Laso-Iztuetak eta Altuna III.a-Arangurenek lehen puntua lortu dute

Lehenengoek 22-9 hartu dituzte mendean Larrazabal eta Mariezkurrena II.a; bigarrengoek 22-13 irabazi diete Peio Etxeberriari eta Martijari.

Altuna III.a erremate bat egiten, atzean Peio Etxeberria duela. JON URBE / FOKU
Altuna III.a erremate bat egiten, atzean Peio Etxeberria duela. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko azaroaren 30a
20:30
Entzun

Atzelarien txapelketa kutuna izan ohi da Binakako Txapelketa. Baina gaur aurrelariek ezarri dute beren legea. Ez nolanahiko bi aurrelarik, gainera; ziurrenik, egungo bi onenek: Unai Lasok eta Jokin Altunak. Erakustaldia emanda abiatu dute biek txapelketa. Bizkarreta-Gerendiaingoak (Nafarroa), Martxel Iztuetarekin batera, 22-9 hartu dituzte mendean Iker Larrazabal eta Jon Mariezkurrena —Artolaren ordez aritu da Larrazabal—; Amezketakoak (Gipuzkoa) eta Arangurenek, berriz, 22-13 irabazi dute Peio Etxeberriaren eta Julen Martijaren kontra.

Lau eta erdiko txapelak hauspotuta, eta Iztuetak estreinakoa zuela kontuan hartuta, Lasok hasieratik hartu du ekimena Lizarrako pilotalekuan (Nafarroa). Erritmo bizia jarri dio partidari, asko sartu da jokoan, eta asmatu egin du. Hala, 7-2 aurreratu dira. Ordurako lau tanto zituen eginak Lasok, eta bakar bat ere ez galdua. Mariezkurrena II.ari, berriz, kosta egin zaio atzean nagusitzea, eta hala zailagoa zen Larrazabalek aurrean zerbait egin ahal izatea, nahiz eta ahalegindu den.

9-4koarekin, eseri egin dira Larrazabal eta Mariezkurrena II.a. Kontrakarrean ari ziren, eta neurketaren hasiera ez zihoan haiek nahi bezala. Deseroso ari zen Mariezkurrena II.a., bere joa erakutsi ezinik, eta nahi baino gehiagotan pilotari ezkerrez jotzen. Ondorioz, ezin zuen minik egin. Berehala iritsi da norgehiagoka lan erdietara, hogei minutuan. Lasok eta Iztuetak zazpi tantoren aldea zuten orduan: 11-7. 

Hortik aurrera ere nagusi izan dira, eta ordu arteko alde handiena lortu dute: 15-4. Iztuetak ondo jokatu du. Pilotarik zailenak Lasok kendu dizkio, baina sartu behar izan duenean ondo egin du. Lasai zirudien, nahiz eta hasi aurretik aitortu duen urduri zegoela. Olatu gainean ari ziren, eta 18. tantora iritsi dira. 11 tanto egin dituzte segidan azkenerako. Lehen etenalditik bigarrenera, hamar minuturen tartea baino ez da egon, eta berrehun pilotakada bakarrik, oso gutxi binakako partida baterako. Amorratuta eta ezinean ari ziren galtzaileak, eta horren erakusgarri, Larrazabalek adoretu du Mariezkurrena II.a. Hamar tanto izan ditu galduak Berriozarko atzelariak.

Partida ebatzita zegoen, baino azken txanpa horretan zertxobait aldatu da. Tantoak luzeagoak izan dira, eta Mariezkurrena II.ak, ordu arte bezala, bizkarra erakutsi ahal izan dio Iztuetari. Hala, lau tanto egin ahal izan dituzte segidan: 18-8. Baina ordurako berandu zen. Emaitza apur bat txukuntzeko balio izan die. Azken tantoa partida osoaren isla izan da. Pilota motz geratu zaio Mariezkurrena II.ari, eta Lasok ondo baliatu du txokoan tantoa egiteko.

Gogorragoa izan da Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko neurketa. Altuna III.a burumakur atera zen azken aldiz handik, lau eta erdiko txapelketatik kanpo geratu baitzen. Gaur, ordea, ohikoa duen bidetik aritu da. Hasieratik nagusitu da aurreko koadroetan, eta, berehala, alde handi samarra lortu dute hark eta Arangurenek: 11-3. Altuna III.ak tanto ikusgarriak egin ditu. Bazirudien erraz irabaziko zutela. Baina Peio Etxeberriak eta Martijak ez dute amore eman, eta hortik aurrera ondo jokatu dute. Tantoak gogortu egin dira, eta Peio Etxeberriak asmatu egin du aurrean.

Hala, 12-7 gerturatu dira. Bazirudien horrek neurketaren norabidea aldatuko zuela. Baina ez da horrela izan. Altuna III.ak zuloak eta angeluak topatzen jarraitu du, eta Arangurenek ondo lagundu dio, ohi duen bezala eraginkor jokatuz. Peio Etxeberria eta Martija ahalegindu dira berriro ere aldea txikitzen, eta, beste sei tanto egin dituzten arren, urruti geratu dira. 

Bihar jokatuko da lehen jardunaldiko azken neurketa, Basauriko pilotalekuan (Bizkaia). Erik Jakak eta Ander Imazek Jon Ander Peñaren eta Jon Ander Albisuren kontra neurtuko dituzte indarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.