Laboral Kutxako kirol zuzendaria

Ion Lazkano: «Lasterketak ondo aukeratzea izango da mailaz igotzeko gakoa»

Oso sasoi arrakastatsua izan du Laboral Kutxak: sei garaipen lortu ditu, eta hiru itzuli handietan lehiatu. Datorren urtean, berriz, World Tourrean sartzen saiatuko da. «Lasterketa egun bakoitza funtsezkoa izango da», esan du Lazkano zuzendariak.

Ion Lazkano. JON URBE / FOKU
Ion Lazkano Laboral Kutxa taldeko kirol zuzendaria, atzo, jaioterrian, Mendaron. JON URBE / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko azaroaren 14a
05:05
Entzun

Kalkulagailua hartuta eta Excel taula artean dabil Ion Lazkano (Mendaro, Gipuzkoa, 1988). Datorren sasoia bukatzean jakingo da zer taldek lortzen duten World Tourreko lizentzia, eta ahalik eta egutegirik aproposena antolatu nahi du Laboral Kutxako zuzendariak. Helburua zakua UCIren puntuekin betetzea izango da. «Aurten 3.000 lortu ditugu, eta datorren urtean beste pauso bat eman beharko dugu». Zaila izango da, Lazkanoren ustez, hamabost talderik onenen artean sartzea, baina ez du galdu itxaropena. «Orain arte izandako garapena eta daukagun maila kontuan izanik, uste dut ez gaudela horren urruti».

Denboraldi honetan, urrats handia egin duzue gorenera bidean. Inoizko denboraldirik onena izan da?

Hala izan da, bai emandako mailari dagokionez, baita emaitzei begiratuta ere. Bete egin ditugu denboraldi hasieran ezarritako helburu gehienak, eta, horrez gain, garaipenak ere iritsi dira. Sei izan dira guztira. Fitxaketen arloan gauzak ondo egin ziren, eta, batez ere, etxeko txirrindulariek gora egin dute. Denboraldi hasierako maila kontuan izanik, hobera egin dugu hilabeteen joanean, eta oso indartsu bukatu dugu. Maila horretan hasi nahi dugu hurrengo urtea, eta hobetzen jarraitu.

Mugarririk izan da urtean zehar? Adibidez, lehen garaipena Eibarko Sari Nagusian lortu zenuten, Iurani Blancori esker.

Bai, garaipen hori izan da mugarrietako bat. Maitasun handiz lantzen dugu lasterketa hori, eta, aurten, biribil atera zitzaigun dena. Hortik aurrera, gauzak askoz ere errazago atera dira. Lehen ez genbiltzan gaizki, baina ginga jartzea falta zitzaigun. Behin hesi hori gaindituta, gure gaitasun guztia erakusten hasi ginen.

UCIren sailkapenean 28. postutik 18.era igo zarete, iaz baino 2.000 puntu gehiago lortuta. Gutxi falta izan zaizue Kontinental mailako bi talderik onenen artean izateko eta, hartara, proba nagusietako gonbidapenak ziurtaturik edukitzeko.

Azken lasterketara arte ahalegindu gara bi onenen artean izaten. Ez dugu lortu, eta pena eman digu. Bagenekien oso zaila izango zela Education Firsten kontra lehiatzea. VolkerWessels, ordea, hurbilago zegoen. Borroka polita izan dugu, baina haiek beste pedal kolpe bat izan dute denboraldi amaieran, eta zoriontzea besterik ez zaigu gelditzen. Guk gure lanketarekin jarraituko dugu.

«Usoak [Ostolaza] emaitza apartak lortu ditu, eta gerora ere giltzarrietako bat izango da proiektu honetan»

Dena den, urte guztian nola ibili zareten kontuan izanik, toki nahiko ziurra izan dezakezue lasterketarik handienetan.

Hala iruditzen zaigu. Zailena egin dugu dagoeneko. Lehen urratsa lasterketarik garrantzitsuenetan aritzea zen: Giroan, Tourrean, Fleche Wallonnen, Lieja-Bastogne-Liejan… Eman dugun irudiarekin, uste dut bueltatu egin diegula antolatzaileei gugan jarritako konfiantza. Lasterketa horietan sekulako maila dago, eta gure helburua ihesaldietan zeresana ematea izan da, eta bigarren mailako sailkapenak gureganatzea. Hor jarri dugu arreta, oraindik ikusten baitugu maila apur bat falta zaigula proba horietan garaipenen borrokan izateko.

