Ekainaren 28an Baskoniaren zale guztiak zur eta lur utzi zituen notiziak. Batzuk ezin sinistu ibili ziren sare sozialen bidez klubak informazioa baieztatu zuen arte, baina susmo guztiak egia bilakatu ziren azkenean: Pablo Laso (Gasteiz, 1967) Baskoniako entrenatzailea izango da 2027ra arte. Gaur egin dute aurkezpena Buesa Arenan, eta aitortu du ilusioz helduko diola proiektuari: «Zertara etorri naizen erakutsiko diet zaleei».
Urduri samar zegoela onartu du Lasok aurkezpenaren hasieran —«uste dut lehen aldia dela prentsaurreko batean»—, baina laster hartu du konfiantza: etxeko egongelan egongo balitz bezala hitz egin du kazetariekin, txantxak eta kontakizunak tartekatuta. Adierazi du «oso pozik eta eskertuta» dagoela Baskoniak eman dion aukerarekin.
Nabarmendu du klubak eta berak elkartzeko «une ezin hobea» aurkitu dutela: «Egun onak eta zailak bizi izan ditut hemen, baina nire lagun batek argi zuen noizbait Gasteizera itzuli behar nuela». Baina garbi utzi du duela aste batzuk —Bayern Munichekin Bundesligako finala jokatzen ari zenean— Baskonia ez zuela buruan: «Arratsalde horretan Baskoniari buruz hitz egin izan balidate, ez nuen entzun ere egingo».
Lasok 29 urte eman ditu Gasteiztik kanpo, eta etxera itzuli da ia hiru hamarkadaren ostean; espero ez bezalako harrera egin diote zaleek, eta hark asko eskertu du. Hark emaitzekin itzuli nahi die jasotako maitasun guztia orain: «Zertara etorri naizen frogatuko diet, eta Baskoniarentzako eta niretzako onena egingo dut une oro».
Horretarako, ordea, zale batzuekin bakea sinatu beharko du lehenbizi. Izan ere, 1995ean, Baskoniatik Real Madrilera alde egin zuenean, kritika asko egin zizkioten, eta hurrengo urteetan, aurkari gisa, indartu egin zen etsaitasuna. Hala ere, horrek ez du kezkatzen: «Oso argi dut ni maitatu ala ez zaleak euren taldea animatzera joango direla, beti egiten duten bezala». Emaitzek indartuko dutela elkarren arteko harremana, alegia.
«Oso argi dut ni maitatu ala ez zaleak euren taldea animatzera joango direla, beti egiten duten bezala».
PABLO LASO Baskoniako entrenatzailea
Moneke eta fitxaketak
Felix Fernandez kirol zuzendariak uste du, hain zuzen, hurrengo denboraldian «ilusioa, ardura, ezagutza eta esperientzia» eskainiko dizkiola Baskoniari: «Proiektu berri bat hasten denean, beti duzu ilusio handia, eta lan egiteko gogoa. Pablok behar genuen bultzada hori emango digu».
Entrenatzaileak hitz egin du proiektuaz, baita zuzenduko dituen jokalariei buruz ere, nahiz eta ez duen argibide handirik eman nahi izan. Satiraz erantzutea nahiago izan du fitxaketen inguruan galdetu diotenean: «Fitxaketak egitea nire esku balego Lebron Jamesi deituko nioke, baina ez dut uste deia hartuko lidakeenik».
«Proiektu berri bat hasten denean, beti duzu ilusio handia, eta lan egiteko gogoa. Pablok behar genuen bultzada hori emango digu».
FELIX FERNANDEZ Baskoniako kirol zuzendaria
Izen batzuk aipatu ditu, dena den: iaz taldea bizkar gainera behin baino gehiagotan eraman zuen jokalaria, Markus Howard, gustuko du entrenatzaile gasteiztarrak: «Oso jokalari konprometitua da, bai taldearekin, bai zaleekin». Chima Moneke ere jokalari «bikaina» dela iritzi dio, hurrengo denboraldian Baskonian jarraituko duen zalantzan badago ere: Partizan eta Bartzelona haren atzetik dabiltzala zabaldu da azken egunotan sare sozialetan eta hedabideetan. Argi utzi du taldean nahiko lituzkeela: «Plazera da horrelako bi jokalari nire taldean egotea».
Lasoren hitzak baieztatu ditu Fernandezek, eta Monekeren irteera posibleari ateak itxi: «Monekek kontratua du gurekin, eta gogoan daukagu». Hala ere, gogorarazi du talde bat ez dela jokalari bakarrarekin eraikitzen: «Jokalari beteranoak eta berriak nahasten saiatuko gara, eta haien artean kimika izan dezaten ahalegindu».
Codi Miller-McIntyre antolatzaile estatubatuarra ez da izango horien artean, haren etete klausula ordaindu baitu gaur, Izar Gorriarekin fitxatzeko.