Apirilaren 1etik 6ra jokatuko da Euskal Herriko Itzuliaren aurtengo aldia, eta antolakuntza ari da pixkanaka haren inguruko xehetasunak ematen. Duela aste batzuk jakinarazi zuen ibilbidea, eta oraingo honetan parte hartuko duten taldeen berri eman du. Espero bezala, World Tourrean ari diren hemezortzi taldeetako txirrindulariak izango dira Irungo (Gipuzkoa) irteera arrastoan: Alpecin, Arkea, Astana, Bahrain, Bora, Cofidis, Ag2r, Education First, FDJ, Ineos, Intermache, Movistar, Quick Stpe, DSM, Jayco, Visma, eta UAE.
UCI Pro Teams mailako iazko puntuak kontuan hartuta, Total Energies taldeak ere hartuko parte lasterketan. Gonbidatuak, berriz, bost izango dira: Euskaltel Euskadi, Caja Rural, Kern Pharma, Burgos eta Q36.5 Pro Cycling. Azken hori Xabier Mikel Azparrenen taldea da. Julian Eraso OCETAko presidenteak, lasterketa antolatzen duen enpresakoak, hau adierazi du parte hartzeaz: «Itzuliak nazioarteko tropeleko txirrindularirik onenak izango ditu, aurreko urteetan bezala. Ikuskizuna aurrekoetan izandakoaren parekoa izatea espero dugu. Halaber, pozten gara gonbidatu ditugun etxeko eta estatuko taldeak berriz ere gurekin izateagatik. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu UCI Pro Teams mailako taldeei aukera ematea, handiekin borrokatzeko eta aurpegia emateko gai direla erakusteko».
Bi berritasun nagusi izango ditu aurtengo aldiak. Batetik. Ipar Euskal Herrira itzuliko da ―hamar urteren ondoren―, eta, horrez gain, erlojupeko etapa ere bueltan izango da. Hain zuzen ere, erlojupeko etaparekin emango zaio hasiera, Irunen, sei eguneko lasterketari. Lehen Itzuliaren ehungarren urteurrenean lasterketak Euskal Herri osoa zeharkatzea nahi izan dute antolatzaileek. Iparraldeko ibilbideari dagokionez, bigarren etapak Irun eta Kanbo (Lapurdi) lotuko ditu. Hirugarrena, berriz, Ezpeletatik (Lapurdi) aterako da, eta Altsasun amaituko (Nafarroa). Itzulia, iaz bezala, Eibarren (Gipuzkoa) amaituko da.