LASO 22-12 ZABALA

Laso nagusitasunez sailkatu da buruz buruko finalerako

Egunik onena izan ez arren, Baikoko aurrelariak merezita gainditu du Javi Zabala, eta bigarren aldiz ariko da buruz buruko finalean. «Bolada txarra izan dut berriki, eta emozioak jota nago», esan du partida amaieran.

Unai Laso, garaipena ospatzen.  Javier Zabala burumakur ageri da. IÑIGO URIZ / FOKU
Unai Laso, garaipena ospatzen. Javier Zabala burumakur ageri da. IÑIGO URIZ / FOKU
jon eskudero
2024ko maiatzaren 18a
20:38
Entzun

Aldakako ebakuntza arriskutsuaren eta indarberritze prozesu luzearen ondoren, berriro ere buruz buruko finalean izango da Unai Laso. Ia zazpi hilabetez jokatu gabe egon eta gero, nafarra joan den urte amaieran itzuli zen kantxetara, eta, bere onera etortzeko lan handiak izan baditu ere, bi onenen artean izango da, profesional mailan bigarren aldiz. Lasok merezita garaitu du gaur Javier Zabala, Iruñeko Labrit pilotalekuan: 22-12.

Lehen zatian tentsioari eta urduritasunari aurre egin ezinda ibili dira bi pilotariak, trakets antzean. Lehia hamarna zegoelarik, irekita zegoen guztia. Baina, bigarren zatian, Baikoko pilotariak askoz egokiago jokatu du, eta garaipenak ez dio ihes egin. Pozarren zen partida amaieran: «Aste guztian oso urduri egon naiz, eta izugarri gogorra egin zait partida, batez ere presioagatik. Irabazteko asko zegoen, eta nabaritu da. Bolada oso txarra pasatu berri dut lesioagatik, eta buruz buruko finalean egotea sekulako saria da. Emozioz betea nago».

Espero bezala, partida hasieran faborito garbia izan da Laso apustuzaleen artean, final-laurdenetako ligaxkako hiru partidak irabazi zituen eta. Zabalak, berriz, bakarra. Bada, txapelketan estreinako aldiz, lehen sakea alde tokatu zaio nafarrari, eta aukera ez du alferrik galdu. Ohartzerako, 4-0 aurreratu da, eta hiru bazituen sakez eginak. Jokoaren ekimena ere berea zuen, eta Zabala ezinean zebilen. Bazirudien Laso askoz gehiago zela jokoan, baina haren hutsegiteek partidan sartu dute errioxarra. Bi pilotariak elkarri aukerak ematen aritu dira, nahiz eta Laso beti aurretik izan: 5-1, 6-3, 8-4 eta 10-7.

Bada, Zabalak orduantxe jokatu du ganorazko lehen tantoa, eta gora egin du, erasokorrago jokatzeari ekin baitio. Hamarna berdindurik egon da lehia, bizi-bizirik. Errioxarraren tarterik onena izan da, baina ez du lortu aurrea hartzea. Garrantzitsua zen lehen atsedenaldi luzera aurretik iristea, eta 12-10 irabazten zihoala erretiratu da aldageletara Laso. Handik bueltan, ederki aldatu ditu kontuak. Pilota askoz gehiago luzatu du eskuinez, eta tantoa amaitzeko garaian ere asmatu egin du dejadarekin. «Aldageletan lasaitu egin naiz, eta beste jarrera batekin kantxaratzea lortu dut. Erabat lotuta sumatzen nuen neure burua, baina, tarte kritikoetan sufritzen jakinda, gozatu egin dut bukaeran». Izan ere, Baikoko pilotariak alde handia lortu du markagailuan oso denbora gutxian, eta bigarren atsedenaldira 18-10 heldu da aurretik. Azken txanpan ere ez du inolako arazorik izan finalerdia ebazteko.

Ezker eskua minduta

Jokoan ez ezik, jarreran ere etsita zegoen errioxarra, eta ez da harritzekoa, begien bistakoa izan baita ezker eskua minduta zeukala. Nahi eta ezin ibili da bigarren zati luzean. Nahiago izan du pilota ezker eskuarekin ez jo, eta soilik eskuinez jokatu du. Txapelketa osoan gorabehera handiak izan ditu eskuekin, eta azkenean ordaindu egin du hori. Negarrez amaitu du lehia Zabalak. Halere, lehen mailan izandako estreinako parte hartzean lau onenetan sartzea «arrakastatzat» jo du. Lasok, berriz, bigarren finala izango du buruz buru, 2022an ere jokatu baitzuen. Hain zuzen, 22-5 menderatu zuen Joseba Ezkurdia.

Bihar erabakiko da Lasok nor izango duen aurkari finalean. Nor baino nor gehiago ariko dira Jokin Altuna eta Iñaki Artola Donostiako Atano III.ean (16:45, ETB1). Partida guztiak irabazita eta erakustaldi galantak emanda iritsiko da alegiarra; ozta-ozta eta izugarri sufrituta, berriz, amezketarra. Halere, dirua parean aterako da, ez baita faborito argirik ikusten. Artolak irabaziko balu balentria ederra egingo luke Baikok, bere enpresakoak izango lituzke-eta bi finalistak. Gainera, B serie mailako buruz burkoan ere Baikoko bi pilotarik lortu zuten atzo finalerako sailkatzea: Iker Larrazabalek eta Asier Agirrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.