Lasok eta Iztuetak 13-22 irabazi diote Altunak eta Arangurenek osatutako bikoteari, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Binakako Txapelketako seigarren jardunaldiko partida izan da, azkena, eta irabazleak aurrean eta atzean lan ona eginez gailendu dira. Partida hasieran Altuna eta Aranguren 3-1 aurreratu dira, baina berehala aurrea hartu eta aldea zabaldu dute Lasok eta Iztuetak: 5-11 eta 8-16. Aipagarria izan da Martxel Iztueta tolosarraren partida. Konfiantza handiz jokatu du, eta oso seguru aritu da atzean. Partida amaieran Iztuetak azpimarratu du oso ondo egokitu direla bera eta Laso. Garaipen horrekin, Binakako Txapelketako bigarren postuan dira; Elordi eta Zabaletaren aurka soilik galdu dute, eta tanto batengatik. Sailkapeneko lehen postuan Ezkurdiak eta Rezustak jarraitzen dute. Ostegunean Azkoitian elkarren aurka ariko dira lehen bi sailkatuak.
Lasok eta Iztuetak Altunaren gainetik jokatu nahi izan dute, eta, ondo aritu bada ere, ezinean aritu da Aranguren atzeko koadroetara iritsi zaizkion pilota guztiekin. Altuna joan zaio laguntzera bikotekideari behin baino gehiagotan, baina urdinek majo zigortu dute atzean Aranguren. Errebotetik eraman behar izan du pilota bat baino gehiago. Hala izan dira nagusi Laso eta Iztueta; euren 16. tantoa partidaren adierazgarri izan da: Aranguren atzetik pilotak eraman eta eraman, Altuna hari laguntzen ahal zuen heinean, eta Laso eta Iztueta pilotak jo eta jo; azkenean bi pareta batekin egin du 8-16koa Lasok.
Aurrelarien arteko deman Laso gailendu da. Biparetak egin ditu, eta Altunak bereak eta bi egin dituen arren, txokoan eta zabalean, Bizkarreta-Gerendiaingoa alde batean eta bestean aritu da oso fin. Bi aurrelariek pilotakada azkarrak eta zorrotzak jo dituzte, baina Lasok gehiago asmatu du aurrean, bai pilota jotzerakoan, bai aurkariaren jokaldia zein izango zen asmatzerakoan: zabalean iritsi da harrapaezinak ziruditen Altunaren gantxoak eramatera, eta amezketarrak ezin izan dio bere eraginkortasunari etekinik atera. Altunak are eta gehiago arriskatu behar izan du, eta pilota gehiago galdu ditu. Horren erakusgarri izan da urdinen 19. tantoa, zeinetan azkenean joan egin zaion Altunari pilota. Lasok, bitartean, ez du bere burua hainbeste behartu behar izan, eta, tantoa egiteko aukera izan duenean, egin egin du.