PILOTA

Lasori bide luzea geratzen zaio

Artolak eta Imazek nagusitasunez irabazi diete Lasori eta Arangureni: 22-11. Laso beldurrik gabe aritu da, baina koska handia falta zaio bete-betean aritzeko.

UNAI LASO.
Unai Laso, haserre, huts egin ondoren, gaur, Beotibarren. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko abenduaren 6a
21:00
Entzun

Unai Laso lehiara itzuli da urte erdiz min hartuta egon eta gero. Albiste bikaina da pilotarentzat. Baina Bizkarreta-Gerendiaingoari (Nafarroa) bide luzea geratzen zaio oraindik lehengora itzultzeko. Gaur ikusi da, Tolosan (Gipuzkoa). Hura eta Aitor Aranguren ezinean aritu dira Iñaki Artolaren eta Ander Imazen aurka. Haientzat izan da garaipena, nagusitasunez: 22-11. Lehen puntua dute Binakako Txapelketako ligaxkan. Lasok eta Arangurenek ez dute alerik.

«Ez nago gustura, 11 tantotan utzi baikaituzte. Partida osoan menderatu gaituzte. Ongi aritu naiz zenbait tantotan, eta beste batzuetan ez dut asmatu. Baina ez dut minik izan. Pozik nago», esan du Lasok partida amaitu berritan. Burumakur zegoen. Baina azken horri heldu behar dio: minik ez izanari. Hori zen garrantzitsuena. Argi dago koska handia falta zaiola bete-betean aritzeko. Sasoia eta jokoa falta zaizkio, baina entrenamenduek eta partidek ematen dute hori; batez ere, partidek. Eta hark urte erdi darama jokatu gabe. Pazientzia izan behar du, eta gogor jarraitu lanean. Berandu baino lehen egingo du gora. Berezkoa baitu, eta handia.

Laguntza ere beharko du. Gaur gutxi lagundu dio bikotekideak. Lasok bezala, Arangurenek ondo ekin dio neurketari, baina nabarmen egin du behera tantoek aurrera egin ahala: zazpi pilota galdu ditu. Lasok, berriz, bost. Hamabi dira, asko. Nekez irabaziko dute partidarik horrenbeste huts eginda. 

Laso eta Aranguren, ezinean, eta Artola eta Imaz, gozatzen. Oso partida serioa egin dute alegiarrak eta oiartzuarrak. Artola oso ondo aritu da hasi eta buka. Imazi, ordea, pixka bat kostatu zaio partidan sartzea, baina, gero, sendo aritu da. Haien gorakadak eta aurkarien beherakadak itxura gogorra zuen partida desorekatu dute: hiruna berdinduta egon dira, eta jarraian hamalau tanto egin dituzte irabazleek (17-3). 

Artolak eta Imazek atseden hartzeko denbora oso gutxi izango dute, ostiralean bertan jokatuko baitute berriro, Donostian, hirugarren jardunaldiko lehen partidan (17:00, ETB1). Aspeko eta Baikoko bikoteen arteko lehen partida izango da: Baikokoek Aitor Elordiren eta Beñat Rezustaren aurka jokatuko dute. Elordi eta Rezusta indartsu hasi dira, nagusitasunez irabazi baitituzte jokatu dituzten bi neurketak: zortzian utzi zituzten Danel Elezkano eta Julen Martija, eta 11n Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa.

ALDAIK ETA ZABALETAK JOKATUKO DUTE LAU ETA ERDIKO FINALA

Amaia Aldai dimoztarrak eta Goiuri Zabaleta leitzarrak jokatuko dute Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko Txapelketako finala, abenduaren 17an, Durangoko Ezkurdi frontoian (Bizkaia). 

Aldai eta Zabaleta gaur sailkatu dira finalerako, Abadiñon (Bizkaia). Bizkaitarrak nagusitasun handiz irabazi dio Miriam Arrillagari: 22-3. Askoz gehiago sufritu du nafarrak Leire Garai mendean hartzeko: 22-19. 

Orainaren eta etorkizunaren arteko lehia izango da finala: 23 urte ditu Aldaik, eta 14 Zabaletak. Aldaik hirugarrenez jantzi nahi du txapela, hirugarrenez jarraian. Zabaleta, berriz, aurreneko aldiz ariko da finalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.