Amaitu da Binakako Txapelketako lehen fasea. Gaur jokatu da hamalaugarren jardunaldiko azken partida Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan, jokoan ezer ez zuten bi bikoteren artean: finalaurrekoetako ligaxkarako txartela poltsikoan zuten jada Lasok eta Eskirozek, eta kanporatuta zeuden, berriz, Ezkurdia eta Martija.
Dena den, partida lehiatua jokatu dute. Lehen tantoetan bikain jokatu du Martijak, eta ez dio jokoan sartzen utzi Lasori. Izandako aukerak baliatu ditu Ezkurdiak ere. Hori izan da dinamika, eta 6-16 aurreratu dira urdinak.
Ondoren, nekearen ondorioz edo, ez dizkio horrenbeste pilota kendu Martijak Lasori. Joera erabat aldatu da: jokoan asko sartu da buruz buruko txapelduna, eta hori izan da markagailua iraultzeko gakoa. Azkenean, 22-20.
Horri esker, sailkapen nagusian laugarren amaitu du berez Lasok eta Imazek osatzen duten bikoteak, zazpi punturekin. Ez dago argi Ander Imaz datorren asteko partidara helduko den edo ez. Zazpigarren amaitu dute, berriz, Ezkurdiak eta Martijak.
Ikusi gehiago:Goi mailan esango du agur