Gaur hasiko da emakumezkoen txirrindularitzako lasterketarik ospetsuenaren, hau da, Giroaren aurtengo aldia, 4,4 kilometroko erlojupeko etapa batekin. 34. aldia du lasterketak, eta munduko 24 talderik onenetako 168 txirrindularik osatuko dute tropela. Bederatzi etapa izango dira, eta 928 kilometro inguruko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek. Lasterketa Chianciano Termetikabiatuko da, eta Olbian (Sardinia) amaitu, uztailaren 9an. Bi euskal talde izango dira irteeran: Movistar eta Bizkaia Durango. Euskal txirrindulariei dagokienez, bakarrak parte hartuko du: Ane Santestebanek (Jayco).
Aurtengoari ez zaio polemikarik falta izan. Izan ere, bertan behera geratzeko arriskuan egon da. Agurtzane Elorriaga Bizkaia-Durango taldeko zuzendariak (Iurreta, Bizkaia, 1978) dio arrisku horren harira «lasai» egon direla, eta «gogoz» dago bere taldeak lasterketan zer egiten duen ikusteko.
Telebistako ekoizpena lortzeko oztopoek jarri zuten zalantzan aurtengo aldia, hain zuzen ere. Hala ere, Italiako Txirrindularitza Federazioaren eta RAI Italiako kate publikoaren arteko negoziazioen ostean, proba emango dela bermatu da. «Askotariko interesak izan dira atzean, eta uste dut ez dakigula egia osoa. Hurrengo urterako, Giroa antolatzeko ahalmena gizonezko Giroa antolatzen dutenei eman die Italiako Federazioak. Badirudi hor egon dela gakoa, emakumezkoen proba antolatzen dutenen haserrean», azaldu du Elorriagak.
Ibilbidearen inguruan, «betikoaren tankera handia» duela adierazi du. «Zailtasun ertaineko mendiko etapak ohi baino gehiago dira, zerbait azpimarratzekotan. Esprinterrentzako aukerak egongo dira, baita ihesaldietarako ere... denetarik dago». Mendiko etapak izan ohi dira aldeak ezartzen dituztenak. Oraingoan, astelehenetik asteazkenera bitartean jokatuko dira.
Giroak garrantzi handia izan du beti nazioarteko emakumeen txirrindularitzan. Maila handia ikusten da beti, eta aurten «antzekoa» espero du Elorriagak. «Oso txirrindulari onak arituko dira lehian, eta etapek denetarik emango dute». Orokorrean, lasterketa «polita» espero du.
Irabazteko hautagai nagusia Annemiek van Vleuten (Movistar) dela uste du. Herbehereetakoak hiru aldiz irabazi du lasterketa, hala nola iaz. Aurten hartuko du erretiroa, eta beste behin arrastoa utzita esan nahiko du agur. Dena den, Elorriagak ez du baztertu ezusteren bat egotea. «Esan behar da Van Vleuten ez dela onena ematen ari, nahiz eta Espainiako Vuelta irabazi duen. Hala ere, Demi Vollering [SD Worx] ez da Giroan egongo, eta horrek oraindik aukera gehiago ematen dizkio. Mavi Garciak [Liv Racing] oso gustuko du Giroa, eta oso ondo ibiliko dela pentsatzen dut. Uste dut Marta Cavalli [FDJ] eta Elisa Longo Borghini [Trek] ere borrokan ibiliko direla».
Eukene Larrarte gabe
Eukene Larrarte izan zen iaz Giroan parte hartu zuen euskal txirrindulari bakarra. Baina, oraingo honetan, ez da izango, min hartuta baitago, Elorriagak berretsi duenez: «Besoko trokiterra hautsita dauka». Beraz, Bizkaiko taldeak ez du euskal txirrindularirik izango multzoan. Elorriagak espero du etorkizunean gehiago izatea, uste baitu harrobian ondo ari direla lanean.
Talde gaztea eraman dute Girora, «lesioen ondorioz». Baina Lucia Gonzalez beteranoa tartean izango da, taldeko burua. Multzoa «gogotsu» ikusten du, eta nabarmendu du «sasoi onean» iritsi direla lasterketara. «Azkenengo herrialdeetako txapelketetan hainbat titulu eskuratu ditugu: Brasilgoa eta Portugalgo 23 urtez azpikoa. Espainiako txapelketetan ere lan ona egin dugu, eta sasoi onean iritsiko gara Girora. Gure helburua ihesaldietan egotea izango da, eta zaleek gure elastikoa ikustea».
Kontinental mailako taldea izanik, halere, «urrun» ikusten ditu World Tourreko taldeak, eta «helburu xumeak» dituztela aipatu du. «Zaila da guretzat sailkapen orokorreko lehen postuetan sartzea. Normalean, World Tourreko taldeen artean jokatzen dituzte postu horiek, eta gu, berriz, etapak irabazten saiatzen gara».
Lasterketa zirraragarria espero da
Gaur hasiko da Italiako Giroa, 4,4 kilometroko erlojupeko batekin. Euskal txirrindulari bakarra egongo da irteeran: Ane Santesteban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu