Baliteke gaur egun handia izatea Euskadiko Pilota Federazioarentzat: Nazioarteko Pilota Federazioak gaur bozkatuko du Euskadikoa kidetzat hartu ala ez. Horretarako, ezohiko batzarra egingo dute, Nazioarteko Pilota Federazioko presidente Xavier Cazaubonek proposatuta. Mexikoko Hirian egingo da, Euskal Herrian 18:00ak direnean, eta bi bozketa egingo dira; aurrenekoan, Nazioarteko Federazioak bere estatutuak aldatu edo ez erabakiko dute batzarkideek. Hori onartuz gero, segidan egingo lukete bigarren bozketa, Euskadiko Federazioa kide gisa onartu edo ez erabakitzeko. Euskadiko Pilota Federazioak lau arrazoi nabarmendu ditu nazioartekoan onartzeko: ekonomiari, nortasunari, lehiari eta marko legalari erreparatu die.
Nazioarteko Federazioan hamabost herrialdek bozkatzen dute, bakoitzak boto kopuru jakin batekin. Guztira 76 boto dira, eta, batzarra egin ahal izateko, batzarkideen erdiek behintzat joan beharko dute. Behin hori ziurtatuta, parte hartzaileen bi herenen berrespena behar da gai bakoitzean.Estatutu aldaketarena da lehenengoa. Gaur egungo estatutuarekin ezin da euskal selekzio ofizialik lortu. Hala dio hamargarren puntuak: «NEPFeko kide izango dira nazioarteak estatu subirano/independente gisa aitortutako herrialdeetako federazio nazionalak, baldin eta beren gobernuaren onarpen ofiziala badute, eta, osagarri gisa, dagokien Olinpiar Batzordearena, edo dagozkien beste organo batzuena, bai eta beren herrialdeetako pilota-kirolaren kontrola eta diziplina ere».
Euskadiko Federazioak egindako eskaeraren defentsa lau arrazoitan oinarritu da. Lehendabizi, nortasunari erreparatu dio. Zabaldu duen oharraren arabera, euskal herritarrek «odolean» daramaten kirol bat da, eta azpimarratu du «beren arbasoek asmatutako kirol bat» dela: «Kirol hau aspalditik daramagu odolean, eta uste dugu eskubide osokoa dela aitzindari horiek eta, oro har, euskal gizarte osoa ofizialki ordezkatu ahal izatea gure izena daraman nazioarteko erakunde batean».
Bestalde, Euskadiko Federaziokoek ohartarazi dute Euskadiko Federazioa nazioartekoaren kide izango balitz lehia nabarmen handituko litzatekeela. Oharrean aipatutako datuen arabera, berrehun klub eta 6.200 kirolari baino gehiago daude Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta denek izango lukete aukera nazioartean jokatuko diren txapelketetan parte hartzeko. «Txapelketa horien lehia handitzea ekarriko luke, eta ikuslearentzat erakargarriagoak izango lirateke», dio federazioak oharrean.
Ikuspegi ekonomikoari ere erreparatu dio Euskadiko Federazioak. Euskal Herria lurralde «aurreratua, modernoa eta ahalmen ekonomiko handikoa» dela azpimarratzen da oharrean. Euskadiko Federazioa nazioartekoaren kide izanez gero, pilota «nazioartean zabaltzeko» aukera bat egongo litzatekeela ere nabarmendu dute federaziokoek, eta horren onurak «Nazioarteko Federazioaren kide guztiek» jasoko lituzketela: «Gure inklusioarekin Euskal Pilotako Munduko Txapelketak orain arte ikusi ez den maila hartuko luke».
Azkenik, alor legalean oinarritu da Euskadiko Federazioa, Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan onartu zuen kirolaren 39/2022 legeak hala bermatzen baitu. Hartan, nazioartean ofizialki lehiatu ahal izateko selekzioek bete beharreko baldintzak zehaztu zituzten. Horren arabera, «autonomia erkidego bateko selekzioak» nazioarteko txapelketetan lehiatu ahalko dira kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzen badu, eta «autonomia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortu bazen.
Argudioak argudio, erabakitzear da auzia, eta gaur bertan jakingo da euskal selekzioak nazioartean tokirik duen edo ez. Mexiko Hirian gertatutakoaren inguruko komunikatu bat igorriko du Euskadiko Pilota Federazioak.
Lau argudio ofizialtasunerako
Euskadiko Pilota Federazioak ekonomiari, nortasunari, lehiari eta marko legalari erreparatu die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu