Unai Lasoren prestatzailea

Egoitz Carrion: «Lasok ulertu du edozein kirolarik profesionala izan behar duela bere lanean»

Unai Lasok buruz buruko finala jokatuko du igandean, Jokin Altunaren aurka. Duela urtebete ospitalean zegoen, apendizitisak jota. Egoitz Carrion izan du lagun urtebeteko bide malkartsuan. Argi du: «Denok asko ikasi dugu».

Egoitz Carrion. IDOIA ZABALETA / FOKU
Egoitz Carrion. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun

Asier Agirre B serieko buruz buruko txapeldunorde izan berri da. Unai Lasok, berriz, maila nagusiko finala jokatuko du igandean. Bien prestatzailea da Egoitz Carrion (Irurtzun, Nafarroa, 1993). Barre egin du modako prestatzailea ote den galdetuta. «Boladaka doa hau. Zorionez, bolada ona harrapatu dugu. Oso pozik gaude».  

Unai Lasok buruz buruko finala jokatuko du igandean. Justu duela urtebete, ospitaleko ohe batean etzanda zegoen, apendizitisak jota. Nola definituko zenuke ordutik gertatu den guztia? 

Askotan egin diot galdera hori neure buruari azken egunetan, eta hitz asko pentsatu ditut: zailtasuna, erronka... Baina, bat esatekotan, ikasketa esango nuke, bai Unairena, bai haren prestaketan eta errendimenduan zerikusia dugunena. Bagenekien prozesu luzea eta gogorra izanen zela, eta hobera egin zezan aldaketa bat egon behar zela bai harengan, bai haren ingurukoengan. Hala izan da, eta denok asko ikasi dugu.

Duela urtebete esan izan balizute buruz buruko finala jokatuko zuela urtebete barru, sinetsiko zenukeen?

Bai. Erronka handia zen, baina sinetsita nengoen gu biok eta haren ingurua konprometituta egonez gero lor zezakeela. Prozesua uste baino luzeagoa eta gogorragoa izan da, baina nik beti izan dut konfiantza handia harengan; konbentzituta nengoen bete-betean helduko ziola buruz burukoari. Eta Unai bete-betean badago, edozer egiteko gai da.

Lehenbizi, apendizea kendu zioten, eta jarraian ebakuntza egingo zioten eskuin aldakan. Nola gogoratzen dituzu egun haiek?

Apendizea kentzearena ezustekoa izan zen. Aldakako ebakuntzarena, ordea, ez. Bagenekien hor zerbait ez zegoela ondo, eta ebakuntza egitearena zen aukeretako bat.

Denbora asko zeraman minez?

Bai. 2022an, txapeldun izan zen udan, irrist egin zuen partida batean, ikusle batek edaria bota zuelako kantxara. Min hartu zuen, eta, ordutik, ezin izan zen bete-betean aritu; lehiatu zitekeen, baina mugak zituen ondo entrenatzeko. Horrek ondorioa izan zuen haren errendimenduan. Gero, berriz egin zuen irrist binakakoaren partida batean, eta arrastaka ibili zen. Buruz burukoan ere ez zen ondo aritu. Batez ere, psikologikoki oso gogorra da minez entrenatzea eta lehiatzea; egunerokoa gogorra da. Hala, apendizea kenduko ziotela aprobetxatuta, aldakan ebakuntza egitea erabaki zuen. Bai harentzat, bai inguruko guztientzat, hutsetik hastearen parekoa izan zen. Merezitako atsedena hartu ahal izan zuen. Bagenekien hori eginda bere burua ere hutsetik hasiko zela. Sinetsita geunden bestelako Unai Laso bat ikusiko genuela, ez hobea, garatuagoa baizik. Eta halaxe izan da.

«Erronka handia zen, baina sinetsita nengoen gu biok eta haren ingurua konprometituta egonez gero lor zezakeela»

Denbora luzez jokatu gabe egongo zela kontuan hartuta, kosta egin zitzaion erabakia hartzea?

Nahiko ondo hartu zuen. Argi zuen ezin zuela minez segitu, eta onerako zela ebakuntza egitea, eta noizbait egin behar ziotela. Aldakan ebakuntza egiten badizute, ezin zara ibili ere. Unairi burutik kendu zitzaion pilotaria zela. Elbarria zen, onartu egin zuen, eta pilotatik urrundu zen. Nire ustez, onerako izan zen.