Bestelako lasterketetan, ordea, punta-puntan ibili zarete. Usoa Ostolaza nabarmendu da gehien: Espainiako Txapelketa irabazi zuen, eta etapa bat eta sailkapen nagusia Pirinioetako Tourrean. Espero zenuen horren ongi aritzea?

Ahalmen eta kalitate handia dauka, eta banekien lehenago edo geroago erakutsiko zuela. Maiatzean hasi zen gora egiten, eta, behin olatua hartuta, emaitza apartak lortu ditu. Guretzat oso garrantzitsua da etxeko ziklista bat horren ongi aritzea. Kontratua 2027ra arte luzatu du; beraz, gerora ere proiektu honen giltzarrietako bat izango da.

Ane Santestebanen ezina izan da denboraldi honen alde ilunetako bat. Taldeburu izateko fitxatu zenuten, baina osasun arazoek ez diote utzi behar bezala aritzen.

Aneren kalitatea hor dago, eta haren kirol ibilbidea ere bai. Ezin izan du gozatu, nahiz eta momentu jakin batzuetan zertarako gai den erakutsi. Segida aritzea falta izan zaio, eta horren pena dugu. Lanean jarraitzen dugu, noski, eta ziur nago Anek aterako duela barruan duen txirrindularia. Ea 2025a modu baikor eta egoki batean has dezakeen.

Zuentzat itzela litzateke datorren urtean Santesteban bere onenean izatea berriz, World Tourreko lizentzia egongo baita jokoan. Baikorra zara taldeak mailaz igotzeko dituen aukerei dagokienez?

World Tour mailan, gaur-gaurkoz, hamabost talde daude. Hurrengo zikloan eutsi egingo zaio kopuruari, zurrumurru batzuek dioten arren agian talde gehiago izango direla. Bada, zaila izango da hamabost onenen artean sartzea. Borroka horretan, inork ez du ezer oparitzen. Hala ere, aukerak izan ditzakegu, lasterketak ondo aukeratu eta estrategikoki asmatzen badugu. Hori izango da gakoa. Aurten ia 3.000 puntu lortu ditugu, eta datorren urtean gehiago beharko genituzke lehen hamabosten artean sartzeko. Denboraldia ondo planifikatu beharra dago, eta ziklistek neurria eman beharko dute. Lasterketa egun bakoitza funtsezkoa izango da guretzat.

«Gure proiektua nahiko berria da, eta esperientzia falta zaigu. Orokorrean diot, ez bakarrik ziklistei dagokienez»

Hamalau txirrindulariko multzoa izango duzue; hots, aurten baino hiru ziklista gutxiagorekin ariko zarete. Zer dela eta?

Pentsatzen dugu kopuru egokiagoa dela gure egutegiari aurre egiteko, dauzkagun txirrindulariak kontuan izanik. Hamazazpi uste dut gehiegi izango liratekela. Lau txirrindulari berri iritsi dira, eta uste dut taldearen maila igotzen lagunduko dutela. Arzuffi eta Fidanza italiarrak World Tourretik datoz; bata igotzaile petoa da, eta bestea, klasikoetan iaioa. Biriukova, berriz, ondo moldatzen da bai erlojuaren aurka eta bai maldan gora. Eta Kuskovak beste koska bat igo dezake gure taldean, orain arte maila polita erakutsi eta gero.

Urte bakoitza aurrekoa baino hobea da zuentzat. World Tourraren atarira iritsita, zer daukazue hobetzeko?

Esperientzia falta zaigula esango nizuke. Orokorrean diot, talde bezala. Ez bakarrik ziklistei dagokienez, taldea ez baitute bakarrik haiek osatzen. Gure proiektua nahiko berria da; beste talde batzuek hamarkada bat daramate tropelean, eta horrek abantaila ematen dizu. World Tourreko taldeekin konparatuz, aurrekontuan ere alde handia dago. Hala ere, orain arte egindako ibilbidea eta daukagun maila kontuan izanik, uste dut ez gabiltzala horren urruti. Proiektua sortu zenetik, hazi egin gara urtez urte, eta bide horretatik jarraitzea espero dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.