Lasok eta Iztuetak aise irabazi dute, Zabaletaren hutsei esker

Ezkurdia-Rezusta eta Laso-Iztueta pasatuko dira zuzenean finalerdietara. Peio Etxeberriak eta Martijak galdu egin dute berriro, Jaka eta Imazen kontra.

LASO IZTUETA
Lasoren artxiboko irudi bat. IÑIGO URIZ / FOKU
inaut matauko rada
2025eko otsailaren 1a
20:00
Entzun

Aise irabazi dute Unai Lasok eta Martxel Iztuetak binakako txapelketako hamabigarren partida, eta, hala, erakutsi dute txapelketako bikote onenetako bat osatzen dutela, Ezkurdia eta Rezusta berdindu baitituzte garaipenetan. Jose Javier Zabaletaren eta Aitor Elordiren aurka jokatu dute, Idiazabalen (Gipuzkoa), eta 22-11 irabazi. Zabaletak ezohiko irudia erakutsi du, huts asko egin baititu; Urdinek ere hori aipatu dute irabazi ostean. «Josek [Zabaleta] huts asko egin ditu, normalean egiten ez dituenak», esan du Lasok; Iztuetak, berriz, azaldu du bikote gorriaren kontra jokatu zuten lehen partida «gogorra» izan zela, eta espero zutela gaurkoa ere halakoa izatea.

Emozio handirik gabe hasi da partida, tanto gehienak hutsen ondorio izan baitira, eta ez joko onaren emaitza. Horretan Zabaleta izan da izarra: markagailua 8-2 zela hartu dute lehen atsedenaldia eta ordurako sei huts egin ditu, horietako gehienak pilota gora botata. Laso eta Iztueta tantoak azkar eginda iritsi dira 5-1ekora, eta orduan izan da lehen tanto ona, Elordik ezker gantxo ederra egin eta zabalera bidali baitu pilota: 5-2. Hurrengo tantoa ere bikaina izan da; urdinena, ordea: frontisetik gertu, Lasok atze-atzera bidali du pilota eskuin sotamanoz; Zabaletak salto eginda eman behar izan dio pilotari, eta huts egin du. Urdinak tantoak egin eta egin aritu dira atsedenera arte.

Iztuetak lan gutxi izan du lehen zatian, eta jo behar izan dituen pilotakadak ondo eraman ditu, segurtasunez. Atsedenetik bueltan egin dute partidako tanto luzeenetako bat, eta Elordik ezker gantxo kaskar bat jota, 10-2koa jarri dute urdinek. Elordik azkar konpondu du hutsa, goxo-goxo utzi baitu pilota bat zabalean, ustekabean, eta Laso ez da iritsi: 10-3. Haserre atera da Laso huts horren ostean, eta hark erantzun die gorrien pilotakada ia denei, oso indartsu eta oldarkor. Zabalean zela, horma-biko gogor batekin berriro lortu du iniziatiba. Antzeko beste tanto bat eginda iritsi dira bigarren atsedenaldira (12-3).

Itzuleran, Zabaletak goiko txaparen gainetik bidali du pilota berriro, baina Elordik segituan berdindu du partziala, tanto bikain batekin. Beste tanto bat ere egin dute gorriek (13-5), eta gerturatzen hasi dira. Hurrengo jokaldian, Zabaleta Iztuetaren eta pilotaren artean sartu da, eta errepikapenean Iztuetak gora bota du pilota: 13-6. Hala ere, urdinek berehala zapuztu dituzte Elordi eta Zabaletaren ametsak, eta Zabaletaren hutsekin eta Lasoren tanto onekin 18-7kora iritsi dira hurrengo eta azkenengo atsedenera. Azken tantoa deigarria izan da, Zabaletak lurrean eseri baita, bizkarra paretan finkatuta eta eskuak aurpegian. Ikusleek animatu egin dute, baina ez du lortu bere bertsio onena erakusten horren ostean.

Atsedenaren osteko lehen bi tantoak atzelarien hutsen ondorio izan dira, Zabaletarena lehena eta Iztuetarena bigarrena. Hala ere, ezker gantxo eder bati eginda, Lasok 20-8koa jarri du markagailuan. Hurrengo tantoan, Lasok eta Iztuetak gaizki-ulertu bat izan dute, eta ez da inor iritsi pilota eramatera: 20-9. Hurrengo tantoa ere gorriena izan da, baina, horren ostean, Zabaletaren beste huts batengatik, 21-10 jarri dira urdinak. Gorriek beste tanto bat egin dute, Iztuetak pilota behera botata, baina Lasok bikain amaitu du partida, pilota ezker paretaren ondoan goxo-goxo utzi eta gero. 22-11 amaitu da partida.

Gauzak ez daude guztiz erabakita oraindik, baina Lasok eta Iztuetak aukera asko dituzte finalerdietarako zuzenean sailkatzeko, eta Elordik eta Zabaletak, ziurrenik, kanporaketak jokatu beharko dituzte fase horretara iristeko.

Jaka eta Imaz

Labriten izan da arratsaldeko beste jaialdia, eta Jakak eta Imazek 22-18 irabazi dute Peio Etxeberriaren eta Martijaren aurka. Etxeberriak eta Martijak azken postuan jarraitzen dute. Jakak eta Imazek, garaipen horri esker, aurreratu egin dituzte Peña II.a eta Albisu, eta bosgarren postura igo dira ligan.

Hala ere, urrun dute laugarren postua, Elordi eta Zabaletarena, ligaxka amaitzeko bi jardunaldi falta diren honetan bi garaipenen aldea baitute, eta lehen partida Elordik eta Zabaletak irabazi baitzuten. Altuna III.ak eta Bikuñak bihar jokatuko dute, Artolaren eta Mariezkurrena II.aren aurka, Bilbon (ETB1, 17:15); Altuna III.arentzat eta Bikuñarentzat hil ala biziko partida da kanporaketa fasera pasatu ahal izateko. Artolarentzat eta Mariezkurrena II.arentzat ere oso partida garrantzitsua da, gertu baitute finalerdietarako zuzen sailkatzeko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.