Nola aritu zineten?

Pazientzia handiz. Medikuek eta fisioterapeutek jarritako pausoak eta epeak errespetatu behar genituen. Hasieran, ondo zegoen, aurrera egiten ari ginelako; horrenbeste, ezen batzuetan nahi baino mantsoago jardun behar genuen. Gero, ordea, zaildu egin zen egoera: binakakoan ariko zen, eta mina ez zen erabat desagertua. Hori izan zen garairik gogorrena. 

Ez da gauza bera sendatuta egotea edo bete-betean egotea.

Ez, noski. Sei hilabeteren buruan, joka zezakeen. Unaik eta enpresak hartu zuten erabakia, eta, nire ustez, mesede egin zion. Baina, ikerketek diotenez, halako lesio bat izan ondoren, bederatzi-hamar hilabete behar dira berriz bete-betean aritzeko. Binakakoa jokatu zuen hilabeteak egokitzapen baten modukoak izan ziren harentzat. Hain zuzen, bederatzi-hamar hilabete pasatu dira Unai berriro bete-betean aritzerako.

Nola eraman zuen binakakoaren nahi eta ezina?

Gogorra izan zen, emaitzak ere ez zirelako onak izan. Kirolari bat lehiara itzultzen bada, ondo entrenatu delako itzultzen da, baina Unairen itzulera ez zen izan nahi bezain ona: erritmoz larri ikusi zuen bere burua, eta gogorra da hori onartu eta aitortu behar izatea oraindik lan asko duzula egiteko. Hala ere, hasieratik argi izan zuen lan asko egin behar zuela lehengo Unai Laso izateko. Horretan dabil.

«Lehengo Unai Laso oso oldarkorra eta fisikoa zen. Oraingoak, berriz, hobeto neurtzen du, bai jokoan, bai prestaketan»

Aldatu egin da?

Bai. Profesionalagoa da. Hori da egin duen aldaketa nagusia. Baikotik kanpo geratu eta nirekin lanean hasi zenean, prestaketa fisikoa berria zen harentzat; denak on egiten zion, gazteagoa zen, sumendi bat zen, eta dena bikain ateratzen zitzaion. Baina, orain, helduagoa da, eta badaki gorputza zaindu behar duela, eta beste ohitura batzuk izan behar dituela horretarako. Ulertu du edozein kirolarik profesionala izan behar duela bere lanean, eta are gehiago berak, lesio larri bat izan eta gero.

«Unai Laso garatuago bat» nahi zenuten. Zertan garatu da?

Lehengo Unai Laso oso oldarkorra eta fisikoa zen. Oraingoak, berriz, hobeto neurtzen du, bai jokoan, bai prestaketan.

Zertan aldatu da?

Kantxan mugitzen. Lehen, oso indartsua eta sendoa zen; saiatu gara sendotasun horri eusten, lesioa sendatzeak hori eskatzen zuelako. Aldi berean, pixkanaka, kantxako mugimendua landu dugu. Hobeto mugitzen da orain, ez biziago, baina bai zentzu handiagoz.

Ehunekotan, zenbatean ari da?

Fisikoki, pixka bat falta zaio. Ez da lehengo Unai Laso, baina oso hurbil dago. Ordukoa %100ean aritzen bazen, oraingoa %90etik gora ari da. Eta orain arte bezala jarraitzen badu, ahalmena du datorren denboraldiari bete-betean ekiteko.

«Ikusi du bizitzak erronka zaila jarri arren buelta eman diola. Orain, bere burua gai ikusten du edozein egoerari buelta emateko»

Horrenbeste hobetzeko, lan handia egin behar izan du?

Izugarria izan da Unaik egin duena; izugarria da halako lesio baten ondotik emaitzak eta errendimendua nahi bezalakoak izan ez eta hala ere horrelako konpromisoarekin lan egin izana. Horregatik, finalean gertatzen dena gertatzen dela, Unaik egin duen lana harro egoteko modukoa da. Zoriontzekoa da.

Zer pasatu duen kontuan hartuta, ulergarria da gogoz gainezka egotea. 

Batez ere, pozik dago berriro hor dagoelako, berriro ezagutu genuen Unai Laso hura delako, eta hor eusteko bidea ezagutu duelako. Ikusi du bizitzak erronka zaila jarri arren buelta eman diola. Orain, bere burua gai ikusten du edozein egoerari buelta emateko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.