Jokin Altuna ez da aurten lau eta erdiko txapelketaren finalean izango. Unai Lasok finalerdietan irabazi dio, eta finaletik kanpo utzi du Amezketako pilotari handia; zortzi finaletan izan da jarraian, baina hurrengoa nafarren artekoa izango da, Lasok finalean Peio Etxeberria izango baitu aurkari. Ligaxkako bigarren jardunaldian elkarren aurka jokatu zuten bi horiek: partida gogorra izan zen, eta Etxeberriak irabazi zuen. Bi aste barru jokatuko da finala.
Pozarren zen Laso partidaren ondoren. Ondo sentitu dela aitortu du, eta Altuna baino «pilotakada bat aurretik» izan dela esan du, «ezeroso sentiarazteko». Konfiantzaz aritu dela gaineratu du, eta gakoa hor egon da, haren iritziz. Altuna penatuta mintzatu da, baina lasai. Garrantzia kendu dio bederatzigarren finala jokatzeko aukera horri, eta azpimarratu du ez dela eroso sentitu. Sakez ez dela ondo aritu aitortu du, eta ezkerrarekin minik ez duela egin gaineratu du. Arrazoia? «Pilota partida bat da, eta batzuetan irabazi eta beste batzuetan galdu egiten da. Besteek ere jokatu egiten dute. Unai pilotaririk onenetako bat da». Irabazlea zoriondu du. Igandean hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko du Zumarragan (Gipuzkoa), Jakaren aurka.
Laso, hasieratik nagusi
Lehen aldiz irabazi dio Lasok Altunari lau eta erdiko txapelketan. Indartsu hasi du partida, eta berehala 0-4koa jarri du markagailuan; 12 pilotakada baino ez ditu behar izan lehen lau tanto horiek egiteko. Altuna ez da eroso aritu partida guztian, eta sufritu egin du Lasoren zartakoen aurrean. Sake zitalak egin ditu nafarrak, azpitik eta ezker paretatik itzuli beharrekoak. «Sartu paretan», esan dio Jon Mariezkurrena botileroak. Abiadura eman dio pilotari, eta Altuna kokatu ezin aritu da.
Oso aurrean jokatu dute partida hasieran bi pilotariek, aurkariari espazioa uzteko batere asmorik gabe. Aldea murriztu du gero Altunak, gero (2-6), baina Lasok erakutsi du gaur hobeto zegoela. Erritmo handiarekin jokatu du, eta Altunari kosta egin zaio bere tokia hartzea; Lasoren atzean jokatu behar izan du, eta txokotik zabalera ibili da, Lasok pilota nora botako asmatu nahian.
Altunak, berriz, ez du sakearekin asmatu. Gainera zenbait tanto galdu ditu: partida hasiera horretan, bat zabalean gehiegi gurutzatuta eta bestea pilota gehiegi harrotuta. Lasok ere akatsak egin ditu eta pilota txapara bidali du bitan, baina Altuna gehien hurbildu zaionean asmatu du, eta bizpahiru tantoren aldeari eutsi dio. Aipagarria 6-10ekoa egiteko sotamanoz egin duen bi pareta. Izan du aukerarik Altunak gehiago hurbiltzeko, baina ez du erabat suspertzerik izan: ez da ondo aritu Lasok agindu duenean, eta bere txanda izan duenean, ez du asmatu.
Presiopean ere, Laso bikain
Lehen etenaldia 6-12koarekin eskatu du Altunak, eta hobeto atera da. Bi tanto egin ditu atera eta berehala. Lasok, baina, eutsi egin dio. Hala behar du pilotariak Altunari irabazi nahi badio, eta behera etorri gabe partida osoa jokatu du, hasi eta buka. Bizkorra da Altuna, ez soilik oinekin, baina gaur, kantxan bere lekua aurkitu ezin izan duelako-edo, ez ditu erabakirik onenak hartu momenturik erabakigarrienetan. Hala, Lasok 8-15ekoa egin duen tantoan, zalantzati agertu da, eta partidan lehen aldiz zazpi tantoren aldea lortu du Bizkarreta-Gerendiaingoak.
8-16koarekin bi tanto egin ditu Altunak berriro, eta suspertzeko abagunea izan du. 10-16koarekin, baina, tanto oso gogorra jokatu dute bi pilotariek, boleaz asko, eta azkenean amezketarrak gora bota du pilota. Ika-mika txiki bat ere izan dute; Lasok Altunari kargu hartu dio, pilota jotzera zihoan batean aurrean gurutzatu zaiolako. Lasok gero garrantzia kendu dio horri.
10-17koarekin sakez egin du beste tanto bat Lasok, eta jauzi handia egin du finaleran sartzeko. Azken tantoak ere bereak izan ditu. Partida amaieran, ezker paretak ere egin du berea. Hiru tanto galdu dituzte bi pilotariek, pilota paretatik atera baita jo ezinda. Halakoak izan dira Lasoren 18. tantoa eta Altunaren 11.a.
Partida amaieran, arriskatzeko esan dio botilleroak Altunari, eta orduan izan du partidako susperraldirik handiena, partida galdua zuela zirudienean. Une erabakigarria izan da Lasorentzat; pasatu ere egin du, eta lau tanto egin ditu segidan Altunak, 14.era arte. Presiopean jarri du orduan Laso. 14-20koarekin, baina, eutsi dio Altunaren sakeari, eta Altunari berriro egin dio ihes pilotak ezker paretatik atera denean. Azken-aurreko tantoa eginda, txalo zaparrada handia jaso du Lasok, eta sakez egin du azken tantoa.