Pilota

Lasok nagusitasunez irabazi dio Salaberriari: 22-6

Gaur irabazita, Baikoko aurrelaria final-laurdenetako ligaxkan ariko da, B multzoan, Peio Etxeberriarekin, Jon Ander Peñarekin eta Aitor Elordiren eta Javier Zabalaren arteko partidaren irabazlearekin.

UNAI LASO. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Unai Laso, garaipena ospatzen, gaur, Bizkaia frontoian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko urriaren 12a
19:12
Entzun

Bi urteren ostean aritu da berriro Unai Laso Lau eta Erdiko Txapelketan, eta Bizkarreta-Gerendiaingoak (Nafarroa) itzulera gozoa izan du. Nagusitasunez irabazi dio gaur Iker Salaberriari final-zortzirenetan, Bilbon, Bizkaia frontoian: 22-6. Hala, B multzoko final-laurdenetako ligaxkan ariko da, Peio Etxeberriarekin, Jon Ander Peñarekin, eta Aitor Elordiren eta Javier Zabalaren arteko partidaren irabazlearekin. Bi pilotariok astelehenean jokatuko dute elkarren aurka, Tolosan (Gipuzkoa), 16:30ean.

Lau eta erdikoak «lanak» ematen dizkiola esan zuen Lasok pilota aukeraketan, baina gaur gustura aritu da, eta ez dio aukerarik eman Salaberriari. Goizuetarrak handia egin zuen iaz, final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuta, baina aurten, bide laburra egingo du. Lehen tantoetan gai izan da Lasori aurre egiteko, baina Baikokoa pilotari abiadura ematen hasi da, eta zuzenean joan da 22. tantora. Itxura oso ona eman du. Hura ere «oso pozik» azaldu da. «Nire jokoa atera dut». 

Bihar, Lekunberrin

Bihar, Joseba Ezkurdiak eta Iñaki Artolak jokatuko dute Lekunberrin (Nafarroa), 17:00etan (ETB1). Artola jokatu ala ez ibili da eskuin izterreko lesio bat dela-eta, baina atzo entrenamendu gogorra egin zuen Lekunberriko frontoian, eta jokatzea erabaki zuen. Ezkurdia, berriz, bete-betean entrenatu ahal izan da. 

Partida irabazten duena A multzoko ligaxkan ariko da, Jokin Altunarekin, Erik Jakarekin eta Iraitz Zubizarretarekin batera. Zubizarreta III.ak Mikel Urrutikoetxea kanporatu zuen atzo gauean, Agoitzen (Nafarroa): 22-14 irabazi zion. Aurrelari ataundarra aurrenekoz ariko da final-laurdenetan Lehen Mailako txapelketa batean.

HIRU HIRIBURUAK TORNEOAREN FINALA, BIHAR, GASTEIZEN

Bihar jokatuko dute Hiru Hiriburuak torneoaren finala, Gasteizen, Ogeta frontoian, 12:00etan (ETB1). Mirian Arraiza eta Enara Gaminde Goiuri Zabaletaren eta Nora Mendizabalen aurka ariko dira. Finalean gertatzen dena gertatzen dela, txapeldun berriak egongo dira, iaz Amaia Aldaik eta Arrate Bergarak irabazi baitzuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.