Frantziako Tourra bukatu zenetik astebete pasatu da, baina Alex Aranburuk (Ezkio, Gipuzkoa, 1995) Donostiako Klasikoan parte hartuko du gaur (ETB1, 14:30). Tourrean aritu diren euskal txirrindularietako bat da Aranburu, eta Movistar taldean dabil gaur. egun. Bi sasoi daramatza talde horretan, eta beste baterako kontratua dauka. Aranburuk laugarren Donostiako Klasikoa izango du gaurkoa. Klasikoa lasterketa garrantzitsua da, are gehiago euskal txirrindulari batentzat. Aranburuk zaila izango du irabaztea, baina dena ematea du helburu.
Frantziako Tourra bukatu berri da. Zer-nolakoak iruditu zaizkizu zure partaidetza eta taldearena, lehen egunean Enric Mas liderra erori zela kontuan hartuta?
Tourra zaila izan da gure taldearentzat. Ez ginen batere ondo hasi, esan duzun bezala, gure taldeko liderra, Enric, erori egin zen eta. Gero, taldea jenderik gabe geldituz joan zen. Azkenean, lauk bukatu genuen Tourra. Ni ez nintzen fin ibili ihesaldietan. Ihesaldietan sartzea zaila izaten da, eta asko borrokatu naiz horretarako. Azkenean, bukatzea lortu nuen, eta ondo sentitu nintzen, gainera. Hori gogoratuko dut.
Euskal herritarrentzat, aurtengo Tourra berezia izan da. Txirrindulari gisa, nola bizi izan zenituen hasierako egun haiek?
Aurtengoa oso berezia izan da. Guretzat, emozio handikoak izan ziren lehen etapa horiek. Urduritasuna nabaritzen zen, etxeko errepideetatik genbiltzalako eta lagunak eta familiakoak zeudelako alde guztietan, gu animatzen. Azkenean, ingurukoek zuten urduritasuna gure ere bihurtu zen. Orduan, txirrindulariok nabaritu genuen presio hori. Lehen hiru egunetan, sentsazio bereziak izan genituen. Baina Frantziara pasatu ginenean, sentipen horiek joan egin zitzaizkigun, eta ohiko Tourreko emozioak piztu zitzaizkigun berriro ere.
Tourreko bigarren etapa Aztiriko zure familiaren baserritik igaro zen. Zer-nolakoa izan zen hori zuretzat?
Bai, Aztiritik igaro nintzenean senide guztiak han zeuden, pankarta mordo batekin eta bide ertzean bazkaltzen. Oso polita izan zen denontzat. Azkenera arte ez nuen jakin Tourrean egongo nintzela. Baina, jakin bezain laster, aurreko aste osoa pasatu zuten gora eta behera, pintadak egiten eta etaparen egunerako dena antolatzen. Egun pozgarria izan zen niretzat eta familiarentzat.
Donostiako Klasikoan lehiatuko zara gaur, laugarren aldiz. Zer helburu duzu?
Bai, hori da, Astanarekin behin atera nintzen, eta Caja Ruralekin bi alditan. Laugarren aldia Movistarrekin izango da. Lasterketa apur bat kostatuko zait hasieran. Tourretik zuzenean nator, eta, hortaz, baliteke nekatuago egotea. Baina espero dut Tourrean arituta hartu dudan lasterketetarako erritmoa azaleratzea ibilbidean aurrera egin ahala; eta, amaieran, ea aurrean egoteko aukera daukadan. Lasterketa polita da, eta lehian egoten saiatuko naiz.
Donostiako Klasikoa irabaztea zer izango litzateke zuretzat?
Ametsa litzateke irabaztea. Oso zaila da, baina, etxeko lasterketa bat izanik, ikaragarria litzateke. Hala ere, goi mailako txirrindulari asko etorriko dira; adibidez, Remco Evenepoel [Soudal]. Bi aldiz irabazi du Klasikoa. Gainera, ni bezala Tourrean aritu diren beste asko ere Donostian izango dira.
Hiru aste irauten duten lasterketak eta egun bateko klasikoak ez dira berdinak. Zuk zein nahiago duzu?
Ni, normalean, hobeto moldatzen naiz egun bateko lasterketetan. Itzuli handietan normalagoa baita egun txarrak izatea, eta, gero, zailagoa izaten da horri buelta ematea. Horregatik, klasikoak gehiago gustatzen zaizkit, azkenean egun bateko kontua direlako, eta dena hor jokatzen duzulako, egun ona edo txarra izan.
Txikitatik txirrindularitzaren zalea izanda, Donostiako Klasikoa askotan ikusiko zenuen. Nola gogoratzen duzu?
Txikitan ikusmira handiena sortzen zidaten lasterketak Frantziako Tourra, Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa ziren. Hirurak izen handiko txirrindulari probak dira, mundu osoan ezagunak. Eta etxeko atarian horietako bi edukitzea ikaragarria da.
Donostiako Klasikoaren ondoren, denboraldiaren zatitxo bat geratuko zaizu oraindik. Zer lasterketatan arituko zara hurrena?
Donostiako Klasikoa bukatu eta gero, Munduko Txirrindularitza Txapelketa izango dut, Espainiako selekzioarekin, abuztuaren 5etik 13ra. Denboraldia amaitzeko, lau klasiko izango ditut. Lehenengoa Bretainiako Klasikoa izango da. Ondoren, Quebeceko eta Montrealgo klasikoetan parte hartuko dut. Lombardiako Giroa jokatuta amaituko dut denboraldia, Italian.
Movistarrekin egindako bigarren denboraldia duzu hau, eta beste bat geratzen zaizu. Zertan hobetu duzu?
Honetaz gain beste denboraldi bat geratzen zait Movistarren. Ni urtez urte hobetzen saiatzen naiz. Esperientziari garrantzia ematen diot, eta pentsatzen dut zenbat eta eskarmentu handiagoa izan, orduan eta hobeto arituko naizela. Gainera, eskarmentu handiagoa izateak konfiantza ematen dit erronka berrietarako.
Urrian bukatuko duzu sasoia. Zer egingo duzu urtarrilean lasterketak hasten diren arte?
Behin sasoia bukatzen dugunean,hilabete egoten gara geldirik, eta, ondoren, denboraldiaurrea hasten dugu. Hala ere, geldirik gauden hilabetetxo horretan, taldekoak bildu egiten gara arropak probatzeko, esfortzu probak egiteko eta abar. Behin hilabete hori pasatzean hasten dugu denboraldiaurrea. Mendira joaten hasten gara, oinez edo mendiko bizikletarekin. Eta errepidera itzultzen gara segituan. Urtarrilean hasten da denboraldia, eta ordurako pare bat hilabete arituak izaten gara entrenatzen.
Alex Aranburu. Movistarreko txirrindularia
«Lasterketa polita da, eta lehian egoten saiatuko naiz»
Donostiako Klasikoa irabaztea «amets bat egia bihurtzea» izango litzateke, Aranburuk adierazi duenez. «Nekatuago» dator Frantziako Tourretik, baina beste batzuk baino «erritmo handiagoarekin» ere bai. Haren ustez, Remco Evenepoel da irabazteko hautagai nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu