. Egoera ekonomikoa ez denez oso ona izan, ezin izan dute izen handiko jokalaririk fitxatu, baina Eibarretik Gaizka Garitano eta Cifuentes ekarri dituzte taldea berpizteko intentzioarekin. Alkiza eta Karpin jokalariek erretiroa hartu zuten iazko denboraldiaren amaieran. Hala, lesioek uzte badiote behintzat, jada demostratu duen kalitatea ateratzeko aukera ezin hobea izango du Xabi Prietok eskuin hegalean. Nihat turkiarrak ere jokatu zituen bere minutuak Racing eta Atletico Madrilen aurka, eta larunbateko derbirako iritsiko ote den ziurra ez den arren, aurrean erreferentzia da donostiarren artean, Darko Kovacevic serbiarrarekin batera. Bestalde, Quirinho brasildarra fitxatu nahi dute aurrelari posturako, eta Rossatok bere maila eman ez duenez, Duda Malagako jokalari portugaldarra fitxatzeko ahaleginetan ari dira.

Aulkian bigarren urtez izango den Amorrortuk behin eta berriz argi utzi du berentzat harrobia zein garrantzitsua den, eta aurten, harrobiko jokalariek esperientzia handiagoa dutela kontutan hartuz gero, talde polita egin duela esan daiteke. Helburuen artean, zuhurra izan da beti Realeko zuzendaritza, eta xede nagusia maila mantentzea den arren, Europako postuetan sartu nahi dute, eta Espainiako Kopan azken urteetan ez bezala, zerbait egin.

 

alaves



 

Liverpoolen aurkako Alaves hartara itzuli nahian





Aurten bueltan dira gasteiztarrak Lehen Mailara, duela bi urte agur esan ondoren. Dmitri Pitermanek fitxaketa piloa egin du uda honetan, eta ia esan daiteke talde berria osatu duela. 13 fitxaketa egin ditu, horietako batzuk lehendik ezagunak, hala nola, Aloisi, Pellegrino eta Juanito. Hala eta guztiz ere, ekarri dituen beste zazpi jokalarik ez dute sekula Lehen Mailan jokatu, eta ikusi egin behar nola erantzuten duten. Gainera, kontuan hartuz, Alaves dela lagunarteko gutxien jokatu duen taldea, ikusi egin behar hainbeste jende berri nola moldatzen den elkarrekin. Bodipok erakutsi zuen duen golak sartzeko duen erraztasuna, eta Nene eta Ruben Navarroren laguntza gehituz, aurrean fin dabilen talde bat aurki daitekeela; hala ere, ez da berdin zilarrezko mailan edo urrezkoanjokatzea.

Beste alde batetik, entrenatzailearekin izandako aferak, ez dio taldeari asko lagunduko. Uda hasieran Rafael MonfortChuchi Cosen entrenatzaile posturako izendatu, eta liga hasteko egun gutxi batzuk besterik falta ez direnean, bere postutik bota eta Cos fitxatu baitu berriz ere.Taldearen helburuen artean, Lehen Mailan mantentzea dagoen arren, Ukrainako presidenteak gorago begiratu nahi du eta «Europan sartzea posible dela» esan du behin baino gehiagotan.Oraindik gogoan du jende askok 2001ean Liverpoolen kontra jokatutako UEFAko final hura. Bartzelonaren aurka etxean jokatuko duten lehen partidan ikusi beharko da fitxaketak zer moduz egokituko diren taldera eta ea noraino bihur daitezkeen errealitate Pitermanen ametsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.