Lanetik arraunera, halaxe bizi ohi da arraunlaria, eta Iker Pascual (Barakaldo, Bizkaia, 1980) ez da salbuespena. Goiz eta arratsalde joaten da beharrera, eta eguerdiko ordubeteko tartean erantzun dio deiari, bazkaldu berritan. Telefonoa hartu berritan, tabernako zarata entzun da. Igandean, Kontxako Bandera irabazten badu Kaiku bere taldearekin, antzeko zarata izango da Sestaoko tabernetan.
Zer moduz doa astea entrenamenduei dagokienez?
Ondo. Kontxan aritu ginen taldeko erdiek jai izan zuten astelehenean, eta beste erdiek, asteartean. Kontxan aritu ez zirenek osatu zuten trainerua bi egun horietan, eta herenegun, Kontxako hamalauak aurrenekoz aritu ginen batera aste honetan.
Joan zen igandeko talde berarekin ariko al da Kaiku etzi?
Ez dut uste aldaketak egingo dituenik. Izatekotan, bakarra-edo izango da. Ez digu ezer esan, baina aste barruan ikusi duguna ikusita, ematen du joan zen jaiko berberak ariko garela.
Zer irudipen daukazue iganderako?
Herenegun, entrenamendu ona egin genuen itsasoan. Barea zegoen, gainera. Lasai gaude, eta iruditzen zaigu guk gurea egiten badugu irabaziko dugula, nahiz eta kontrakoa ere gerta daitekeen. Aukera asko dauzkagu irabazteko.
Gutxi ala asko dira 3,92 segundo?
Beti esaten da hobe dela alde izatea. Dagoen maila ikusita, garbi daukat bandera irabazten edo galtzen duenak lau segundogatik baino gehiagogatik irabaziko edo galduko duela. Tarte hori baino handiagoak izango dira aldeak.
Etziko estropada nolakoa izango da estrategietan?
Gu beti bezala aterako gara. Ezdugu esperimenturik egiten. Ez gara indartsu hasten burua hartzeko; arraunean hasiko gara, eta burua hartzen badugu, ondo, eta bestela, segitu egin behar. Ez dut uste Urdaibai estropada haustera aterako denik, gero nekeak erasateko arriskua egoten delako. Kontxako Bandera poparean irabazten da, ez brankaz.
Itsasoaren iragarpenak ona ematen du etziko. Aurretik doanarentzat hobe, ezta?
Lasaitasuna ematen du. Itsaso txarrarekin badakizu zein diren arriskuak. Haizerik ere ez dago emanda, gainera, eta hobe.
Urdaibai alboko kalean nahi duzu ala ez?
Beti gustatu izan zait borroka estua duzunarekin alboan aritzea, kontrolpean izateko. Elkarren ondoko kaleak izanda, gainera, antzeko sentsazioak izaten dira bi taldeetan.
Igandean halako estropada handia egin eta gero, ezustea izan al zen zuretzat aurkari bat, kasu honetan Urdaibai, zuengandik hain gertu gera- tzea?
Estropada gustura bukatu genuen. Baina, aldi berean, ikusi genuen lehen kaletik ondo nabiga- tzeko aukera zegoela, eta Urdaibaik ondo baliatu zuen hori. Gainera, olatuek ipar-ekialdeko norabidea zuten, eta aukera izan zuen eremu osoa zeharkatzeko, olatuen norabidea alde izateko. Hartara, olatuak bete-betean jo- tzen zien ontziaren txopa; Hondarribiari eta guri, aldiz, albotik sartzen zitzaizkigun, eta ezin izan genuen asko baliatu. Bagenekien asko ibiliko zela Urdaibai, azken estropadetan eta Euskadiko Txapelketan gertu izan genuelako. Espero genuen estu joango zela.
Duela bi urte, antzeko egoeran heldu zineten zuek eta Urdaibai bigarren igandera, eta bandera Bermeora joan zen. Antzekoa gertatzeko arriskua ikusten al duzue?
Segundo bat ginen aurretik, eta hori ez da ezer, ez zen aldea. Haiek hartu zuten burua, ziaboga txarra eman genuen, eta aukerarik gabe geratu ginen.
Aurrean jartzen badira, urduritasuna izango al duzue etsai handiena?
Ez. Ez da urduri jartzea edo ez, eta beldurrik ere ez daukagu hori gertatzeko. Hiru segundo ditugu alde, eta horrekin jokatu behar dugu. Badakit orain esatea erraza dela eta gero uretan beste kontu batzuk izaten direla. Baina ondo egin izan dugu arraunean atzetik aurrera egitea tokatu zaigunean ere. Gero, atera behar duten bezala aterako dira gauzak.
Kontxako Bandera irabazten baduzu, eta ikusita aurtengo San Miguel liga ia irabazita daukazuela, lehen aldiz lortuko zenuke biak irabaztea urte berean. Zer diozu?
Ondo legoke. Ligan, denboraldi osoa egin dugu, eta Kontxa irabaztea sasoia biribiltzea litzateke. Oso gutxitan gertatu da liga eta Kontxa batera irabaztea. Urdaibaik duela bi urte egin zuen, eta Astillerok lehen.
Hiru aldiz irabazi duzu Kontxan: 2001ean eta 2002an, Castrorekin, eta duela hiru urte, Kaikurekin. Zer litzateke laugarrena irabaztea?
Beti da berezia Kontxan irabaztea. Berdin-berdin zait aurrenekoa edo laugarrena izan. Begira Jose Luisi [Kortari]; hamabost aldiz irabazi du Donostian. Berdin kostatzen dira bandera denak, aurretik egindako ahalegina handia izaten delako urteak joan urteak etorri.
Urdaibaiko arraunlaria izan zinen 2006an, eta orain Kaikun zabiltza, azken urteetan. Bi kluben arteko harremanak ez dira onak orain. Zer gogoeta eragiten dizu horrek?
Harremana gaiztotu egin zen Estrobo auziaren harira, eta ezin da ukatu giro arraroa dagoela bien artean. Lagunak eta ezagunak dauzkat Bermeon, eta ematen du ezin dela beste aldekoekin hitz egin norbere zaleen aurrean. Gauza bakarra eskatuko dut: igandean, gertatzen dena gerta- tzen dela, ez dadila istilurik egon. Joan zen igandean egon zen zerbait, eta ezin da berriz gertatu. Urdaibaiko zale bat, adibidez, beti ibiltzen da bozgorailu batekin gure atzetik, xaxatu nahian, baina beste zaleek ez digute ezer esaten. Egon daitezela denak lasai, batekoak eta bestekoak. Ni lasai egongo naiz, eta uretan gerta dadila gertatu beharrekoa. Hor bukatzen da dena.
Iker Pascual. Kaikuko arraunlaria
«Lau segundoko baino gehiagoko kontua izango da Kontxakoa»
Ibili luzea du arraunean, eta hirutan dauka irabazia Kontxako Bandera. Laugarrena nahi du, eta lasai dago igandera begira, konfiantzarekin. Berena egiten badute gailenduko direlakoan dago, baina aurkari zuzena, Urdaibai, ez du gutxietsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu